Australia

Australia,[1] izen ofiziala Australiako Commonwealth (ingelesez: Commonwealth of Australia), Ozeaniako hego-mendebaldeko estatu burujabea da, Australia uharte-kontinente osoa, Tasmania eta beste uharte txiki batzuk hartzen dituena. 1901. urtean lortu zuen independentzia Britainia Handitik. 7,69 milioi kilometro koadroko eremua du, eta 2018an 25,1 milioi biztanle zituen.[2] Canberra du hiriburua, eta Sydney hiri handiena da.

Australiako Commonwealtha
Commonwealth of Australia
Ereserkia: Advance Australia Fair

Australiako bandera

Australiako armarria
Geografia
HiriburuaCanberra
35°17′35″S 149°7′37″E
Azalera7.692.024 km², 8.148.250 km², 7.659.861 km² eta 410.977 km²
Punturik altuenaMawson Peak (2.745 m)
Punturik sakonenaEyre lakua (−15 m)
KontinenteaOzeania
MugakideakIndonesia, Zeelanda Berria, Papua Ginea Berria, Ekialdeko Timor, Salomon uharteak, Kaledonia Berria eta Vanuatu
Administrazioa
Gobernu-sistemademokrazia ordezkatzaile, monarkia konstituzional eta federazio
Australiako monarkaCharles III.a Erresuma Batukoa
Australiako Lehen MinistroaAnthony Albanese
LegebiltzarraAustraliako Parlamentua
Epai autoritateaHigh Court of Australia (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria26.473.055 (2023)
1.050.267 (2021)
Dentsitatea3,44 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
genero guztiak: 16
Emankortasun-tasa1,74 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak107.065 (2014)
Alfabetizazioa% 99 (2018)
Derrigorrezko eskolaratzea6-17
Bizi-itxaropena82,5 (2016)
Giniren koefizientea32,4 (2020)
Giza garapen indizea0,951 (2021)
Ekonomia
MonetaAustraliar dolar (AU$)
BPG nominala1.323.421.072.479,1 $ (2017)
115.382.056.610,68 (2016)
BPG per capita53.793 $ (2017)
3.856 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa1.214.797.522.669 nazioarteko dolar (2017)
71.190.262.200 (2016)
BPG per capita EAPn49.378,28 nazioarteko dolar (2017)
2.104,019 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala2,5 % (2016)
Erreserbak66.597.718.118 $ (2017)
13.041.932.428 (2016)
Inflazioa2,1 % (2018)
0,2 (2018)
Historia
Sorrera data: 1901eko urtarrilaren 1a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+61
ISO 3166-1 alpha-2AU
ISO 3166-1 alpha-3AUS
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.
240 V. 50 Hz.AS/NZS 3112 (en) Itzuli
Internet domeinua.au
australia.gov.au

Izena

Australia izena latinezko Terra Australis-etik dator, “Hegoaldeko Lurra” esan nahi duena. Antzinako Erroman «Hegoaldeko lurralde ezezaguna» (latinez: terra australis incognita) izeneko kondaira zegoen, eta Erdi Aroko geografoek askotan jartzen zuten horrela deitutako kontinente bat mapetan.

1639an, nederlanderazko Australische hitza erabili zen hegoaldean aurkitutako lur berriak izendatzeko. 1693an erabili zen Australia izena lehen aldiz, Gabriel de Foignyk 1692an idatzitako Les Aventures de Jacques Sadeur dans la Découverte et le Voyage de la Terre Australe frantsesezko eleberria ingelesera itzuli zenean. Alexander Dalrymplek berriro erabili zuen 1771ean, Hego Pazifiko osoaren gainean hitz egitean. 1793, George Shaw eta Sir James Smithek Zoology and Botany of New Holland argitaratu zuten, eta «lurralde zabala, edo hobe kontinentea, Australia, Australasia edo Holanda Berria» idatzi zuten bertan.

1814an, Matthew Flindersek idatzitako A Voyage to Terra Australis liburuak ezagun egin zuen Australia izena. Bera izan zen Australiari bira osoa eman zion lehenbiziko pertsona. Izenburuan Terra Australis ageri bazen ere, liburu osoan Australia hitza erabili zuen. Lachlan Macquarie Hegoaldeko Gales Berriko gobernadoreak izen hori baliatu zuen Ingalaterrara bidali zituen mezuetan. 1817an izen ofizialtzat hartzea gomendatu zuen, eta 1824an onartu zen.

