Augusto Pinochet
Augusto José Ramón Pinochet Ugarte (Valparaíso, 1915eko azaroaren 25a- Providencia, Santiagoko metropolitar eskualdea, 2006ko abenduaren 10a) militarra izan zen, eta Txileko diktadorea 1973tik 1990era bitartean.
Augusto Pinochet | |||||
---|---|---|---|---|---|
(1974) | |||||
1981eko martxoaren 11 - 1990eko martxoaren 11 ← Txileko Gobernuko Biltzarra - Patricio Aylwin →
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | Augusto José Ramón Pinochet Ugarte | ||||
Jaiotza | Valparaíso, 1915eko azaroaren 25a | ||||
Herrialdea | Txile | ||||
Bizilekua | Valparaíso | ||||
Lehen hizkuntza | gaztelania | ||||
Heriotza | Santiago, 2006ko abenduaren 10a (91 urte) | ||||
Hobiratze lekua | baliorik ez | ||||
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua | ||||
Familia | |||||
Ezkontidea(k) | Lucía Hiriart (1943ko urtarrilaren 29a - 2006ko abenduaren 10a) | ||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||
Leinua | Pinochet family (en) | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | Instituto Rafael Ariztía (en) bigarren hezkuntza Bernardo O'Higgins Military School (en) 1936) alferez Colegio de los Sagrados Corazones de Valparaíso (en) bigarren hezkuntza Txileko Unibertsitatea : zuzenbide | ||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | militarra eta politikaria | ||||
Parte-hartzailea
| |||||
Enplegatzailea(k) | Chilean Army War Academy (en) | ||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||
Kidetza | Txileko Gobernuko Biltzarra | ||||
Zerbitzu militarra | |||||
Adar militarra | Chilean Army (en) | ||||
Gradua | kapitain jeneral | ||||
Parte hartutako gatazkak | 1973ko Txileko estatu kolpea | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijioa | katolizismoa | ||||
Alderdi politikoa | Junta militar | ||||
| |||||
1973an, Txileko armadaren komandante buru egin zuten. Urte horretako irailaren 11n, AEBetako CIA agentziaren laguntzaz, estatu kolpea zuzendu zuen, eta Salvador Allenderen gobernu demokratikoa eraitsi zuen. Hortik aurrera, Pinochetek hartu zuen Txileko gobernua; hasieran, Gobernukoa Junta Militarreko presidente karguan. Gero, aginte betearazlearen jabe egin zen, eta nazioaren buruzagi gorena bihurtu zen. Haren diktadurak 1990eko martxoaren 11 arte iraun zuen, Patricio Aylwin Txileko presidente bilakatu arte.
Pinocheten agintearen pean, herriak errepresio-urte odoltsuak jasan zituen. Rettig izeneko txostenaren arabera, haren erregimenaren 17 urte beltz haietan, 1.151 lagun hil zituzten, eta 979 atxilotu edo desagerrarazi.
Biografia
Pinochet 1915eko azaroaren 25ean jaio zen Valparaíson, Txilen. Aita Augusto Pinochet Vera zen, 1891n Valparaíson jaioa eta, 14 urte zituenean, Williamson Balfourrentzako ari zen lanean; gero, aduana elkarte bateko funtzionarioa izan zen eta suhiltzaile lanetan ere aritu zen. Ama, berriz, Avelina Ugarte Martinez zen, Santiagokoa; 9 urte zituenenetik moja eskolan aritu zen ikasten eta, aita hil eta ama berriz ezkondu zenean, Valparaisora joan zen bizitzera.
Lehenik, Valparaisoko San Rafaelgo Seminarioan ikasi zuen; geroxeago Quillotako Rafael Ariztia Institutuan eta, ondoren, Valparaisoko Colegio de los Sagrados Corazones eskolan; azkenik, Bernardo O' Higgins Libertadorearen eskola militarrean sartu zen. Ez zitzaion erraza izan azken honetan sartzea, bi alditan, behintzat, atzera bota baitzuten. Lehenengoan adin txikikoa izateagatik eta bigarrenean, berria, hainbat baldintza ez zuelako betetzen. Ez zegoen militar tradiziorik bere familian, baina berriro aurkeztu zen postura; 17 urte zituenean, 1933ko martxoaren 11n, hartu zuten azkenean.
