Babcock & Wilcox herria
Babcock & Wilcox herria Portugaleteko eraikin-multzoa da, Errepelega auzoan dagoena.
Babcock & Wilcox herria | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Portugalete |
Koordenatuak | 43°18′52″N 3°00′53″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1951 - 1960 |
Eraikuntza | XX. mendea |
Arkitektura | |
Ondarea | |
EJren ondarea | 167 |
2010eko martxoaren 29an, Villanueva eta El Progreso etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboen etxebizitza taldeekin batera, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Deskribapena
Babcock & Wilcox herria, Villanueva eta El Progreso auzoak baino geroagokoa da. 289 etxebizitza ditu, Babcock & Wilcox enpresaren enkargupean eta Viviendas de Vizcayaren diru-laguntzarekin egin zirenak. Pascual Perea eta Luis Pueyo arkitektoek diseinatu proiektua bi fasetan garatu zen: 1951n 108 etxebizitza egiten hasi ziren, eta 1960an gainerako 181ak. Horretarako, orube handia erosi zuten, 6 hektarea ingurukoa, oinplano hirukia eta ipar-mendebalderako malda handia zuena.
Babcock & Wilcox dentsitate baxuko herria da. Bata besteari atxikitako bi alturako bloke txikiek osatzen dute, zeinek etxaurre ordenatua eta kaleekiko lerrokatua osatzen baitute. Auzoaren barruko aldea egituraturik dago kale zabalez osaturiko sarearen bidez: Tubos eta Forja kaleak bi ardatz zuzen eta elkarrekiko perpendikular dira, eta barruko plaza osatzen dute; Fundición eta Maquinaria kaleak, aldiz, kale okerrak dira, lur-eremuko topografiari egokitzen zaizkionak. Aipatutako sareak oinplano irregularreko sei lursail handitan banatzen du orubea. Etxebizitza-blokeak lursail horien perimetroan kokatzen dira. Horrela, blokeen atzeko aldean lur-eremu zabala geratzen da, banakako baratzeetan banatu dena, non familia bakoitzak lanabesak eta animaliak izan ditzakeen.
Urbanistikoki, espazio handia eta lorategidun zona handiak izateaz gainera, baditu, baita ere, orubearen topografia okerrera egokitutako hainbat irtenbide interesgarri eta hizpide dugun esparrua berezi bihurtzen duten hainbat esparru komun: plazak daude kale bat bestearekin elkartzen den gunean, arkupeak, eraikinen azpitik igarotzen diren kaleak, harrizko harmailadiak, lorategi txikiak eta atzeraemangune zehatzak blokeen lerrokadetan.
Etxebizitzen tipologiari dagokionez, bi eredu erabili dira nagusiki, horien gain bertsioak eta egokitzapen txikiak egin direlarik:
- Etxebizitzen lehendabiziko mota, eta ugariena, errenkadan kokaturiko blokeek osatzen dute. Bloke horiek oinplano laukizuzena dute eta beheko solairua, lehen solairua eta lau isurialdeko teilatua. Blokean bi etxebizitza daude plantako. Etxebizitzara sartzeko kanpoko eskailerak daude, zeinak, bloke baten eta haren ondokoaren arteko esparruan egonik, bloke bat bestearekin lotzen duten. Arku beheratudun ateburuak zedarriztatzen du blokeen arteko muga, eta kanpoko aldeko eskailerarako nahiz atzeko aldeko baratzetarako sarbidea du seinalatzen. Etxebizitza horien barruko egiturari dagokionez, lekua gehien-gehienean aprobetxatzeko moduan egin dira: sukalde-egongela handia du, elkarren kontrako etxaurreetara begira dagoena. Hiru logelak sukalde-egongelatik banaleku txiki batek bereizirik daude. Egitura hori oinarri harturik, beste aldaera batzuk diseinatu ziren, logela bat gehiago edo gutxiago zutenak. Sukaldea eta komuna elkarren ondoan daudenez, zorrotenak eta aireberritzeko patioak partekatzen dituzte eta, ur-beroaren hodiak motzagoak direnez, energia aurrezteko aukera ematen dute. Zenbait elementuk -hala sarrerako armairuak nola arropa garbitu berriak esekitzeko lekuak- bilakatu zuten hizpide dugun diseinua bere garaiko aurreratuenetako batean. Etxebizitza horien kanpoko aldean, lanabesak gordetzeko gelatxoa dago.