Geografia

Sakontzeko, irakurri: «Australiako geografia»

Mugak

Ozeaniako hego-mendebaldean dago, hego latitudeko 9° eta 44° artean, eta ekialdeko longitudeko 112° eta 154° artean. Australia uhartea, munduko handiena (7.694.208 kilometro koadro), Tasmania (68.332 kilometro koadro), eta kanpoaldeko uharte batzuk hartzen ditu. Mugak hauek dira: Indonesiatik bereizten duen Timorko itsasoa eta Ginea Berritik bereizten duen Arafura itsasoa (Torres itsasartea eta Carpentaria golkoa), iparraldean; Indiako Ozeanoa (Australiako Badia Handia), mendebalde eta hegoaldean; Tasmaniatik bereizten duen Bass itsasartea, hego-ekialdean; eta Ozeano Barea (Zeelanda Berritik bereizten duten Koralaren itsasoa eta Tasmaniako itsasoa), ekialdean.

Erliebea

Australiako topografia

Australia gehiena altitude txikiko goi-ordokia da, batez beste 340 metroko garaiera duena. Herrialdearen ekialdean, itsasertzaren paraleloan, mendilerro batzuk daude, eta sakongune zabal bat erdialdean. Ekialdean izan ezik, zabaldiak daude kostaldeetan. Hauek dira eskualde geografiko nagusiak:[3]

  • Mendebaldeko goi-ordokiak herrialdearen mendebaldeko erdia baino gehiago hartzen du. Batez besteko garaiera 350 metro ingurukoa da, eta zenbait mendigune apal daude barreiaturik lautada zabal horretan: Darling hego-mendebaldean; Hamersley (Meharry mendia, 1.249 metro), Ophthalmia, Barlee, Robinson eta Nicholson mendebaldean; King Leopold, St. George eta Durack iparraldean; eta MacDonnell (Zeil mendia, 1.531 metro), James eta Musgrave (Woodroffe mendia, 1.435) ekialdean. Aipagarria da Uluru (863 metro) hareharrizko egitura erraldoia ere.
  • Erdi-ekialdeko lur behereak, ekialdeko mendilerroen mendebaldeko isurialdea hartzen dutenak, Carpentaria golkotik (iparraldean) Spencer eta Saint Vicent golkoetaraino (hegoaldean). Batez besteko garaiera 150 metro ingurukoa da, eta bertan dago Australiako gunerik beherena, Eyre aintzira (-15 metro).
  • Hegoaldeko lur garaiak, erdi-ekialdeko lur behereen hegoaldean, Eyre eta Yorke penintsulak hartuz. Flinders (St Mary, 1.189 metro) eta Lofty dira mendigune nagusiak.
  • Ekialdeko lur garaiak edo Mendikate Banatzaile Handia. Ekialdeko itsasalde osoa hartzen du, York lurmuturraren penintsulatik (iparraldean) Bass itsasarteraino. Iparraldean 160 kilometro zabal da, eta 400 kilometro zabal erdialdean. Hegoaldeko zatiari, Hegoaldeko Gales Berria estatuan, Australiar Alpeak esaten zaio. Bertan dago Australiako mendirik garaiena: Kosciuszko (2.228 metro).[4] Tasmania Mendikate Banatzaile Handiaren jarraipena da. Uharte malkartsua da, baina gailurrak ez dira oso garaiak; Ossa mendia da altuena (1.617 metro). Ipar-ekialdeko itsasertzetik hurbil dago Koral Hesi Handia, munduko koralezko uharririk handiena.[5]

