Ategorrietako sarraskia (1931)
Ategorrietako sarraskia Guardia Zibilak Donostiako Ategorrieta inguruan egindako sarraskia da, 1931ko maiatzaren 27an gertatua. Guardia Zibilak tiro egin zuen Pasaiatik zetorren itsas langileen manifestazio baten aurka. Manifestazioan bi mila pertsona inguru ziren, tartean emakumeak eta haurrak. Zazpi langile hil eta hogeita hamar bat zauritu zituzten.
Ategorrietako sarraskia | ||
---|---|---|
Mota | sarraski | |
Data | 1931ko maiatzaren 27a | |
Herrialdea | Espainia | |
Pertsona hilak | 7 | |
Pertsona zaurituak | 30 | |
Aurrekariak
Espainian 1931ko apirilaren 12an egindako udal hauteskundeen ondorioz, Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, ezkerreko alderdi gehienengan eta langileengan, oro har, itxaropen handiak ernatu ziren, demokraziaren bitartez herri xehearen, nekazarien eta arrantzaleen lan baldintza makurrak hobetuko zirelakoan.[1]
Errepublikak piztutako itxaropenak
Itxaropen haietako asko, ordea, hutsean gelditu zirela oharturik, langileen aldeko antolamenduek indartze izugarria ezagutu zuten urte haietan: alde batetik, mende hasieratik eta, batez ere, 1917ko langileen mugimenduen eraginez ernaturik zeuden sozialistak eta UGT sindikatua; bestetik, CNTren anarkosindikalismoa, aparra bezala igotzen ari zena legezkotzat jo zutenez geroztik 1930ko udaberrian.[2]
Errepublika berriaren sektore aurrerazaleen laguntzaz, baina, batez ere, langile mugimenduaren bultzadaz egoera politiko eta sozial berri bat argitzera eman nahi zen: askatasun formalez gain, estatuaren aparatuak ―lehen-lehenik, armada― berritu, Eliza Katolikoaren gehiegizko boterea mugatu, eta lurraren jabetza errotik aldatu; horra Errepublikaren erronkak.[1]
Alabaina, Espainiako estatua ez zegoen prest halako eraldaketa sakon bat pairatzeko: estatuaren aparatuetan (batez ere, armadan eta Guardia Zibilean eta finantza erakundeetan) gotorturik bizi ziren indar atzerakoiek eta Elizak erasorako antolatzen hasi ziren lehen egunetik.[3]
Beste mutur ideologikoan, langile mugimenduaren sektore berri batzuk ―besteak beste, Euskal Herrian ernatzen ari ziren komunistek― ukatu egin zioten Errepublikari ez bakarrik laguntza, baizik, kasu batzuetan, zilegitasun demokratikoa bera. Langileen mugimenduak Errepublikarekin zituen kontraesanen adierazle eta eragile nagusietako bat izan zen Ategorrietako sarraskia.[4]
Langileen aldeko indarren zatiketa
Giro politiko eta sozial konplexu hartan hasi zen mamitzen Pasaiako arrantzaleen gatazka. Itsasontzietan denboraldi luzez eta 12 bat orduko lansaioez aritzera behartuta zeuden langileek lan baldintza negargarriak pairatzen zituzten.[5] Primo de Riveraren diktadura azken unetan zegoela, Galiziako portuetan marinelen aldeko elkarteak gainbeheran ziren bitartean, Euskal Herrikoetan, batik bat Pasaian, arrantzaleen kontzientzia gora zetorren. Metalgintzaren industriak pairatzen zuen krisiak eraginda, gero eta ugariagoak ziren Gipuzkoako barnealdeko herri handietatik PYSBEko ontzietan itsasoratzen ziren langileak, horietako asko sozialistak.[6] Horrela, 1930ean sozialistak, anarkistak eta komunistak biltzen zituen talde bat arrantzaleen sindikatu bat eratzeko urratsak egiten hasi zen, patronalaren botereari eta mehatxuei aurre egin nahirik. Donostiako Langile Elkarteen Tokiko Federazioak (FLSO), UGT sindikatu sozialistaren barruan oraindik, babestu zuen «La Unión Marítima» (edo, besterik gabe, «La Unión») izenaz ezagutu zen sindikatua.[7] Sozialisten eta anarkisten arteko barne eztabaiden oreka zail batean, sindikatu berriak Juan Astigarribia[oh 1] komunista izendatu zuen idazkari.[6]
Errepublikaren jarrera zalantzatia
Errepublika sortu berriaren egituretan, esan bezala, indar handia zeukaten oraindik erreakzioaren aldekoek. Arrantzaleen antolamenduak eta eskakizunek zalantzan jar zezaketen indar atzerakoien posizioa.[3] Kontraesanez beterik jokatu zuten, horren ondorioz, Errepublikaren estamentuek: alde batetik, ahalegindu ziren langileen eskaerei bide ematen; baina, bestetik, zorrotz zaindu nahi izan zuten egoera, eskuetatik ihes egin baino lehen.