1943ko urtarrilaren 30ean, Pinochet Lucía Hiriart Rodríguezekin ezkondu zen, Osvaldo Hiriart Corvalán eta Lucía Rodriguezen alaba; aita abokatu, senadore, politiko erradikala zen eta, 1943an, Barne ministroa izan zen.
Hasiera batean, neskaren aitari ez zitzaion batere gustatu senargaia. Militar bat ez zitzaion nahikoa iruditzen alabarentzako, baina, azkenean, Luciaren iritzia atera zen aurrera. 1943ko urtarrilean ezkondu zen Lucía Hiriart Rodríguezekin eta 5 seme-alaba izango zituzten: Lucía, Jacqueline, Verónica, Augusto eta Marco Antonio.
Destino bat baino gehiago izan zituen: alferez izan zen Concepciónen, subteniente eta teniente Santiagoko San Bernardoko Infanteria Eskolan eta, kapitain egin eta gutxira, Iquiquera bidali zuten.
Ekuadorrera joan behar izan zuen, hango gerra akademia antolatzeko helburuz eta familia eraman zuen berarekin. 3 urte pasa ondoren, Txilera itzuli zen eta Ekuadorrek Abdón Calderón kondekorazioa eman zion.
General egin zuten eta gero komandante. 1970ean, Dibisio general egin zuten.
Kolpearen aurreko urteak
Salvador Allende gobernura ez iristeko xedean, Carlos Prats jarri zuten Txileko Armadaren komandante buru. Pinochet oso ondo eramaten zen honekin. Pratsek soldadu bat zela zion, apolitikoa eta profesionala eta kolaboratzaile estua zen.
1971ko azaroan, Fidel Castro Txilen izan zen 23 egunez. Pinochet izan zen armadaren ordezkaria eta Castroren bisitak CIAren arretak berpiztu zituen, Allenderen gobernua ekonomikoki desegonkortzeko.
1972ko urtarrilean, armadako bigarren buruzagi gorena egin zuten. Gizartea oso polarizatua zegoen eta, Prats legalitate konstituzionalaren aldekoa bazen ere, militar askok ezin zuten Salvador Allenderen gobernua begibistan ikusi. Ekainaren 29an, tanketazoa izan zen: Roberto Souperrek gidatutako 2. erregimenduak altxamendu saiakera egin zuen eta Prats eta bere inguruko generalek lagundu zuten hura itzaltzen: Pickering, Sepúlveda eta Pinochet.
Abuztuaren 21ean, generalen emazteek manifestazioa egin zuten Prats generalaren etxeaurrean eta ofizial batzuk ere izan ziren hartan. Irainak eta harriak bota zizkioten eta Pinochet, Allende eta ministroak iritsi ziren. Abutxeo itzela izan zen orduan. Desilusionatuta erabat, Pratsek, Pinochet bitarteko hartuz, generalak leial mantentzeko ahalegina egin zuen, baina gutxi batzuk besterik ez zuten hori egin eta komandantziaren buruzagitza utzi beharrean izan zen. Pinochet izango zen ondorengoa.
Garai honetarako, armadako kide batzuk estatu kolpea prestatuta zuten. Liderrak Gustavo Leigh Aireko Indarren komandantea eta José Toribio Merino almirante ordea ziren, azken hau Pinocheten haurtzaroko laguna. Gainera, CIA eta Richard Nixonen gobernuaren laguntza zuten.
Tanketazoa aurrera ateratzeko, ezinbestekoa zen Pinocheten laguntza, baina, komunismoaren aurkakoa zela garbi bazegoen ere, inork ez zekien ziur hartuko zuen posizioa. Irailaren 19rako prestatu zuten eta Santiagon kontzentratuko zen.
Hurrengo egunean, Arellano generala joan zen Pinochetekin hitz egitera eta, honek jakin zuenean, gobernuarekiko desadostasuna adierazi zuen, baina ez, ordea, kolpeari laguntza emateko asmoa.