Hidrografia

Artesiar Arro Handia da barnealdeko Australiako ur gezaren iturri nagusia

Lurreko kontinenterik lauena ez ezik, denetan lehorrena ere da Australia. Sare hidrografikoa eskasa da, eta lur higadura handia. Ibai iraunkor handienak Ekialdeko lur garaietan daude. Garrantzitsuena Murray da, 2.508 kilometroko luzera duena (3.490 kilometro Darling adarrarekin batera). Haren arroak herrialdearen hego-ekialde gehiena hartzen du. Mendikate Banatzaile Handiaren ekialdeko isurialdeko ibaiak laburrak eta malda handikoak dira; Burdekin, Mackenzie eta Snowy dira aipagarrienak. Iparraldeko kostaldean (Mitchell, Flinders, Gregory, McArthur, Roper, Daly, Victoria eta Ord), mendebaldean (Gascoyne, Murchison), eta Tasmanian (Macquarie, Derwent) ere daude ibai iraunkor batzuk. Mendebaldeko eta barnealdeko ibaiak ibilbide luzekoak izan arren, oso emari txikikoak dira, eurite garaian izan ezik; itsasora isuri beharrean, batzuk basamortuan desagertzen dira, eta beste batzuek sakonera txikiko aintzira gaziak eratzen dituzte. Handiena Cooper Creek da, Eyre aintzirara isurtzen dena. Izan ere, Eyre da herrialdeko aintzirarik handiena (9.500 kilometro koadro). Hura bezala, barnealdeko aintzirak gaziak dira. Hego-ekialdean eta Tasmanian ur gezako aintzirak daude.

Ura biltzeak dakartzan arazoak hil ala bizikoak dira Australian: 7.500 putzu artesiar inguru dira gaur egun indarrean. Zentral hidraulikoak Australiar Alpeetan eta Tasmanian egokitu dira nagusiki.

Klima

Klima, oro har, beroa eta guztiz kontinentala da, baina kontraste izugarriak ditu. Kontinente idorra da eta, kokalekua dela eta, Saharakoekin aldera litezkeen ezaugarriak ditu. Iparraldean, eurijasa tropikalak izaten dira udan; hegoaldean, ordea, negu aldean izaten dira euri ugarienak. Hego-mendebaldean (Perth) eta Adelaidan, klima mediterraneoa dute eta, hego-ekialdean eta Tasmanian, ozeanikoa.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Australiako historia»
Aborigenen labar artea, Kimberley

Australiako lehenbiziko biztanleak duela 65.000-70.000 urte iritsi ziren,[6] hego-ekialdeko Asiatik abiaturik. Egungo australiar aborigenen arbasoak ziren.

XVIII. mendean, europarrak bertan kokatu zirelarik, aborigen gehienak ehiztari-biltzaileak ziren. Ahozko kultura zabala zeukaten, lurra gurtzen zuten eta Ametsaren garaian sinesten zuten.

Australiara iritsi zen lehen europarra Willem Janszoon nederlandar itsasturia izan zen, 1606an York lurmuturraren penintsula begiztatu zuena. Ondoko urtean, Luis Váez de Torresek bere izena daraman itsasartea gainditu zuen, eta 16421643 urteetan Abel Tasman nederlandarrak Tasmania uhartea aurkitu zuen. Nederlandarrek Nieuw-Holland (“Holanda Berria”) izena eman zioten Australiari. XVII. mendean mendebaldeko eta iparraldeko kostaldeetako mapak egin bazituzten ere, ez ziren bertan kokatu.

Europarren kolonizazioa 1770ean hasi zen, James Cook lotinantak Sidney Badia Ingalaterrako erregearen izenean hartu zuelarik, New South Wales (“Hegoaldeko Gales Berria”) izena emanda. 1783an Ipar Ameriketako koloniak galdu ondoren, Australian espetxe-kolonia bat ezartzea deliberatu zuen Britainia Handiko gobernuak. Beraz, ontzidi bat bidali zuen bertara, Arthur Phillip kapitainaren agindupean; 1788ko urtarrilaren 26an, Port Jacksonen jarri zuten lehenbiziko kanpamentua. Data horretan ospatzen da gaur egun nazioaren eguna (Australia Day). Tasmaniako lehenbiziko kolonia 1803an ezarri zuten, eta 1828an mendebaldeko Australiaz jabetu ziren. Hegoaldeko Gales Berritik abiaturik, zenbait kolonia fundatu zuten: Hegoaldeko Australia 1836an, Victoria 1851n, eta Queensland 1859an. Hegoaldeko Australia “probintzia askea” izan zen hasieratik, ez zen espetxe-kolonia izan. Hegoaldeko Gales Berriko kolonoen kanpaina luze baten ondoren, presoen iritsiera amaitu zen; azkenak 1848an heldu ziren.[7]

