Aurora Picornell
Aurora Picornell Femenías (Palma Mallorcakoa, Balearrak, 1912ko urriaren 1a – Manacor, Balearrak, 1937ko urtarrilaren 5a) balear lider sindikalista eta feminista izan zen, lanbidez jostuna.[1] La Pasionaria mallorquina (Mallorkar Pasionaria) goitizenez ezaguna. Bigarren Errepublikan, Alderdi Komunistako (PCE) buruzagi garrantzitsuenetako bat izan zen Mallorcan, laguntza sozial eta humanitarioan lan egiten zuen, eta argitalpen antifaxista ugari idatzi zituen.[2] 1936ko estatu-kolpearen ondoren, Mallorcan matxinatutako bandoko kideek harrapatu eta torturatu egin zuten.[3][4] Picornell 24 urterekin fusilatu zuten Roges des Molinar izeneko gainontzeko taldekideekin Porreresko hilerrian, 1937ko errege egunaren bezperan.
Aurora Picornell | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Aurora Picornell Femenies |
Jaiotza | Palma Mallorcakoa, 1912ko urriaren 1a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Cementeri de Son Coletes (en) , 1937ko urtarrilaren 5a (24 urte) |
Heriotza modua | : bala zauria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Heriberto Quiñones González (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta sindikalista |
Kidetza | Nazioarteko Laguntza Gorria Roges des Molinar (en) |
Mugimendua | komunismoa Antifaxismoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Espainiako Alderdi Komunista |
Biografia
1931ko udan, Balearretan «Sastreria Sindikatua eta antzekoak» sortzen parte hartu zuen, eta haren lehendakariordea izan zen zuzendaritza-batzorde paritario batean. Uda horren amaieran, militatzen hasi zen Gazteria Komunistetan, eta, geroago, Espainiako Alderdi Komunistan sartu zen (PCE), Balear Federazioko buruzagi nagusietako bat izatera heldu zen. Herriz herri ibiltzen zen, langileez abusatzen zuten nagusiak salatuz, izen-deiturekin. 16 urterekin, lehen artikulua argitaratu zuen Nuestra palabra (Gure hitza) egunkari komunistan, eta, handik aurrera, artikulu ugari argitaratu zituen garaiko prentsa politiko eta sindikalaren barruan. Garai batean Valentzian bizi izan zen, eta handik Amparo Pinós goitizenarekin idatzi eta bidali zituen artikuluak.[3] Valentzian zegoela, Heriberto Quiñones Internacional Comunistako kidearekin ezkondu zen.[5]1934an Menorca uhartean Alderdi Komunistaren ezarpenean parte hartu zuen eta Nazioarteko Sorospen Gorriaren hedapenean lagundu zuen.
Kartzelaratze eta fusilatzea
1935eko urrian kartzelaratu egin zuten Nuestra Palabra aldizkaria (Espainiako Alderdi Komunistaren Balear Federazioko Organoa azpititulua zuena) manifestu subertsibo batekin banatzeagatik; argitalpen horrek berak, hil horretako 31n, Auroraren artikulu bat jaso zuen, Desde la cárcel de Palma (Palmako kartzelatik) izenburua zuena, kartzelan zeuden emakumeen egoera eta beren bizi-baldintzak salatuz.[2]
Espainiako Gerra Zibila hastean, Mallorca matxinatuen eskuetan erori zen erregimen errepublikanoaren aurka. Aurora atxilotu egin zuten Herriko Etxean eta Mallorcako emakumeen kartzelan sartu. Presoen trukea negoziatzen saiatu ziren, baina Errege egunaren bezperan kartzelatik atera zuten falangistek, eta Montuiriko komentura eraman zuten eta bertan torturatu egin zuten.[3] Gau horretan bertan hil zuten beste lau emakumeren ondoan: Catalina Flaquer Pascua, haren alabak, Antònia Pascual Flaquer eta María Pascual Flaquer, eta Belarmina González Rodríguez. Horiek guztiak Roges des Molinar izenez ezagutzen dira Mallorcan. Haren aita eta bi anaiak ere hil zituzten, errepresioaren biktimak; haren senarra, Heriberto Quiñones, fusilatu egin zuten diktadura frankistan.[5][3] Bere artikulu gehienak Josep Quetglasek jaso zituen Aurora Picornell izeneko liburuan. 1930-1936 artean idatziak.[3]
