Aziti Bihia
Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen Elkartea 2012ko azaroan sortutako ikerlari gazteen taldea izan zen. Haien ikerketa helburuak hizkuntzalaritza historikoari eta, oro har, euskal filologiari lotuak ziren: euskararen historia, gramatika historikoa, dialektologia diakronikoa... 2015eko martxotik, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle-elkartea ere izan zen.[1]
2024ko martxoan kideek elkartea desegiteko erabakia iragarri zuten sare sozialetan.
Taldearen izena
Elkartearen izena Arnaut Oihenart idazleak jasotako atsotitza da (Euskal atsotitzak eta neurtitzak), eta gaur egungo euskara batuan «hazitik bihia» idatziko litzateke;[2] esanahia «nolako zura, halako ezpala» esaeraren antzekoa da.
Esteve Materraren Doctrina Christiana
Elkartearen ekintzarik ezagunena da Esteve Materrak idatzitako Doctrina Christiana (1617) liburuaren lehenengo edizioaren ale bat aurkitu izana: 2015. urtearen hasieran aurkitu zuten, Danimarkako Errege Liburutegian. Liburu hori lapurtera klasikoaz idatzitako lehenbizikoa izan zen, eta ordu arte lehen argitaraldi hartako ale guztiak galduta zeuden [3]. 2018ko otsailean liburuaren edizio kritikoa argitaratu zuten.[4]
Erreferentziak
- https://sites.google.com/site/azitibihia/
- Arnaut Oihenart: Euskal atsotitzak eta neurtitzak, Euskaltzaindia, Bilbo, 2003. Ikus 83. orrialdea.
- https://docs.google.com/file/d/0B-GpHpXNdipHYmF3ZGd6c2Y5clU/edit
- «Esteve Materraren 'Doctrina Christiana' liburuaren edizio kritikoa aurkeztuko dute UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak - Info» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).