Irailaren 9an, Salvador Allendek hauteskundeak iragarri zituen egoera hartatik ateratzeko eta, hori zabaldu aurretik, kolpearen data aurreratzea erabaki zuten: irailaren 11n izango zen, 6:30ean Valparaíson, 8:30ean gainontzeko lekuetan.
Pinochet Leigh, Sergio Huidobro kontralmirantea eta Ariel González ontzi kapitainarekin bildu zen eta, bere dudak baztertu eta, aurrera egitea erabaki zuen. Badaezpada ere, familia leku seguru batera bidali zuen, zerbait gaizki atera zitekeen beldur.
Estatu-kolpea
Irailaren 10ean, Pinochetek emaztea eta seme-alaba gazteenak bere lagun batek zuzentzen zuen Rio Blancoko Mendi-Goizaleean Eskolara bidali zituen, Andeetan.
Hurrengo egunean, 7:40etan iritsi zen Armadaren Telekomunikazio Komandora eta hantxe egon zen kolpeak iraun zuen bitartean. Hantxe antolatu ziren beste guztiekiko komunikazioak, Leighekin Airezko Indarrena eta kolpearen koordinatzailea zeb Patricio Carvajalekin ere bai.
Pinocheten autoritarismoa garbi agertu zen orduan. Leigh eta Carvajalek Salvador Allende preso hartzea nahi zuten, baina Pinochet segituan deserriratzeko ideian zebilen. Ez zuen atzerapenik onartu nahi. Egia da, hala ere, Leigh jeneralaren ustearen kontra, Moneda Jauregia bonbardatzeko ordua atzeratu zuela, hango emakumeak salba zitezen.
Aurrez aurreko eta bonbardaketa latzen ondoren, La Moneda asaltatu zuten azkenean eta, Salvador Allende hil zen unean, Armadak okupatu zuen. Testiguek diotenez, Salvador Allendek bere buruaz beste egin zuen Fidel Castrok oparitutako AK-47 fusilarekin. Familiak berak ere, badirudi baztertu duela magnizidioaren ideia.
18:00etan, komandanteek zina egin zuten eta 17 urtez iraungo zuen diktadura militarra hasi zen.
Diktadura
Augusto Pinochetek, Gobernuaren Junta Militarreko presidenteak -bera, José Toribio Merinok, Gustavo Leighek eta César Mendozak osatzen zuten hura- agintea hartu zuen. Irrati eta telebista nazionalek eman zituzten ordenak: alderdi politikoak galarazi, Legebiltzarra desegin, eskubide zibil eta politikoak mugatu eta Unidad Popularreko liderrak atxilotu, ilegala zelako.
1974ko abenduaren 17an, Errepublikako presidente egin zuten eta, segituan, Manuel Contrerasi deitu zion DINAren zuzendaritza antolatzeko. Erakunde hau izan zen bitartean, giza eskubideak behin eta berriro urratuko ditu Estatuak.
Latinoamerikako beste herrialdeek ez bezala, Txilek tradizio demokratiko luzea zeraman 1973ra arte eta militarrek oso gutxitan hartu zuten protagonismoa.[1]
Oraingoan, gizarteak oposizioa egin zion gobernuari eta hainbat sektore militarrengana hurbildu zen. AEBetako finantziazioarekin, Allenderen gobernuaren politika sozio-ekonomikoaren aurka joatea erabaki zuten. Allende garaile izan zen botoen %36 bereganatuz, baina Jorge Alessandri eskuindarrak %35a lortu zuen. Allenderen gobernuaren politika ekonomikoak planifikazio zentralerako urratsak eman zituen eta horrek enpresa askoren nazionalizazioa ekarriko zuen; kapital estatubatuarra zuten meategi asko zeuden tartean. Pinochet esan zuen: trataremos de hacer de Chile un país de propietarios y no de proletarios.
Lucía Hiriart Rodríguez de Pinochet pertsona klabea izan zen gobernu militar hartan. Jendaurrean agertu zen behin eta berriro eta Damas de color erakundea sortu zuen; kolore bakarrez jantzita, han bildutako emakumeek sektore behartsuenei laguntza eskainiko zioten, ondo baino hobeto ezagutzera emango zen laguntza. Emakume gogorra, eragin handia lortu zuen senarra agintean egon zen bitartean.