1788an 750.000-1.000.000 aborigen zeuden Australian. Biztanleria hori izugarri murriztu zen hurrengo 150 urteetan, batez ere europarrek eramandako eritasun infekziosoak zirela medio. Kolonoen aurkako borroketan ere milaka zendu ziren. Gobernuak asimilazio politika abiarazi zuen, 1869ko Aboriginal Protection Act izeneko legearen bitartez. Horren ondorioz, herri indigena anitz bortxaz lekualdatuak izan ziren beren bizilekuetatik, eta seme-alabak kendu zizkieten guraso aborigen askori.[8] Tradizionalki erabili dituzten lurren jabetza-eskubidea 1992 arte ez zitzaien onartu herri indigenei.

Australiar soldaduak Lehen Mundu Gerran, Ypres, 1917

1850eko hamarkadan, urre sukarra piztu zen. 1854ko Eureka Stockade izeneko matxinada izan zen australiar abertzaletasunaren lehenbiziko adierazpena. 1855. urtetik aurrera, sei koloniek nolabaiteko autonomia lortu zuten (Australian Colonies Act), eta Australian Commonwealth ekarri zuen konbentzio federal bat osatu zuten, Britainiar Inperioaren barnean. 1901eko urtarrilaren lehenean onartu zuen erakunde hori parlamentu britainiarrak. 1911n eratu zen Australiako Hiriburuaren Lurraldea, eta bertan eraiki zen Canberra, hiriburu federala. Lehen Mundu Gerran, Britainia Handiarekin elkarturik parte hartu zuen; 416.000 australiar soldaduetatik, 60.000 inguru hil eta beste 152.000 zaurituak izan ziren.[9] Australiako eta Zeelanda Berriko Armada Gorputzak Gallipolin pairatu zuen desagigoa aberriaren jaiotzatzat hartzen dute australiar askok.

1931ko Westminsterko Estatutuak Australia eta Britania Handiaren arteko legezko lotura gehienak askatu zituen. Bigarren Mundu Gerran, laguntza handia eskaini zien Australiak Aliatuei. Gerraondoan, gehiengo liberalak oso politika estua bideratu zuen ekonomia mailan, eta europar inmigrazioa babestu zuen. Estatu Batuen alde jokatu zuen Koreako (1950–1953) eta Vietnamgo (1955–1975) gerretan. 1970eko hamarkadatik aurrera, Australia Zuria politika alde batera utzirik, Asiako eta munduko beste tokietako inmigrazioa ongietorria izan zen.

1996an, hamahiru urtez gobernu sozialista izan ondoren, australiarrek koalizio kontserbadoreari eman zioten aginpidea, eta John Howard hautatu zuten lehen ministro. Aldaketa horren bidez, herrialdeak bide berri bati ekin zion barne politikari dagokionez, eta nazioarteko harremanek, aldiz, bere horretan jarraitu zuten. Howardek liberalismo ekonomikoan oinarritutako politika jarri zuen abian. Baina politika hori biztanle behartsuenen kontura eraman zen aurrera, bereziki aborigenen eta Asiako etorkinen bizkar. Howardek inflazioaren eta defizit publikoaren maila nabarmen apaldu zuen, ez langabezia tasa (% 8,6), ordea. 1999an nazioa errepublika bihurtzeari uko egin zioten australiarrek, erreferendumean. 2007ko hauteskundeetan alderdi laboristako Kevin Rudd gailendu zen.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Australia monarkia konstituzional parlamentario eta federala da. Elisabet II.a da estatuburua; Australiako gobernadore nagusia da haren ordezkaria herrialde osoan, eta gobernadoreak nor bere estatuan. Lehen ministroa da gobernuburua, eta hark izendatzen du gobernua. Legebiltzarrak bi ganbera ditu: Senatua (76 kide) eta Ordezkarien Ganbera (150 kide).[10]

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Australiaren banaketa administratiboa»

Australia sei estatu eta bi lurralde nagusitan banaturik dago:

