Australopithecus
Australopithecus edo australopitekoa primate hominidoen genero fosila da, Afrikako hegoaldean bizi izan zena orain dela ia 5 milioi urtetik 2 milioi urtera bitarteko epean.
Australopithecus | |
---|---|
4 Ma-2 Ma | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Primates |
Familia | Hominidae |
Subfamilia | Australopithecinae (en) |
Generoa | Australopithecus Dart, 1925
|
Espezieak | |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Altuera | 1,4 m |
Antropologoen ustez australopitekoak hominido zaharrenak dira, genero honen espezie batetik Homo generoa sortu baitzen Afrikan, duela 2 milioi urte inguru. Homo generoaren aitzindariak dira, baina ezin dira oraindik Homo generotzat hartu.
Morfologia
Garaiera txikikoak eta txaparrak ziren (1,20-1,40 metroko altuera). Haien buruhezurra gizakiarena baino askoz txikiagoa zen (450-600 cm³, gizakiarena 1450 cm³koa izanik), baina txinpantzearena baino handiagoa (300-500 cm³). Beren altuerarako australopitekoek txinpantzeek baino garezur-edukiera askoz handiagoa zuten, gainera. Giza-ezaugarri batzuk zituzten: buru-hezurraren alde frontalaren garapena, gizakiarekin nolabaiteko antza duten hortz-haginak, pongidoen baino alde supra-orbitario txikiagoa, pelbisa zabala (bipedismoa eta zutik ibiltzea errazten duena)... Era berean, pongidoen ezaugarri batzuk gordetzen zituzten: kokotsa iheskorra, garezur-edukiera txikia, muturraren gisa aurrera zihoan aurpegia, masailezur sendo eta indartsua...
Bizimodua
Berebiziko garrantzia duen ezaugarri batean bat etortzen zen Australophitecus Homo generoarekin: bipedismoan, hots, zutik ibiltzeko gaitasunean. Pongidoen aldean, aldaketa anatomiko batzuk zituen Australophitecus generokoek, bipedismoa errazten zutenak: pelbisa motzago eta zabalagoa, hanketako femurra estu eta luzea, zulo okzipitala buru-hezurraren behealdean kokatuta egotea, etab. Bipedismoak eskuak libre izatea ekarri zuen, hauek ez baitziren lurrean jarri behar ibiltzeko. Horri esker, hainbat trebetasun garatu zituzten: esaterako, harriak eta hezurrak lantzen zituzten, sua egiteko gai ez baziren ere.
Australopitekoak orojaleak ziren eta Afrikako hegoaldeko lautadetan bizi ziren, uretatik gertu.
Eboluzioa
Afrikako ekialdean oihanen gutxitzearekin batera klima lehorragoa bilakatu zen, Australopithecus generoko lehen izakiak dieta berritzera eraman zituen gertakaria[1][2]. Generoa duela 4 milioi urte inguru garatu zen Afrika ekialdean, kontinente osoan zabaldu eta duela 2 milioi urte desagertu baino lehen. Aldi horretan hainbat australopiteko mota egon ziren, hala nola Australopithecus anamensis, Au. afarensis, Au. sediba eta Au. africanus. Australopithecina azpileinuaren barruan beste genero bat ere sortu zen, Homo generoaren aurrekoa ez dena, Paranthropus izenekoa. Hauek barail eta hortz oso handiak zituzten. Tradizioz esan da oskoldun fruituak eta elementu gogorrak prozesatzen zuen dieta baten ondorio zela[3], baina baliteke izatea nutriente oso gutxiko belar kopuru handiak jateko egokitzapena izatea[4]. Egile batzuek genero hau Australopithecusen barruan sartzen dute; hala denean, australopiteko sendo eta australopiteko lirain bereizketa egiten da. Kenyanthropus generoa leinu berberekoa dela ere uste da.
- Australopithecus (4–1.8 Ma), Au. anamensis, Au. afarensis, Au. africanus, Au. bahrelghazali, Au. garhi eta Au. sediba espezieekin.;
- Kenyanthropus (3–2.7 Ma), K. platyops espeziearekin;
- Paranthropus (3–1.2 Ma), P. aethiopicus, P. boisei, and P. robustus espezieekin.
Proposatutako espezie berri bat, Australopithecus deyiremeda, Au. afarensis espeziearen garai berean aurkitu zen. Au. deyiremeda espezie berri bat den edo Au. afarensis den eztabaidatzen da[5]. Australopithecus prometheus, Oin Txiki bezala ere ezaguna, duela gutxi datatu da 3,67 milioi urtetan datazio teknika berri baten bidez, eta, horren ondorioz, Australopithecus generoa bezain zaharra[6]. Oin Txikiren hatz lodi kontrajarria ikusita, badirudi eskalatzaile ona zela. Uste denez, eskualdeko gaueko harrapariak ikusita, plataforma bat eraikitzen zuten gauez zuhaitzetan habiak egiteko, txinpantze eta gorilen antzera[7].
Sailkapena
Genero honen barruan zazpi espezie ezberdin aurki ditzakegu:
- Australopithecus anamensis (duela 4,2-3,9 milioi urte)
- Australopithecus afarensis (duela 3,9-2,7 milioi urte)
- Australopithecus bahrelghazali (duela 3,5-3 milioi urte)
- Australopithecus boisei (duela 2,6-1,2 milioi urte)
- Australopithecus africanus (duela 3-2,5 milioi urte)
- Australopithecus robustus (duela 2,2-1,2 milioi urte)
- Australopithecus sediba (duela 2 milioi urte)
Ikerlari batzuen ustez A. boisei eta A. robustus beste hominido genero batean sailkatu behar ziren: Paranthropus generoan.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- (Ingelesez) Bonnefille, R.; Potts, R.; Chalié, F.; Jolly, D.; Peyron, O.. (2004-08-17). «High-resolution vegetation and climate change associated with Pliocene Australopithecus afarensis» Proceedings of the National Academy of Sciences 101 (33): 12125–12129. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 15304655. PMC PMC514445. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
- (Ingelesez) Sponheimer, Matt; Lee-Thorp, Julia A.. (1999-01-15). «Isotopic Evidence for the Diet of an Early Hominid, Australopithecus africanus» Science 283 (5400): 368–370. doi: . ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
- (Ingelesez) Owen-Smith, Norman. «Large mammals shaped the evolution of humans: here’s why it happened in Africa» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
- (Ingelesez) Cerling, Thure E.; Mbua, Emma; Kirera, Francis M.; Manthi, Fredrick Kyalo; Grine, Frederick E.; Leakey, Meave G.; Sponheimer, Matt; Uno, Kevin T.. (2011-06-07). «Diet of Paranthropus boisei in the early Pleistocene of East Africa» Proceedings of the National Academy of Sciences 108 (23): 9337–9341. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 21536914. PMC PMC3111323. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
- «The Human Family Tree Bristles With New Branches - The New York Times | Ghostarchive» ghostarchive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
- (Ingelesez) Crompton, Robin Huw; McClymont, Juliet; Elton, Sarah; Thorpe, Susannah; Sellers, William; Heaton, Jason; Pickering, Travis Rayne; Pataky, Todd et al.. (2021). «StW 573 Australopithecus prometheus: Its Significance for an Australopith Bauplan» Folia Primatologica 92 (5-6): 243–275. doi: . ISSN 0015-5713. PMID 34583353. (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
- (Ingelesez) Senut, Brigitte. (2014-09-01). «When the ancestors were arboreal» Antiquity 88 (341): 921–922. doi: . ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).