Pinochet, Francisco Francoren jarraitzaile sutsua, Espainiara etorriko da haren hiletetara 1975eko azaroan.
Agintea hartu bezain pronto, eraitsi berri zuen gobernuaren aldekoak estatuaren arerio izendatu zituen.
DINA erabiliz, atxiloketa, tortura, desagerpena edo erbesteratzea estatuaren politika izan ziren.
Sergio Arellano Starkek Heriotzaren karabana deritzona egin zuen. Puma helikoptero batean bidaiatu zuen exekuzioak aginduz. Horrela desagertu ziren atxilotuak Pisagua, La Serena, Cauquenes eta beste hainbat lekutan. Gorpuzkiak itsasora bota edo militarrak bakarrik ezagutzen zituzten lekutan lurperatuak izan ziren.
Txibato sare sendoa ezarri zuten, aurreko gobernuan komunista eta sozialista trazak eman zituen oro atxilotu ahal izateko.
Bando eta komunikatuak eman ziren haiei borondatez bere burua entregatzeko eskatuz. Asko izan ziren bide hau erabili zutenak, errepresioari samurrago alde egingo zien esperantzan.
Erretiratze-deia ezarri zuten eta 1987ko urtarrilaren 2ra arte iraungo zuen hark. 21:00ak ezkero hasieran eta goizeko 02:00etan gero, txiletarrak etxean izan behar zuten. 1980ko hamarkadako gazteriak horixe ezagutu zuen eta pentsamendu politikoa mugatuta zegoen erabat. Gizarte polarizatu hartan, bizilagunek bizilaguna salatzen zuen eta momio edo pinotxetistek upeliento edo rojelioak jazarri zituzten.
Atxiloketak eguneroko gauza ziren eta La Victoria, San Ramón edo La Leguan harrapatutako pila zeuden. La Reina eta Ñuñoa bezalako leku aberatsetan, berriz, txibatoen lana zen nagusi. Ondoren etorritako exekuzio asko enfrentamendu baten ondorio zelakoan agertu zuen DINAk eta Estadio Nazionala, Víctor Jara Estadioa (garai hartako Txile Estadioa), Peldehue, el bergantín goleta Esmeralda bergantin-goleta, Tejas Verdes eta beste hainbat leku Atxiloketa Zentru izan ziren.
Ehunka txiletarrek lortu zuten herritik alde egitea, baina bertan geratu zirenek errepresio gogorra jasan behar izan zuten: 2.095 hildako eta 1.102 desagertuta, tortura latza...
Politika ekonomikoa
Errepresio politikoarekin batera, erreforma ekonomiko ugari izan zen eta arrakasta ikusi zen berehala, hiperinflazioa bertan behera geratu zelarik.
Pinochet Chicago boysen esanetan egin zuen so, Milton Friedman eta Chicagoko eskolatik etorritako ekonomista neoliberalengan, alegia. Shocka aplikatu zen, gastu publikoa %20an murriztuz eta langile publikoen %30a kaleratuz, BEZA igo eta enpresa estatalen gehiengoa pribatizatuz.
Hasieran, BPGa %12an erori zen eta langabetuen tasa %16an igo (1980-1985); esportazioak ere %40an egin zuten beherantz. Dena zegoen garesti, langile espezializatuek alde egin zuten, kapital zirkulatzaile gabezia zegoen, enpresa txiki eta ertainak porrotera joan ziren eta langabetuak handin hona zebiltzan garai honetan.
Enpresa handiek iraun zuten, langile gutxiago erabiliz eta soldatak murriztuz, baina honek enpresaburuen abusura eraman zuen ez gutxitan.
Moneta sistema aldatu zuten eta peso hartu zuten, ezkutua baztertuz.
Klase ertainak etxeak erosten hasi ziren eta geldi zegoen eraikuntza sektorea pizten hasi zen. Maila sozial txikiagokoentzat oinarrizko etxeak ere egin zituzten.
Langabezi larri hari aurre egiteko, behin-behineko lanpostuak sortu zituzten herrietan, enparantzak edertu, kaleak garbitu... gutxiengo soldata batekin, hori bai.