Australiako estatuak eta lurraldeak
Bandera Izena Labur. ISO Mota Hiriburua
(edo hiri nagusia)
Biztanleria[11] Eremua (km²)[12]
Hegoaldeko Gales BerriaNSWAU-NSWEstatuaSydney&0000000007704300.0000007.704.300800.628
QueenslandQldAU-QLDEstatuaBrisbane&0000000004827000.0000004.827.0001.723.936
Hego AustraliaSAAU-SAEstatuaAdelaide&0000000001706500.0000001.706.500978.810
TasmaniaTasAU-TASEstatuaHobart&0000000000518500.000000518.50064.519
VictoriaVicAU-VICEstatuaMelbourne&0000000006039100.0000006.039.100227.010
Mendebaldeko AustraliaWAAU-WAEstatuaPerth&0000000002613700.0000002.613.7002.526.786
Australiako Hiriburuaren LurraldeaACTAU-ACTLurraldeaCanberra&0000000000397397.000000397.3972.280
Ipar LurraldeaNTAU-NTLurraldeaDarwin&0000000000244000.000000244.0001.335.742

Demografia

Biztanleria

2016an 23.401.892 biztanle zituen.[13] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %17,8 dira, 15-24 urte bitartekoak %12,8, 25-54 urte bitartekoak %41,4, 55-64 urte bitartekoak %11,8 eta 65 urtetik gorakoak %16,1. Bizi itxaropena oso garaia da, 82,3 urtekoa; 79,8 urtekoa gizonezkoena eta 84,9 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[10].

Banaketa etnikoa

Australiako biztanleen gehiengoa etorkin europarren ondorengoa da. Lehen Mundu Gerraren ondoren, biztanlegoa laukoiztu egin zen, immigrazio politika handinahi baten ondorioz. Garai batean Erresuma Batuko, Italiako eta Greziako etorkinak izan ziren nagusi (gobernuak kolono zuriak baino ez zituen onartzen 1972ra arte). 2016ko erroldako datuen arabera, biztanleen %26 etorkinak dira; Ingalaterra (% 14,7), Zeelanda Berria (% 8,4), Txina (% 8,3), India (% 7,4), Filipinak (% 3,8), Vietnam (% 3,6), Italia (% 2,8), Hego Afrika (%2,6), Malasia (% 2,2) eta Eskozia (% 1,9) dira jatorririk ohikoenak.[14]

2016an 649.171 aborigen bizi ziren Australian, alegia biztanleriaren %2,8.[15] 1985ean, Australiako Gobernuak hainbat lege proposamen egin zituen aborigenei emateko parke nazionalen gaineko titulartasuna, baita Erresuma Batuko Koroak hartu gabeko lurraldeen eta aborigenen antzinako erreserben gainekoa ere. 1988an Nazio Batuek argitaratutako txosten batean, Australiak aborigenei zegokienez nazioarteko giza eskubideak urratzen zituela salatu zen. 1993an, gobernuak Aborigenen Lurralde Eskubideen legea aldarrikatu zuen, eta epaitegi federal bat antolatu zuen lurralde tituluen baliotasuna aztertzeko. Mendebaldeko Australiak ez zuen onartu, lurralde horretan meatzaritzari loturiko interes asko baitaude eta aborigenen jabetza eskakizunek lurraldearen %40 hartuko bailukete. 1995ean, Aborigenen Lurralde Eskubideen legea baliozkoa zela eta Mendebaldeko Australiaren jarrera konstituzioaren kontrakoa zela adierazi zuen epaitegiak. Edonola ere, gizarte desberdintasunak eta indigenen gutxiagotasuna (bizi itxaropen apalagoa, hezkuntza maila kaskarragoa, hizkuntza askoren desagertzea…) artean konpondu gabeko arazo politikoa da Australian.

Euskal diasporak presentzia dauka herrialde honetan, hiru euskal etxeren bitartez nagusiki: Ipar Queensland, Melbourne eta Sydneyn.

Hizkuntzak

Hizkuntza aborigen batean mintzo den biztanleriaren ehunekoa

Ingelesa da hizkuntza nazionala. Australiako ingelesa da aldaera nagusia, eta doinu eta hiztegi bereziak ditu; Australiako ingelesaren zenbait hitz ingelesaren beste aldaeretara igaro dira. Australiako ingelesean ez daude Britainia Handian edo AEBetan adina barne aldaera (tokian tokiko ahoskera edo aldaera lexikalak gorabehera). Gramatika britainiar ingelesean dago oinarrituta hein handian. 2001eko erroldan jaso zenez, biztanleen % 80k ingelesa beste hizkuntzarik ez du etxean. Hurrengo etxeko hizkuntza mintzatuenak txinera (% 2,1), italiera (% 1,9) eta greziera (% 1,4) dira. Lehen eta bigarren belaunaldiko etorkin andana elebidunak dira.