Errepublikako gobernuaren Laneko ministro Francisco Largo Caballero Donostiara joan zen, gatazkaren erdian, langileen eta armadoreen artean bitartekaritza lanak egiteko asmoz, baina ez zuen deus lortu.[8]
Arrantzaleen erabakitasuna
La Unión Marítimak arrantzaleen baldintza berriak aurkeztu zizkien, 1931ko apirilaren amaieran ontzi jabeei: 300 pezeta hileko lansaria Sole Handira ateratzen ziren marinelentzat; itsasoan egindako igandeen ordaineko atsedena; eta egunean gehienez 15 orduko lansaioa.[9][10]
Maiatzaren 12an, Nabigazioko Zuzendaritza Nagusiaren bitartekaritzaz bildu ziren langileen ordezkariak eta armadoreak, baina ez ziren ados jarri. Greba berehala zabaldu zen arrasteko itsasontzi guztietara, eta egunak aurrera egin ahala, gosea hasi zen nagusitzen grebalarien artean. Patronala bere kartak jokatzen hasi zen: Galiziako portuetatik arrantzaleak ekarri zituen, ohartarazi gabe Pasaiako grebalarien hutsuneak betetzeko zela, hau da, greba-hausle izango zirela. Pasaiara iritsi orduko, baina, jokaldiaz ohartuta, marinel gehienek etxera itzultzea erabaki zuten.[8] Horrez gain, sareak eta tretzak Pasaiatik Getariako portura eramaten saiatu ziren, hango itsasontzi batzuk prest baitzeuden Pasaiakoen ordez itsasoratzeko. Maiatzaren 26ko gauean, La Unión Marítima-ko kide ziren Juan Méndez eta Francisco Cabezón, eta Langile Elkarteen Tokiko Federazioko (FLSO) Jesus de Miguel atxilo hartu zituzten,[8] Getariara eramateko prest zeuden tresnak erretzen saiatzeagatik. Astigarribia berehala joan zen Donostiara, Ramon Aldasoro gobernadore zibilarekin hitz egitera, atxilotuak aska zitzan; tentsio handiko elkarrizketa izan zen, Astigarribiak mehatxu egin zion indarrean askatuko zituztela, baina ez zen akordiorik izan.[10][11][oh 2]
Maiatzaren 27a
Giro beroa goiz-goizetik
Grebaren eta manifestazioaren lekuko batek honela azaldu zuen maiatzaren 27ko goizean Pasaian bizi izan zen tentsio giroa:[12][oh 3]
« | (...) goizeko zortzietan auto batean etorri zen Donostiako gobernadore militarra,[oh 4] 1.500 bat lagun han ginen, denokin hizketan aritu zen oso abegikor; egiazki esan zigun ez joateko manifestazioan, soldaduak trintxeratan zeudela Herreran eta Ategorrietan, hau da, Donostiatik Pasaiara doan tranbiaren garajean. Orduan, denok eskatu genion, aberriaren edo munduan gehien preziatzen zuenaren maitasunagatik, utz gintzala joaten, ohorezko hitza ematen geniola ez genuela hondamenik eragingo edo ordena publikoa aztoratuko. Orduan, esan zigun: «Senideok, zuengatik utzi nuen bertan behera nire karrera kapitain nagusi izateko, herriaren aurka egiteko eskatzen baitzidaten, eta nik ez nuen halakorik onartu, zuen senidea bainaiz; horregatik, preso hartu ninduten