Azalore

Azalorea edo azalilia[1] (Brassica oleracea var. botrytis) Brassica oleracea espezietik eratorritako barazkietako bat da. Landare urterokoa da, hazien bidez ugaltzen dena. Normalean burua jaten da soilik, eta zurtoina eta hostoak salda egiteko erabiltzen dira edo bota egiten dira. Euskal Herrian azalorea uretan edo lurrunetan egosita jaten da normalean, baina gordinik edo maneatuta ere jan daiteke.

Azalore
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaBrassicales
FamiliaBrassicaceae
GeneroaBrassica
EspezieaBrassica oleracea
Barietatea Brassica oleracea var. botrytis
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakazalore eta caulilini (en) Itzuli

Bere izenak adierazten duen bezala, azalorearen atal jangarria lorea da, zehazkiago infloreszentzia endurtua, espezie honetako beste aldaeretan ez bezala. Multzo berekoak dira aza, bruselaza eta brokolia.

Euskaraz, azalore da hitz hedatuena, baina azalili eta loraza erabili izan dira[2].

Historia

I. mendean, Pliniok "Historia Naturala" lanean sartu zuen cyma deiturikoa landatutako landareen deskribapenen artean: "Ex omnibus brassicae generibus suavissima est cyma"[3] ("Aza barietate guztien artean gustukoena da cyma"). Plinioren deskribapena ziur aski Brassica oleracea landarearen barietate goiztiarraren lore-buru bati buruzkoa da, baina egungo azaloretik hurbil dagoena. Erdi Aroan, azalorearen forma goiztiarra Ziprerekin lotu ziren, XII. eta XIII. mendeko Ibn al-'Awwam eta Ibn al-Baitar arabiar botanistek azalorearen jatorria Zipren zegoela aldarrikatu baitzuten. Aldarrikapen honek Mendebaldeko Europaraino jarraitu zuen, zenbait lekutan "Zipreko aza" izenez ezagutzen baitzen. Gainera, merkataritza zabala zegoen Zipreko azalore haziekin, adibidez Lusignan frantziar agintepean XVI. mende arte.

François Pierre La Varenne-k azaloreak erabili zituen Le cuisinier françois lanean. Frantziara Genoatik eraman ziren XVI. mendean, baina Luis XIV.aren garaira arte ez ziren mahai handietan agertu.

Ezaugarriak

Landarearen zati jangarria buru zuri batek osatzen du, hosto berde lodiz inguratua, jangarriak diren arren baztertu ohi direnak. Buruak orban marroikarak, infloreszentzia bananduak edo zati bigunak baditu, zaharra dagoela esan nahi du. Burua lore-meristemo hipertrofiatua eta mamitsua da. 30 cm-ko diametroa izan dezake eta 2 kg baino gehiago pisatu. Nahiz eta ohikoena buru zuria izan, landatutako barietatearen arabera horia, berdea edo morea[4] ere izan daiteke. Zapore suabea du eta, batzuetan, apur bat gozoa.

Bere osagai nagusia ura da eta kaloria gutxiko elikagaia da, karbono hidrato, proteina eta koipe gutxi baititu. Hala ere, zuntz dietetikoaren, C bitaminaren, B6 bitaminaren, azido folikoaren eta B5 bitaminaren iturri ona da, baita B taldeko beste bitamina batzuen kantitate txikiak ere (B1, B2 eta B3 kasu) eta mineralak (potasioa eta fosforoa batez ere).

Propietate diuretikoak ditu, ur eta potasio asko duelako eta sodio gutxi. Barazki hau kontsumitzeak organismoko gehiegizko likidoak desagerrarazten laguntzen du, eta onuragarria da hipertentsioa, hidropesia (likido debekua) eta oliguria (gernu ekoizpen txikia) gertatuz gero. Gernu-ekoizpena handitzeak, likidoez gain, bertan disolbatutako hondakin-substantziak (azido urikoa, urea etab.) desagerraraztea ahalbidetzen du. Horregatik, hiperurizemia eta hezueria dutenei eta giltzurrun-kalkuluak egiteko joera dutenei ere gomendatzen zaie.

Azalorearen alde txarretako bat sabel-haizea eragiten dituela da. Osasunerako onura ugari dituen arren, kontuan hartu behar da pertsona jakin batzuentzat nahi gabeko ondorioak dituela. Zuntza eta sufre-konposatu ugariak dira digestio-zailtasunaren eta sabel-haizeen eragileak. Hala ere, azalorea gainerako azak baino hobeto digeritzen da, eta, beraz, haren kontsumoak ez du zertan mugatuta egon gastritisa, ultzera edo digestio zailak bezalako digestio-nahasmenduak dituzten pertsonen kasuan. Gainera, arinagoa da kuminoarekin edo mihiluarekin egosten bada. Lagungarri ere izan daiteke anis berdea edo mendabeltza duen kamamila infusioa hartzea azalorea jan ondoren.

Ekoizpena

Txina eta India dira gaur egun azalore ekoizle nagusiak.

2020ko azalore ekoizpena
# Herrialdea Milioka tonak
1  Txina 9.5
2  India 8.8
3 Ameriketako Estatu Batuak Estatu Batuak 1.3
4  Espainia 0.7
5  Mexiko 0.7
6  Italia 0.4


Erabilera

Hainbat modutan prestatu daiteke: lurrunean, errea, frijitua, erregosia, egosia edo gainerrea. Beste plater batzuekin batera zerbitzatu daiteke, hala nola lekaleekin edo arrozarekin, edo oinarrizko osagai gisa barazki menestra osasungarri batean. Arrain batzuen lagungarri gisa ere erabil daiteke, bakailaoarekin adibidez, edo tortilla baten osagai ere izan daiteke.

Elementu fitokimiko asko dituenez, horietako batzuen artean sufre-konposatuek, batez ere dimetilsulfuroak eta trimetilsulfuroak, usain sarkorra dario egosterakoan[5].

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. «Bilaketa orokorra» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-23).
  2. Euskaltzaindia. Orotariko Euskal Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  3. (Latinez) Plinio Zaharra. (1841). Historiae Naturalis Libri XX. Weise., 249 or..
  4. Jakoba Errekondo. «Azalorea» Bizi baratzea (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  5. (Gaztelaniaz) «Coliflor» Eroski Consumer (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).

Kanpo estekak

  • Jakoba Errekondo. «Azalorea» Bizi baratzea (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.