Ba Jin
Ba Jin (jaiotza-izena: Li Yaotang ; Chengdu, 1904ko azaroaren 25a - Shanghai, 2005eko urriaren 17a) Txinako idazlea izan zen.
Ikasketak Nankinen eta Parisen (1927-1929) egin zituen. Txinara itzulirik, Shanghain finkatu zen; han, anarkista zela eta, eragozpenak izan zituen. Hala eta guztiz, idazle- eta itzultzaile-lanetan jarraitu zuen, eta literatura-aldizkari bat eta Kultura eta bizitza liburu-bilduma eman zituen argitara. 1933an Familia eleberria kaleratu zuen; autorearen lan nagusitzat hartua da, eta, familia barneko gatazkaren ikuspegitik, Txina konfuzianistaren arau moral zaharren aurkako bere garaiko belaunaldi gaztearen borrokarekin bat egin zuen haren bidez. Beste zenbait eleberri: Amodioaren trilogia (1936), Udaberria (1938), Udazkena (1940). Maoren garaipenaren ondoren, kargu publikoak izan zituen, harik eta 1959an autokritika egin behar izan zuen arte. 1977. urtean ontzat eman zuten berriz. Ba Jinen beste eleberri batzuk: Gau hotzak (1946), Heroien artean bizi (1953), Hiru lagun (1962).
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ba Jin |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.