Ferroleko San Felipe gazteluan. Han eduki ninduten sei hilabetez, penatan eta arratoi artean; horregatik noa herriarekin, herriak goratu baininduen orain daukadan kargura. Niregatik, bazoazkete, baina erne ibili dadila legearen aurka jokatzen duenak. Esango dizuet, baita ere, galiziarrak oso jatorrak zaretela, baina baita buru-gogorrak ere, gauza batera jarriz gero, zuen hautua aurrera eraman beharra daukazue». Hori dena ongi entzun nion, ni izan bainintzen agurtu zuen lehena, eta gero alde egin zuen. | » |
—Solidaridad Obrera, 1931-06-06 |
Pasaiatik Donostiara
Goizeko hamarretan abiatu ziren manifestariak San Pedrotik, lehenbizi Trintxerpera, eta handik Antxora, eta handik Donostiara, errepide nagusitik, bidean jende gehiago bilduta. Buruan, emakumeek eta haurrek irekitzen zuten bidea, bi pankarta zeramatzatelarik: «Askatu gure adiskideak» eta «Ogia gure haurrentzat». Manifestazioan 2.000 lagun elkartu ziren; La Unión-eko buruzagiak tartean, besteak beste lider komunistak, Juan Astigarribia, Jesus Larrañaga urretxuarra eta Luis Zapirain.[8][oh 5]
Soldadu lerroak, lehenbizi
Herrerako auzoan topatu ziren manifestariak lehen soldadu zaintaldearekin. Armetan baioneta sartuta zutenez, hasieran tentuz hurbiltzen hasi ziren, baina berehala ohartu ziren nahitaezko soldadutza betetzen ari ziren gizon gazteak, talde burua barne, ez zirela gauza izango herritarren aurka tiro egiteko: lehenik emakumeak eta haurrak hasi ziren pasatzen, zirrikitu guztietatik, eta atzetik beste guztiak, militarren aldeko gora eta biba ozenen artean.[10][13]
Mirakruzeko gainera heldu zirenean, beste soldatu lerro bat zeukaten zain manifestariek, baina aurrekoan bezala, soldadu artetik pasa ziren aise, eragozpenik gabe, txaloka.[9]
Guardia Zibila, Ategorrietan
Ategorrietara inguratu zirenean, ordea, ikusi zuten Guardia Zibilaren zaldizko eta oinezko zaintalde batek ixten zuela bidea. Aurretik soldaduek erakutsitako jarrerarekin konfiantza hartuta, emakumeak aurrera egiten hasi ziren, eta atzetik gizonak, eskuak gora zituztela, bake jarrera zutela adieraziz. Berehala, zaintalde burua hurreratu zitzaien, esateko agindu zorrotza zutela bidea mozteko. Bat-batean, baina, tutu hots bat entzun zen;[oh 6] segidan, bigarren hots baten ostean, tiroak manifestarien aurkakoak izan ziren.[6]
Zazpi hildako eta 30 bat zauritu
Zazpi langile hil zituzten guardia zibilek, sei Ategorrietan bertan; zazpigarrena, bi egun geroago hil zen, erietxean:
- Jose Carnés, 32 urtekoa.
- Manuel Pérez, 34 urtekoa.
- Jose Novo Martínez, 25 urtekoa.
- Antonio Barro, 31 urtekoa.
- Julian Zurro Pérez, 19 urtekoa.
- Jesus Camposoto, 23 urtekoa.[oh 7]
- Manuel López Díaz, maiatzaren 29an zaurien ondorioz erietxean hila.