- Etxebizitzen bigarren mota osatzen dute bi familientzako bi altuerako blokeek. Hizpide dugun etxebizitzen mota gorakakoa bada ere -goiko solairuan hiru logela eta arropak gordetzeko bi armairu ditu eta barneko eskailera etxebizitza bakoitzaren barruan- lehendabiziko etxebizitza motako banaketaren parametro berberei jarraitzen die. Etxebizitza bakoitzak bere ataria du etxe barrura sartzeko.
Bloke horien guztien kanpoko itxura sendoa eta xaloa da. Etxaurre zuriberrituetan bao burudunak daude, ordenan, bata bestearen ondoan. Etxaurreek harrizko oinaldea dute, gris koloreko entokadura beheko solairuan, inposta horizontala lehen solairuko baoen mailara eta, azkenik, krema koloreko entokadura goiko solairuan. Egun, kolore horien lekuan arrosa kolorearen tonalitate berriak jartzen ari dira.
Azkenik, azpimarratu beharra dago auzoan hainbat zerbitzu kolektibo jarri zirela: saltokiak, ikastetxeak, eliza, errepideak, espaloiak, lorategidun eremuak, eta abar. Egitura horiek guztiek herri itxura eman zioten auzuneari.
Ramon y Cajal etorbidean, Repelega ikastetxe publikoa dago egun. Kasu horretan, herria diseinatu zuten arkitektoek funtzionaltasun irizpide berberei eutsi zieten Babcock & Wilcox ikastetxea eta La Divina Pastora kapera eraikin berean biltzeko. Mintzagai dugun eraikinaren egitura hormigoi nahiz adreiluzkoa da eta leiho handiak ditu. Hasierako eraikinaren beheko solairua arkupeduna zen eta zabalik zegoen.
Bestetik, Antonio Trueba ikastetxea legoke. Herriaren beheko aldean dago, Abatxolo kalearekin lerrokatuta. Juan María de Uribe Guimón arkitektoak, forma eta lerro zuzenen garbitasuna oinarri, diseinatu zuen eraikin arrazionalista hori. 1933 eta 1935 urteen artean eraiki zen, Babcock & Wilcox herriaren aurretik, Repelegako herritarren hezkuntza-beharrak asetzeko asmoz, populazioa gaztetu egin baitzen Villanueva eta El Progresoko etxe merkeen taldeen eraginez. Juan Maria Amestik berritu zuen jatorrizko proiektua 1968. urtean, zonako hezkuntza-beharrek gora egin zutela ikusirik. Eraikina berritzeko, hirugarren altuera eta terraza eraitsi ziren, horien lekuan beste bi solairu eta lau isuriko teilatua egin zirelarik. Nahiz eta obra horrek desitxuratu hasierako proiektuaren proportzioak eta terrazadun teilatua, eraikinak gorde ditu eraikin arrazionalista zainduaren itxura eta elementuak. Nolanahi ere, argi eta garbi bereiz daitezke eraikinaren jatorrizko parteak eta erreformaren ondotiko bi solairu berriak. Hauek dira hizpide dugun eraikinaren ezaugarri nagusiak: osaera simetrikoa; eskailera angeluarren bi gorputz bertikalak eta horma-arteko leiho errenkada horizontalak; eta krema nahiz arrosa koloreko paramentu leun entokatuen eta ageriko adreiluko azaleren konbinazioa.
Iruditegia
- Tubos kalea.
- Forja kaleko eskailerak.
- Forja kalea.
Ikus gainera
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |