Azkarraga etxea

Azkarraga etxea Agurainen dagoen hiri-jauregia da.

Azkarraga etxea
Aguraingo herrigune historikoa
Azkarraga etxearen ikuspegia
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAgurain
Koordenatuak42°51′13″N 2°23′24″W
Map
[http://www.euskadi.eus/app/ondarea/eraikita-ondarea/azkarraga-etxea/jauregia/agurain-salvatierra/agurain-salvatierra/arriaga/fichaconsulta/27067

    1999ko uztailaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

    Deskribapena

    Aguraingo hirigune zaharra monumentu multzo dela aldarrikatuta dago, eta oinplanoan betetzen duen lurrak laukizuzenaren itxura dauka, nahiz eta, orubearen taiukera aldapatsura egokitzeko, ertzetan formak oso-osorik zaindu ez. Hirigunearen egitura kale paralelotan oinarritzen da, luzetara jarrita. Ertaroan eraikitako hiribilduetako etxediak luze antzekoak izaten direla kontuan izanda ere, kasu honetan nabariak dira eraikitako sakontasunen arteko diferentziak: horretara, batzuek kainua edo zanga daukate luzetarako ardatzean; etxadiok zedarriztatzeko balio duten kaleetako batera daukate pendiza beste eraikin batzuek; eta badira bi aldeetara ematen duten eraikinak ere.

    Kale Nagusiaren eta Zapatari kalearen artean eratutako etxadi zerrendako ipar ertzean dago Azkarraga etxea. Eraikinaren kokagune den lursaila ez da erregularra, eta etxadiaren ipar aldeko ia erdia hartzen du, eta hegorantz luzatzen da Zapatari kalera ematen duen aldetik. Ipar-ekialdeko ertzean, Azkarraga etxetik hurbil samar, jabetza horrekin zerikusirik ez daukan etxebizitza eraikin bat dago, eta kalte gogorra egiten dio Azkarraga etxearen ikus eremuari.

    Azkarraga etxearen taiukerak agerian uzten du eraikin jarea dela, eta, beraz, eraiki zen garaitik aurrera ez dela bere itzulinguruko lur azaleran ezer eraiki. Ezaugarri hori da, hain zuzen, hirigune zaharreko gainerako eraikinetatik bereizten duena. Hala ere, eraikina kokatuta dagoen lursailaren egungo mugaketa ez dator bat hasieratik eraikinaren menpekoak izan ziren lurrekin. Badirudi eraikinari lotuta dauden eremurik zaharrenak, batetik, mendebaldera dagoen terraza dela, antzinako garaietan kainoa izan zen partearekin bat datorrela ematen baitu, eta bestetik, lorategia, Kale Nagusiko antzinako sailak hartzen ditu eta. Higiezin horri erantsi zaizkion gainerako lurrak, ordea, jabeek gerora eskuratutako aldameneko eraikin sailen ondorioz gehitu zaizkio.

    Fatxada nagusiaren elkarzut dagoen pareta batek zati bitan banatzen du eraikina barrutik. Eta alde bion egitura diferentea denez, argi dago bi aldikada bereizitan eraiki zela XVI. eta XVII. mendeetan. Kanpoko bolumena trinkoa da; oinplanoa, nahiko koadroa; guztira lau altuera maila dauzka (beheko pisua, beste pisu bi, eta ganbara); estalkiak isurialde bi ditu, eta gailurra fatxada nagusiaren paralelo doa. Kanpoko hormak harlanduzkoak dira kale Nagusiko fatxadan, eta gainerako fatxadak harlangaitzez eginak, nahiz eta hutsarteen enkoadreak eta eraikinaren kantoiak harlanduzkoak izan. Hegora eta mendebaldera dauden azken solairuko itxiturak, bistako adreiluz eginak. Perimetroko hormak eta lehen aipatutako zeharkako pareta (elkarzut dagoena) dira eraikinaren egituraren euskarriak, tarteko portikoetako habe eta zutabeekin batera, eta estalkiaren egurrezko egiturarekin batera.

    Kale Nagusiko fatxada har daiteke fatxada nagusitzat, bai osorik harlanduz egindako bakarra delako, bai hegalaren ezaugarriengatik, bi ilara harburu zizelkatu dauzkalako, eta, oholezko plafoietatik zintzilik, buruz behera jarritako botila antzeko apaingarriak dauzkalako. Altxaeraren konposizioa horizontalean banatuta dago, hain zuzen bigarren pisuko eta estalkiko solairuen parean kokatutako inpostekin. Lehenengo altuera maila bietan nabaria da egitura trinkoa gailentzen dela, hutsarteen ordez: sarrera nagusia, dobela handiko erdi-puntuko arkua daukan ate batetik, eta leiho txiki bat lehenengo pisuan, besterik ez. Bigarren pisuan lau hutsarte daude, harrizko balkoiekin, tarteko hormataletan armarri bi jarrita, eta fatxadaren erdian leiho txiki bat. Hutsarte horietako batek, kantoian kokatuta dagoenez, eta ate nagusia aldamenera egoteak, halako norabide bat ematen diote altxaerari, eraikinaren eta Santa Maria elizaren artean dagoen gune irekirantz. Estalkipeko pisuan lau hutsarte laukizuzen ikusten dira hegal handiaren azpian.

    Hegoaldeko fatxadak lorategirako irteera bat dauka lehenengo pisuan, eta logia moduan jarritako erdi-puntuko bost arkuko multzo bat goiko pisuan. Mendebaldeko fatxadaren antzera, bistako adreiluz egindako itxiera dauka goiko herenean, hutsarteak tartean dituela. Iparraldera dagoen aldameneko fatxada oso-osorik harlangaitzez egindakoa da, eta trinkotasuna du nagusi; bera da apalena, eta argia eta airea ematen die eraikinaren zerbitzu eta barruko komunikazio guneei.

    Erreferentziak

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Euskal Wikiatlasa
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.