Azala taldea
Azala taldea Herri musika berreskuratzeko lanetik abiatuta, ibilbide propioa garatu zuen Azala taldeak 80ko hamarkadan. Lau disko grabatu zituen zortzi urteko ibilbidean, eta sekula arrakasta masiborik lortu ez bazuen ere, haren musika ezaguna gertatu zen, batez ere Gipuzkoa aldean, zuzenean egindako emanaldi ugariak direla medio.
Azala | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Gipuzkoa |
Musika mota | folk |
Urteak | 1983 - 1989 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | IZ, Elkar |
Taldekideak | |
Juan Mari Beltran Marta Cocho<br /Juan Mari Egaña Asier Carrasco Koro Andonegi Joxe Leon Kazabon Tomas Diaz Iñaki Malbadi Ana AlonsoAna Martin Somokurzio Ramon Dorronsoro Ion Arrizabalaga Jon Bergaretxe Ion Arriola Eduardo Salvador Begoña Bergaretxe |
Taldea
Beste hainbat musika egitasmotan saiatu ondoren (Sustraia...), Juan Mari Beltranek Marta Cocho, Juan Mari Egaña eta Karlos Garaialdekin batera Azalaren sorburua izango zen zortzi laguneko taldea bildu zuen 80ko hamarkadaren hasieran. Hainbat gorabehera eta taldekide aldaketa zirela medio, azkenean sei lagunek osatu zuten taldearen lehen formazio ofiziala: Juan Mari Beltran (txistua, alboka, txirula...), Marta Cocho (flauta), Juan Mari Egaña ( bombardinoa, panderoa, triskitiñak, atabala, eta panderoa )Asier Carrasco (biolina, eta ahotsa), Koro Andonegi (eskusoinua) eta Ana Martin (gitarra eta ahotsa). Formazio horrek kaleratu zuen taldearen lehen diskoa, Azala (IZ, 1983).
Herri kantu eta doinuz osatutako diskoa da, berreskuratze lanetan oinarritua. Hain zuzen ere, berreskuratze lanaren eta herri musikaren ikuspegiaren inguruko iritzi kontrajarriak zirela eta, Beltranek taldea utzi zuen handik gutxira eta Txanbela osatu. Joxe Leon Kazabon (gitarra) sartu zen Azalan, eta handik aurrera taldearen zutabeetako bat bilakatu zen. Harekin batera Iñaki Malbadi (trikitia), Ramon Dorronsoro (panderoa), Ion Arrizabalaga (atabala) eta Tomas Diez (dultzaina) sartu ziren. Zortzikote horrek grabatu zuen bigarren diskoa, Marrutxipi (Elkar, 1985), guztiz instrumentala. Berrikuntza gisara, disko horretan taldekideen hainbat konposizio grabatu zuten, nahiz eta doinu tradizionalak izan diskoaren zutabe nagusia.
Trikitiak ohikoak ez zituen soinu tresnekin (gitarra, flauta...) uztartzea izan zen taldearen ekarpen nagusia. Diskoz disko partaideetan hainbat gorabehera egon bazen ere, Koro Andonegik, Asier Carrascok eta Joxe Leon Kazabonek osatzen zuten taldearen bihotza. Azalaren bilakaeraren seinale, ukitu zeltak topa daitezke taldearen diskorik arrakastatsuenean: Zaldiko maldiko (Elkar, 1987). Musika instrumentala, hala eta guztiz ere, apustu zaila izan da beti. Zaldiko maldiko grabatzeko, geroago bakarka ere diskoa kaleratu zuen Jon Bergaretxe (gitarrak), Ana Alonso (flautak) eta Pagadi (trikitia) bildu ziren taldera. Herriz herri kantaldiak ematen aritu ondoren, plazak alde batera uztea erabaki zuten 1987. urtearen erdialdean.
Egoera horretan kaleratu zuten laugarren eta azken diskoa, Marigaizto (Elkar, 1989). Berrikuntzaz betetako diskoa da. Aurreko bietan ez bezala, Jojo Bordagarai eta Ramuntxo Carrereren ahotsak entzun daitezke hainbat kantutan -gero, ibilbide propioa garatu zuten Jojo eta Ramuntxo izenarekin-. Baita Tapia eta Leturiaren trikiti eta panderoa, eta jazz munduan izen handia zuen Eduardo Salvadorren baxua ere. Gainera, disko horretako kantu gehienak taldekideen konposizioak dira. Dena den, ez ziren garai onak taldearentzat, Kazabonek azaldu zuenez: "Duela urte eta erdi utzi genituen herriz herriko iharduerak, asperturik bait geunden. (...) Folkak etorkizun iluna du; jende gutxi ibiltzen da gure atzetik, eta honen ondorioz etekinak oso urriak dira". Disko horren ondoren, taldea itzali egin zen poliki-poliki, zarata handirik gabe.
Diskografia
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Azala taldea» artikulutik hartua da. Artikulu hark Andoni Tolosa du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.