Autrigoi

Autrigoiak[1] tribu aurrehistoriko bat izan zen. Antzinako erromatarrek Hispania deitutako lurraldeko iparraldean aurkitu zuten tribuetako bat osatzen zuten, kantabriar eta karistiar tribuen artean kokatuak, gaur egungo Kantabriako ekialdean, Burgosko ipar-ekialdean, Bizkaiko Enkarterrian, Errioxako ipar mendebaldeko mutur batean eta Arabako mendebaldean.

Talde etniko infotaulaAutrigoi

Motatalde etniko historiko

Eremua

Zaila da esatea lurralde haren mugak zehazki zein ziren, alde batetik informazio-iturrien ezagatik eta bestetik tribuen mugak aldatuz joaten zirelako, gerren eta beste hainbat kausen eraginez. Erromatar konkistatzaileen izkribuak dira gure informazio-iturri ia bakarra: k. a. 76an Tito Liviok lehendabizikoz aipatu zuen, Sertorio Hispanian egiten ari zen borrokak azaltzean.[2] Estrabonen Geographican ez dira agertzen (batzuen ustez allotrigi deitzen zituen arren[3]). Beste historialariek, Ponponio Melak edo Plinio Zaharrak, barnealdean kokatzen dituzte, Burgosko iparraldean (Briviesca aldean). 77. urtean, Plinio Zaharrak autrigoien hamar hirien artean Monasterio de Rodilla edo Tritium Autrigonum eta Briviesca edo Virovesca autrigoien hiriburua zerrendatzen zituen. Klaudio Ptolomeok berriz, Asón eta Nerbioi ibaien artean kokatzen zuen[2].

Bere hiri nagusiak honako hauek ziren: Uxama Barca (gaurko Osma); Virovesca (oraingo Briviesca baita ere Viruesca, Virdubesca, Vuruesca Klaudio Ptolomeok deitua edota Virivesca Plinio Zaharrak deitua); Segisamunolum (gaurko Burgosko Cerezo de Río Tirón, Zaragozatik Astorgaraino galtzadan); Tritium Autrigonum (barduliar, karistiar eta autrigoien arteko mugan); eta kosta partean, samaniar autrigoien Portus Ammanus (geroko Flaviobriga erromatarra). Flaviobrigaren - Klaudio Ptolomeoren ustez, autrigoien hiriburua- kokapena ere eztabaidatua izan da, gehienek gaurko Castro Urdiales dela uste dute baina batzuk Bilbo edo Portugalete izan daitekeela esan dute. Arkeologiak Castro Urdialesen alde egiten du.[4] Ondorio gisa esan dezakegu autrigoiek hegoaldean turmodigoak eta beroiak, ekialdean karistiarrak eta conisco kantabriarrak mendebaldean zituela[2].

Jatorria

Zenbait adituen ustez autrigoiak zeltak ziren. Onomastikaren aldetik, Uxama Barca edo -briga atzizkia zuten toponimoak zeltak dira aditu hauen arabera.[5] Gainera, Nerbioi edo Burzako bezalako toponimoek, antroponimoek, aztarna arkeologikoek (tresnak, armak, ontziak, gotorlekuak, hilobiak) teoria berresten dituzte,[6] kastroen kulturaren garaian eskualdean lekukotu eta bertoko biztanleak bereganatu zituztenak.

Beste hainbat adituak ordea autrigoiak barduliar, beroi eta karistiar bezala aitzineuskaraz mintzo zirela uste dute, eta hori bai, beste tribu euskaldunak antzera populazio indoeuroparren eragina izan zutela. Honen aldeko froga nagusia autrigoi tribuaren lurraldeko euskal toponimia trinkoa dago, eta antzinako zenbait onomastika, baina baita beste hainbat ezaugarri kulturalak ere[7]. Azken finean, autrigoi eta gainontzeko euskal tribuen "euskalduntasunaren" inguruko eztabaidan zenbait historialariek bultzatutako baskonizazio berantiar delako teoria dago. Teoria honen arabera, Goi Erdi Aroan eta lehenago ere, autrigoiak baskoiek baztertuak edo bereganatuak zirela baina ziur asko herri kideen arteko izen lekualdaketa baino ez zen, lekualdaketaren ondorio nagusia gertuko karistiarren izenaren desagerpena eta autrigoien lurra Bardulia izena hartzea izanda[8].

Historialariek kantabriarrekin, zeltiberiarrekin edo baskoiekin lotura zuten eztabaidatzen dituzte. Lehenengo aburuak ez dauka euskarri handirik, kantabriarren erasoa autrigoi eta turmodigoen kontra Kantabriatarren Gudak hasi zuelako K.a. 29. urtean. Autrigoiak, gertuko tribuak bezala, azaletik erromatartuak ziren, nahiz eta teoria orain dudakoa izan, Flaviobriga Iruña-Veleia edo Oiasso bezalako aztarnategiak miatuta. Nahiz eta batzuen ustez tribua aitzinindoeuroparra izan, gehienek izatez zeltak zirela uste dute: justu Bavaria-Bohemiatik etorritako lehenengo Hallstatt kulturaren hedapenaren zati bat.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  2. Santos, J.; Emborujo, A.; Ortiz de Urbina, E.. «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» UCM.
  3. III. liburua, 3. liburukia, 7. orr. allotrigi greziar hitza erabili zuen, "arrotzak" esan nahi zuena
  4. Fortea Pérez, José Ignacio. (2002). Transiciones: Castro Urdiales y las Cuatro Villas de la Costa de la Mar en la historia. Kantabriako Unibertsitatea, 28-30 or. ISBN 978-84-8102-297-1..
  5. Gran Enciclopedia Aragonesa OnLine. .
  6. Almagro Gorbea, Martín. Etnogénesis del País Vasco: De los antiguos mitos a la investigación actual. in: Euskomedia. Eusko Ikaskuntza.
  7. https://web.archive.org/web/20110611160052/http://www.errenteria.net/es/ficheros/40_2717es.pdf
  8. Gurrutxaga, Ildefonso. Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo. in: Euskomedia. Eusko Ikaskuntza.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.