Azkoin
Azkoinak edo dranbalak[1] erdian zulo bat edukitzen duten elementu mekanikoak dira. Zuloek haria dute barruan, eta harian torlojua sartzen da, modu finkoan nahiz mugikorrean. Azkoinek, desmuntagarriak diren elementuen loturak ahalbidetzen dituzte eta normalki torloju bati lotzen zaizkio. Zenbaitetan, azkoinaren azpialdean zirrindola jartzen da, lotura hobetzeko eta tinkoagoa egiteko. Azkoinak guztiz automatikoak diren prozesuen bidez ekoizten dira, kopuru handitan. Torlojuaren eta azkoinaren hariak berdinak izan behar dute, bata bestearen barnean sartu ahal izan dadin. Hau bermatzeko, bien forma eta neurriak araututa daude; herrialdearen arabera arau sistema desberdinak daude.
Azkoinen identifikazioa
Azkoin bat sailkatzeko 4 ezaugarri nagusi daude:
- Aurpegi kopurua. Gehientsuenetan 6 izaten dira (hexagonala) edo 4 (karratua). Oinarrizko forma hauetaz baliatuz, aldaketak egon daitezke modelo askotara iritsi arte. Oso ezaguna den beste azkoin modeloa hegasdun izenekoa da (txirrinda gurpiletan askotan erabilitakoa). Azkoin mota honek bi irtengune ditu, azkoina esku hutsez biratzeko eta estutzeko modukoak.
- Azkoinaren loditasuna.
- Bertan ahokatzen den torlojuaren diametroa. Diametro hau ez da azkoinaren zuloarena, hariaren hondoek osatzen dutena baizik.
- Hari motak torlojuarenarekin bat etorri behar du.
Azkoinak estutzeko giltza finkoak erabili ohi dira, aurpegien arteko neurrira egokitutakoak. Giltza zabalgarriak ere erabil daitezke. Estutze momentu zehatza behar denean, giltza dinamometrikoak erabiltzen dira.
Erreferentziak
- «Azkoin» UZEI Sinonimoen Hiztegia. Donostia.