Lanean, jarraitu zutenek, berriz, soldata murriztea jasan behar izan zuten, lana kontserbatu nahi bazuten, behintzat.
Bai sektore publikoan, baita pribatuan ere, postu gorenak armadaren ofizialentzako izan ziren.
Klase ertain eta baxuak erabat pobretu ziren eta goiko klasea, berriz, aberastu.[2] Larrien zebiltzanek protestak hasi zituzten, kazeroladak, alegia. Erretiratze-deiaren ondoren, klase ertain eta baxukoek bozina eta kazuelekin argia eten eta izugarrizko hotsak ateratzen zituzten.
Kamioi lapurretak ere izan ziren, supermerkatuak hornitzen zituzten kamioiak bahituz eta gosez zeuden herrietara eramanez.
Baina, 1977tik aurrera, sistema egonkortzen eta emaitza onak ematen hasi zen. Dolarrak 39 peso egin zituen eta horrela mantendu zen 1980ko hasieran. Onera egiten zuen hartan, langabeziak tasa handiak izaten (%20a) jarraitu zuen.
Onura ekonomikoak ez zuen onura ekarri gizartean eta protestak egin eta grebak antolatzen zituztenak atxilotuak izaten jarraitu zuten.
1982koa krisi larrienetakoa izan zen. Bankuak erori ziren eta gobernuak interbenitu behar izan zuen haietan. Dolarra debaluatzeko erabakia hartu zuten eta, astebete beranduago, bikoiztu egin zen balio hura.
Krisiaren etorrerarekin, Pinochetek Chicago Boysen tesiak alboratu eta keynesianismorako urratsak eman zituen, baina krisiaren aldi gogorrena pasatu zenean, berriro itzuli zen sistema neoliberalerantz. 1985ean, Hernán Büchi Ogasun ministroak erreformak ekiteari eman zion eta ekonomia suspertzea lortu zuen. Horri deritzo Txileko bigarren miraria.
Hauek izan ziren Büchik hartutako hainbat neurri:
- Sektore publikoaren gastuaren murrizte handia, batez ere gizartean egiten zen gastuan.
- Dolarrarekiko debalazioa. Dolarra altua izanda, esportazioak sustatu eta inportazioei ekiditen zitzaien.
- Enpresa estatal izaten jarraitzen zutenen pribatizazioa: altzairu enpresak, elektrikak (Enersis, Endesa), komunikazioak (Entel, CTC), azukrea(IANSA), LAN Chile, Laboratorios Chile eta abar.
- Krisi garaian estatuak interbenitu zituen bankuen pribatizazioa.
- Banku Zentralaren interes tasen kontrola.
- Arantzelen jaitsiera kontrolatua.
Chicago Boysek hasitako liberalismo ekonomikoa itzuli zen horrela eta garepen ekonomiko itzela lortu zuen, 10 urtetan, BPGa bikoiztuz.
80ko hamarkadaren bukaeran eta 90ekoaren hasieran, sarreren banaketaren apurrak iritsi ziren klase baxuenetara eta kolorezko telebistak edo autoak erosten hasi ziren, bere bizi baldintzak hobetuz. Errekurtso ekonomikorik gabeko jendeentzako etxebizitza ekonomikoak egin zituzten eta harantz lekualdatu ziren. Gobernu militarrak pobrezia gogorrena erradikatzea lortu zuela zirudien eta, kazeloradak bukatzen joan ziren, baina herriak demokraziara itzultzeko gogoa erakusten zuen.
Gainbehera
Bere gainbehera isilpeko hilobiak aurkitu zirenean, torturen denuntziak eta fusilamentuak agertzen hasi zirenean hasi zen. Rettig txostenaren arabera (1991), diktadura garaian, 3.197 biktima agertu ziren, horietatik 1.192 atxilotuak eta desagertuak izanik.
Espainiako epaile zen Baltasar Garzónek Pinochet atxilotzeko agindua eman zuen, Txilen gertatutako hainbat espainiarren heriotzagatik epaitu nahi zuela-eta. Ingalaterrara bidali zuen ordena, han baitzegoen diktadorea, hernia baten ebakuntza egiteko xedean.