Europarrak iritsi orduko, kalkulatzen da 200 eta 300 hizkuntza bitarte zituztela Australiako aborigenek. Gaur egun arte 70 besterik ez dira iritsi, eta gehienak jende zaharrak baino ez ditu erabiltzen. Izan ere, 18 hizkuntza aborigenek baino ez dute adina guztietako hiztunek. Hizkuntza aborigen batean 50.000 bat lagun mintzo dira (% 0,25).

Erlijioa

Ez dago estatu erlijiorik Australian. 2016ko erroldaren arabera, biztanleen % 54,6k kristautzat zeukan bere burua. Izan ere, Australiarren % 22,6 katolikoa zen, eta % 13,3 anglikanoa. Erlijiorik gabekoen sailean —horren barruan humanismoa, ateismoa, agnostizismoa eta arrazionalismoa zeudela— ziren biztanleen % 30, eta gehien hazi zen taldea izan zen. Errolda beraren arabera, Islama da Australiako bigarren erlijioa (% 2,6), eta haren atzetik datoz budismoa (% 2,4) eta hinduismoa (% 1,9). Guztira australiarren % 8k du kristaua ez den beste erlijio bat (% 9,1ek uko egin zuen erantzuteari).[16] 2004an 1,5 milioi lagun joaten ziren astero mezatara, hots, populazioaren % 7,5.

Ekonomia

Sakontzeko, irakurri: «Australiako ekonomia»
Super Pit urre meatzea, Kalgoorlie, Mendebaldeko Australia

Australiak ekonomia sistema aberatsa du, eta per capita BPG (50.400 dolar 2017an)[10] Mendebaldeko Europako ekonomia nagusien mailakoa du. Baliabide natural aberatsak ditu; nekazaritza gaiak, mineralak, metalak, eta erregai fosilak esportatzen ditu batez ere. Lehengaiek esportazioen % 57 hartzen dute, horregatik merkatuetako prezioen gorabeheren mende dago bertako ekonomia, maila handi batean behintzat. Nekazaritza eta meatzaritza dira Australiako ekonomiaren oinarria; garia, haragia, esnekiak eta artilea esportatzen ditu. Munduko artilearen % 25 Australian lortzen da. Industriak gorakada handia izan du, baina, hala ere, ez da nahikoa herrialdeko bertako beharrak asetzeko. Zerbitzuen sektorea garrantzi handikoa da: 2017an barne produktu gordinaren %71tik gora hartu zuen sektore horrek. Urte horretan langabezia %5,6koa izan zen.[10]

Nekazaritza ez bada ere gaur egun garai batean bezain garrantzitsua, barne produktu gordinari eta enpleguari dagokionez (2017an langileen % 3,6 hartzen zuen), herrialdearen parte handi baten aberastasuna abeltzaintzaren eta nekazaritzaren mendekoa da. Abeltzaintzari dagokionez, larreek lurraldearen % 90 hartzen dute. Australia munduko artile ekoizle eta esportatzaile handiena da.

Australiako mea aberastasunak handiak dira guztiz ere: beruna, zinka, burdina, kobrea, tungstenoa, uranioa, ikatza, lignitoa, urrea eta bauxita ditu. Petrolio ekoizpenak bertako beharren 2/3 asetzen ditu (oraindik ez dira mendebaldeko Australian aurkituriko petrolio hobi handiak ekoizten hasi). Munduko urre produkzioaren % 12 Australian ustiatzen da. Biztanleriaren hazkunde lasterrak, bizi mailaren hobekuntzak eta atzerriko inbertsio ugariek, bideratu eta azkartu dute industrializazioa. 1970. urteaz geroztik, turismoak hazkunde handia izan du, Japoniako merkatuaren hazkundeak eraginda batetik, eta, bestetik, distantzia handiko hegaldien merketzeagatik. 2014–15ean langileen % 5ak turismoaren arloan lan egin zuen.[19]

Kultura

Royal exhibition building, Melbournen.

