Atzo (eleberria)

Atzo (frantsesez: 'Hier') Agota Kristof egilearen frantsesez idatzitako eleberria da, 1995ean Parisko Seuil argitaletxean plazaratuta.

Atzo (eleberria)
Jatorria
Egilea(k)Agota Kristof
Argitaratze-data1995
IzenburuaHier
Ezaugarriak
Hizkuntzafrantsesa

Argumentua

Kontakizun hau tristea bezain samurra da, bizitza bezain gordina, eta, hala ere, oso gustura eta erraz irakurtzen da. Horixe da Agota Kristofen trebezia, historiak kontatzen oso ondo dakiela. Bere laugarren nobela honetan maitasun ezinezko bat kontatzeaz gain, deserriaz hitz egiten digu idazleak ohi bezala, bakardadeaz, iraganaren mamuaz, babes-herrian errefuxiatuek bizitzeko dituzten zailtasunez eta miseriez, heriotzaz, idazteko pasioaz… eta dena bere estilo xume horretan, umore beltzez eta lirismoz zipriztindurik.[1]

Tobias Horvath-en istorioa kontatzen du eleberriak, Tobias berak azaldua —“Izenik gabeko herri batean jaio nintzen, garrantzi gabeko herrialde batean”—. Gerratik ihesi, babes-herri bat hartzera behartua, fabrika bateko katean kondenatua —“beti zulo bera pieza berean; hamar mila aldiz egunean”—. Eta Kristofen biografia zertxobait ezagutzen duenak berehala ikusiko dio bi bizitzen arteko paralelismoari. Kristofek aitortu zuen Atzo zela bere testurik autobiografikoena. Tobias emakume baten oroitzapenak, hura inoiz elkartuko zaionaren esperantzak bizi du, gainera. Hemen biltzen du eleberri laburraren muina: “Nire bizitzari dagokionez, hitz gutxitan laburbil daiteke: Line etorri zen, eta gero berriro joan zen”.[2]

Esaten du liburuak: “Atzo dena zen ederrago”, esateko pixka bat aurrerago: “Oraina besterik ez dago”.

Euskarazko moldaketa

Itzultzailea Eskarne Mujika izan zen (Literatura Unibertsala bilduma, Elkar-Alberdania, 2003. ISBN:978-84-95589-63-7.)

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.