Azkenean, eta adina kontuan izanda, Pinochet liberatu zuten 1999ko martxoaren 2an eta, egun berean, Txilera itzuli zen. Gurpil aulkian egon zen Londresko gora-behereak izan zirenean, baina etxera itzuli zen bezain pronto, zutik jarri zen eta bere jarraitzaileak agurtu zituen.[3][4]
Hala ere, kontrako jarrerak hasi besterik ez zuten egin.
Londresen egon zen denboran, salaketa bat bestearen atzetik izan zen Txilen eta Heriotzaren karabanan parte hartu izana leporatu zioten. Pinocheten aurkako epaiketen garaia hasi zen Txilen.
2001eko urtarrilean, Juan Guzmán epailearen aginduz atxilotu egin zuten Augusto, 1973an, Heriotzaren karabanaren esku 74 preso politikoen hilketak zirela-eta. Hala ere, 2002ko uztailean askatu egin behar izan zuten berriro ere, osasun arazoak zirela medio.
2004ko abuztuan, berriz ere, Condor operazioan opositore argentinar, boliviar, brasildar, paraguaitar eta uruguaitar batzuk jarraitu eta hiltzeagatik epaitu zuten. 2005eko irailean, ordea, kalean zegoen berriro. Prats jeneralaren kasuan ere, epaitegiak aske utzi zuen Pinochet, oraingoan ere, osasun arazoak zirela eta.
2005eko ekainean, lau delituak zituelako, Augusto Pinocheti ukiezintasunaren legea guztiz kendu zioten: fiskoari iruzur egiteagatik, pasaporte faltsuak erabiltzeagatik, zin egindako ondasunen deklarazio faltsua izateagatik eta kautelazko neurriak ezartzegatik bere ondarearen gainean.
Urte bereko irailaren 19an, Gorte Nagusiak diru kantitate handiak gordetzeagatik lege-haustea berretsi zuen. Azaroaren 16an, berriro ere gordetako diru kantitate erraldoiei buruzko galdetua egin zioten eta 23an, ustelkeria eta zerga-iruzur buruz. Gainera, hainbat militar garrantzitsuen desagerpenaz salatua izan zela eta, epaileak atxilotzeko agindu zuen berriz. Abenduaren 28an, Colombo operazioan parte hartu zuela onartu zuen eta, 46.000 dolar ordainduta, kartzela-zigorra saihestu zuen.
Beste hainbat kasurengatik kartzelatua egon zen denbora epe laburrean, baina 2006ko urtarrilean, finantzapeko behin-behineko askatasuna lortu zuen 19.000 dolarren truke. Urte bereko azaroaren 25ean, bere 91. urtebetetzean, Pinochetek eskutitz publiko batean zera adierazi zuen: politika arloan egindako ekintza guztiak bere aberria maite zuelako egin zituela.
Heriotza
2006ko abenduaren 3an, bihotzeko batek eman eta birika edema batek eraso ondoren, ospitalera eraman zuten. Angioplastia bat egin behar izan zioten eta bere egoera zertxobait hobetzea lortu zuen.
Astebete geroago, alta medikoa jaso behar zuen egun berean, berriro ere bere osasunak behera egin zuen, bihotzeko arazo larri bat agertuz. Medikuek ezin izan zuten ezer egin eta, 14:15 zirenean, hil zen.
91 urte zituela, bere familiaren ondoan hil zen, ospitalean, Augusto Pinochet, Giza Eskubideen egun berean.
Erreferentziak
- Fermandois, Joaquín. (2005). Mundo y fin de mundo, Chile en la política mundial 1900-2004. , 397-400 or..
- (Gaztelaniaz) Schteingart, Daniel. (2008). Cambios socioeconómicos a partir de la década del ´70: los casos de Argentina y Chile. .
- https://elpais.com/diario/1998/10/18/opinion/908661604_850215.html
- https://elpais.com/diario/2003/02/26/portada/1046214020_850215.html
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Partido Nacional-Pinochetista de Chile.
- (Gaztelaniaz) Augusto Pinochet Fundazioa.
- (Ingelesez) Pinocheten aurkako epaiketa Amnesty Internationalen webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Augusto Pinochet |