Hilobia
Hainbat hamarkadatan pentsatu zen Porreresko hilerriaren aurrean hil eta lurperatu zutela. Hala ere, 2022ko urrian egiaztatu zen Picornelli dagokiola 2021eko azaroan —hobi komunak hobitik ateratzeko lanetan—Son Coletes de Manacor hilerriko 3. hobian aurkitutako gorpuzkietako bat, hots, Picornellna zela. Bost tiro-arrasto zituen, hiru buruan. Gainera, exekutatu aurretik bortxatu eta tratu txarra eman ziotela uste da. Ez da baztertzen elkarrekin zeuden beste lau emakumeenak Roges des Molinar taldekideak izatea.[6][7]
Aintzatespenak
- 2017an, falangistek hil zutenetik 80 urte igaro ondoren, aho batez izendatu zuten Mallorcako Alaba Kutun.
- 2018ko martxoaren 6an, Mallorcako Uharteetako Kontseiluaren eraikinean, Aurora Picornellen olio-erretratua aurkezteko ekitaldia egin zen. Sandra de Jaume artistak egin zuen, eta eraikinaren osoko bilkuren aretoan kokatu zuten.[8][9]
- 2019an inauguratu zen Aurora Picornellen busto baten instalazioa, El Molinar auzoan, Palman. Palma de Mallorcako Udalak eta Mallorcako Uharteko Kontseiluak sustatutako "Mallorca tiene nombre de mujer" (Mallorcak emakume izena du) kimenaren barruan kokatutako ekitaldia.[10][11]
- 2022ko urriaren 21ean, Palma de Mallorcako Udaleko alkateak jakinarazi zuen Aurora Picornell, hiriko Alaba Kutun, izendatuko zela. Astebete geroago, Alderdi Popularreko ordezkari Mercedes Celestek esan zuen proposamen horren aurka bozkatuko dutela.[12][13]
- 2022ko urriaren 25ean, Palma de Mallorcako Udalaren osoko bilkuran (botoen% 70), Molinarko Udal Liburutegiari Aurora Picornell Udal Liburutegia izena jartzea onartu zen.[14]
Erreferentziak
- Galvín, Angy. (2019-03-23). «Aurora Picornell, la Pasionaria de Mallorca que el franquismo asesinó por comunista, feminista y republicana» ElDiario.es.
- «Aurora Picornell Femenías | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es.
- Alejandro Torrús. (7 de julio de 2013). «El cruel asesinato de Aurora Picornell, la pasionaria de Mallorca» Diario Público.
- Aurora Picornell. . [con licencia GFDL]
- Aurora Picornell Femenias. .
- «Aurora Picornell, 'la pasionaria de Mallorca', identificada junto a su pluma 85 años después de su fusilamiento» www.publico.es.
- Ballesteros, Esther. (2022-10-20). «Identifican los restos de Aurora Picornell, la Pasionaria de Mallorca» elDiario.es.
- «Aurora Picornell protagoniza el primer retrato de una mujer en el Consell» Ultimahora.es.
- «AURORA PICORNELL by Sandra De Jaume» sandradejaume.com.
- «Se inaugura el busto de Aurora Picornell» www.noticiasmallorca.es.
- histórica, Memoria. «Aurora Picornell, la Pasionaria de Mallorca que el franquismo asesinó por comunista, feminista y republicana» eldiario.es.
- «El Ajuntament de Palma declarará Hija Ilustre a Aurora Picornell» Ultimahora.es.
- «El desmarque del PP impedirá que Aurora Picornell sea Hija Ilustre de Palma» diariodemallorca.es.
- «La biblioteca del Molinar llevará el nombre de Aurora Picornell» diariodemallorca.