Auzokoa baserria
Auzokoa Ajangizen (Bizkaian) dagoen baserria da, XVII. mendean eraikia.
Auzokoa baserria | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kostaldeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Ajangiz |
Koordenatuak | 43°18′25″N 2°39′31″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XIX. mendea |
Ondarea | |
EJren ondarea | 15 |
2009ko martxoaren 17an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].
Ezaugarriak
Oinplano angeluzuzena (16 x 22,5 m) duen familia bakarreko baserria da, muino leun baten hegalean kokatua, eta bi solairu eta ganbara ditu. Estalkia hodi-teiladuna da eta bi isuriko zurezko egitura dauka, mendebaldean miru-buztan errematea du, eta gailurra du E-ra begira dagoen fatxadarekin luzetara. Itxiturak harlangaitzezkoak ditu eta harlanduzko eskantzuak. Bao guztiak harlanduzko eskantzuz eginak dira.
Fatxada nagusiak, E, bost ardatz bertikal ditu. Fatxada horretara heltzen da sarbidea eta aurrean, argi zabaleko arku karpanela du, okertu samarra, pilastra sendoek mugatuta. Pilastra horiek eta arkuak fatxadaren hormatik zertxobait -40 cm- ateratzen den eraikuntza-elementua osatzen dute: atariperako sarrera dira.
Beheko solairuan, arkuaren albo banatan, fatxada nagusiak harriz eta burdina-hesiz egindako baoak ditu.
Lehen solairuan, aipatutako fatxada nagusiko ateratako eraikuntza-elementua oinarritzat hartuta, erdiko hiru ardatzetako baoak betetzen duen balkoi korritua dago. Haren alboetan bi balkoi txiki daude, oinarri molduratuaren gainean zertxobait irtenda: gainerako ardatzetako baoen irteerak dira. Hiru balkoiek burdinazko baranda dute, letoizko bolez apaindua.
Sra begira dagoen fatxada sei ardatz bertikaletan antolatuta dago, eta bertan, beheko solairuan, baserriko sukalderako ate bat, burdinazko barrotez babestutako bi bao eta gezileiho bat daude. Lehen solairuak zazpi bao ditu guztira: balkoi kareldun bat eta balkoi irten bat (biak burdinazko barandadunak), gezileiho bat, proportzio bertikaleko hiru leiho eta beste leiho txikiago bat. Fatxada horrek, ganbararen solairuan eta teilatu-hegalpean beste bi bao ditu.
Mendebaldeko fatxadan, atzekoan alegia, beheko solairuak lau gezileiho ditu, barrurako lapranduradunak.
Iparraldeko fatxadan, sei ardatzetan antolatuta, bao hauek daude: beheko solairuan, mendebaldekoko ertzean kortara sartzeko ate handi bat, gezileiho bat eta barraz babestutako hiru leiho; lehen solairuan, ekialdean burdinazko barandadun balkoi kareldun bat, hiru leiho eta bi gezileiho; teilatu-hegalpean beste bi bao txiki.
Eraikinaren egungo egitura, eraikinarekin batera egin zen XIX. mendearen bigarren hamarkadan. Eraikinaren egitura honela eginda dago: perimetroan karga-hormak, barneko zeharkako karga-horma eta harroinen gaineko zutoin-ardatzak. Eraikinak dimentsio ezberdineko zeharkako 5 horma-arte ditu, eta luzetarako hiru horma-arte, erdikoa alboetakoak baino zabalagoa.
Etxebizitzako lehen solairuko forjatuak kanpoko eta barneko karga-hormak ditu euskarri, eta lehen solairurako eskailera erdiko ardatzean garatzen da, korta bereizten duen hormaren kontra ezarritako eskailera-atal bakarrean. Solairu horretatik teilatu-azpira, beste eskailera batetik hel daiteke. Eskailera horrek bi atal ditu eta zurezkoa da.
Teilatuak petralak, gapirioak, enlatatua eta teilak ditu; horrek guztiak perimetro-hormak eta zutabeak ditu euskarri.
Erabilerari dagokionez, eraikinaren bi herenek etxebizitza-erabilera dute: lehen solairuan gelak eta logelak daude, balkoi jarraitura irekitako egongela eta komun bat kortako simaurtegiaren gainean kokatua.
Beste herena atzeko korta eta lastategiari dagokio; eremu hori barneko zeharkako karga- eta suhesi-hormek banatzen dute etxebizitzatik. Horma horrek zenbait bao ditu abereentzako asketarako.
Auzokoa garai batean Ispizua-Auzokoa baserria zegoen orubean kokatutako baserri ederra da (XVII. mendetik datozkigu haren aipamenak). XIX. mendearen bigarren hamarkadan eraiki zen Bizkaiko eredu barrokoari jarraituz, eta eredu neoklasikoko arkudun ataripea du. Eraikinaren kalitatea eta haren dimentsio handiak direla tarteko, eta fatxada nagusia eta etxebizitza-funtzioa direla eta, eraikin horrek eredu berri bat ezarri zuen, baserri tradizionala eta landa-jauregitxoa batzen dituena.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).