Literatura

Patrick White, Nobel sariduna, idazle ezagunen artean dugu, Henry Lawson, Banjo Paterson eta Miles Franklinekin batera, besteak beste.

Musika

Musika talde garaikideen artean AC/DC, INXS, Midnight Oil eta Airbourne daude. Abeslari famatuak dira, halaber, Bon Scott, Nick Cave, Kylie Minogue eta Natalie Imbruglia. Musikarien artean, Angus Young gitarrajolea eta David Helfgott pianojoleaditugu, beste hainbaten artean.

Didgeridoo da bertako musika tresna aborigena.

Kirolak

Mundu mailan Australiako Irekia tenis txapelketarik garrantzitsuenen artean dugu. Tenislari ezagunak bestela, Margaret Court, Rodney Laver eta Ken Rosewall.

Golfari dagokionez, Jason Day, Greg Norman eta Peter Thomson

Cricketen, selekzio nazionalak 5 aldiz irabazi du Munduko Kopa, inork inoiz lortu ez duena.

Australiako errugbi selekzioak mundu mailako talde onenen artean dugu eta bi aldiz izan da Munduko txapelduna.

Surf da herrialdean hedatutako beste kirol bat.

Australiar ospetsuak

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Population clock. Australian Bureau of Statistics, Commonwealth of Australia, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  3. Robert Terence Lange, John J. Veevers and Others. Australia. Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com (Noiz kontsultatua: 2019-1-2).
  4. Mendizerra Banatzaile Handia. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2019-1-2).
  5. UNEP World Conservation Monitoring Centre (1980). Protected Areas and World Heritage – Great Barrier Reef World Heritage Area. Department of the Environment and Heritage, sea.unep-wcmc.org (Noiz kontsultatua: 2019-1-4).
  6. Clarkson, Chris; Jacobs, Zenobia; Marwick, Ben; Fullagar, Richard; Wallis, Lynley; Smith, Mike; Roberts, Richard G.; Hayes, Elspeth; Lowe, Kelsey; Carah, Xavier; Florin, S. Anna; McNeil, Jessica; Cox, Delyth; Arnold, Lee J.; Hua, Quan; Huntley, Jillian; Brand, Helen E. A.; Manne, Tiina; Fairbairn, Andrew; Shulmeister, James; Lyle, Lindsey; Salinas, Makiah; Page, Mara; Connell, Kate; Park, Gayoung; Norman, Kasih; Murphy, Tessa; Pardoe, Colin. Human occupation of northern Australia by 65,000 years ago. Nature volume 547, pages 306–310 (20 July 2017) (Noiz kontsultatua: 2016-11-20).
  7. The State of New South Wales - Timeline of History. abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2016-11-21).
  8. The Stolen Generations. australianstogether.org.au (Noiz kontsultatua: 2016-11-26).
  9. Tucker, Spencer. Encyclopedia of World War I. Santa Barbara, California: ABC-CLIO. 273. orrialdea, ISBN 978-1-85109-420-2. (Noiz kontsultatua: 2016-11-26).
  10. Australia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  11. 3101.0 – Australian Demographic Statistics, Mar 2016. Australian Bureau of Statistics (Noiz kontsultatua: 2016-11-1).
  12. Area of Australia – States and Territories. Geoscience Australia: National Location Information (Noiz kontsultatua: 2016-11-2).
  13. 2016 Census QuickStats. Australian Bureau of Statistics, Commonwealth of Australia, quickstats.censusdata.abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2018-10-30).
  14. Cultural diversity in Australia, 2016. Census of Population and Housing: Reflecting Australia - Stories from the Census, 2016, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  15. Aboriginal and Torres Strait Islander population, 2016. Census of Population and Housing: Reflecting Australia - Stories from the Census, 2016, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  16. Religion in Australia. Census of Population and Housing: Reflecting Australia - Stories from the Census, 2016. Australian Bureau of Statistics, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2018-11-19).
  17. 3218.0 – Regional Population Growth, Australia, 2016. Australian Bureau of Statistics, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2018-11-18).
  18. What's driving population growth in Australia's cities?. Australian Bureau of Statistics, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2018-11-18).
  19. Tourism Satellite Account 2014–15:Key Figures. Australian Bureau of Statistics, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2019-1-5).

Kanpo estekak

Euskal diaspora

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.