Guardia zibilen tiroen eraginez, 30 bat langile izan ziren zaurituak. Sarraskiaren biharamunean egunkariek egindako kroniketan ikus daitekeenez, erietxeetan artatutakoek erakusten zuten zauriak oso hurbiletik egindako tiroek eragindakoak izan zirela.[14] Erregistratutako zaurituen datuen agitara, ikusten da gazteak zirela gehienak, eta galiziar jatorrikoak asko: Vicente Saleta, Providencia Ageita (21 urte), Julio Fernandez (25), Manuel Doldán Pérez (18), Pedro Basterretxea (31), Lisardo Zapata (32), Manuel Alfonso, Antonio Barro (26), Valentin Ochoa (21), Carmen Candanal (27), Jose Suarez (25), Luis Centeno (29), Herminio Gonzalez, Jose Saletas, Emilio Ruiz, Eugenio Korta, Bruno San José, Juan Nieves Damapier, Manuel Alfamabrar (24), José Orleca (27), Vicente Sainz (17), Celestino La Rosa, Herminio González, Vicente Caterín (33), Julio Fernández (25), Jose Pardavilla (34), José Mariño (23)...[15]
Sarraskiaren ondorio sozial eta politikoak
Greba orokorra Pasaian, ez Donostian
Sozialisten eta nazionalisten aurkako jarrera izan arren, Pasaiako arrantzaleen mugimenduko buruzagi komunistek eta anarkosindikalistek hiru eguneko greba orokorrerako deia egin zuten. Pasaian erabatekoa izan zen arren, Donostian ez, nahiz komunistek bazuten, ordurako, eragin handi bat hiriburuko langile mugimenduan.[10][16]
Komunisten eta anarkisten laguntzaz eratutako greba komitea Martuteneko taberna batean bileran zegoela jakinda, militarrak tiroka agertu ziren bertan; 11 lagun hartu zituzten atxilo, baina buruzagi komunistek (Jesus Larrañaga, Juan Astigarribia eta Agustin Zapirain) ihes egitea lortu zuten, mendian barrena, nahiz José Fernández de Villa-Abrille gobernadore militarrak maiatzaren 29an argitaratutako ohar batean esaten zuen Larrañaga atxilotua izan zela.[17]
Donostian, komunistek eta anarkistek eratutako piketeak kalez kale ibili ziren, tabernak, saltokiak eta lantegiak itxi zitezen. Batzuetan, tentsio handiko gatazkak gertatu ziren. Besteak beste, Gros auzoko San Frantzisko kalean Guillermo Torrijos buruzagi sozialistaren zurgindegira greba pikete bat iritsi zenean, Torrijos bera atera zen atarira, lantegia ez ixteko zeuzkan arrazoiak azaltzera; grebalariak bultzaka hasita, Torrijos lurrera bota eta buruan zauri bat eragin zioten. Orduan, lantegi barrura itzuli zenean, barrutik eskopeta tiroak egin zituzten piketeko kideen aurka. Zortzi lagun gertatu ziren zaurituak, grebalarien aldean: Felix Etxezarreta, Antonio Sanz Huarte, Eugenio Alarto, Justo Alaiz, Celestino Darosa, Emilio Abanda, Emilio Ruiz eta Ignacio Villar.[14]
Agintari militarren bilera
Maiatzaren 27an bertan, Ategorrietako hilketak jakin berri, agintari militarren bilera batera deitu zuen José Fernández de Villa-Abrille gobernadore militarrak. Izan ere, aurrez Ramon Aldasoro gobernadore zibilak eta Fernando Sasiain Donostiako alkateak laguntza eskatu baitzioten, Pasaiako arrantzaleen manifestazioa ez zedin Donostiaraino iritsi.[8]
Agintari militarrek hurrengo egunetan egunkarietan zabaldutako bertsioaren arabera, langileak makilaz eta beste tresnaz hornituta atera ziren Pasaiatik, mehatxu jarrera argi batekin.[14] Alabaina, bertsio ofizial hori oinarritzen duen ebidentziarik ez dago, Donostiako hedabideek nahiz manifestazioan egondako lekukoek hurrengo egunetan emandako xehetasunen arabera. Aitzitik, egunkarietan kazetariek egindako kroniketan eta lekukoen azalpenetan, argi agertzen da manifestariek esku hutsik eta jarrera apal batekin jokatu zutela, Pasaiatik abiatu zirenetik.
Gerra egoera
José Fernández de Villa-Abrille gobernadore militarrak gerra egoera aldarrikatu zuen Gipuzkoa osoan, 1931ko maiatzaren 28an, Ategorrietako sarraskiaren ondotik sortu zen grebaren eta tentsioaren aurrean. Gerra egoeraren aldarrikapena kaleetan jendaurrean irakurria izan zen Donostian.[17][14]
Langileen eskakizunak, onartuta
Ategorrietako sarraskiak aztarna sakona utzi zuen Galiziako itsas portu askotan, bertakoak baitziren hildako eta zaurituetako asko.[10][18][oh 3]
Sarraskiak izan zuen eraginik patronalaren aldean ere: ikusirik langileen erabakimena noraino iritsi zitekeen, Pasaiako itsasontzi jabeek maiatzaren 28ko arratsaldean jakinarazi zioten Ramon Aldasoro gobernadore zibilari onartzen zutela Errepublikako gobernuak proposatutako bitartekaritza. Arrantzaleek ere onartu zuten bitartekaritza hori, maiatzaren 30ean La Unión sindikatuan egindako bilera jendetsu batean.
Hamar egun geroago, ekainaren 9an, gobernuak emandako arbitrajea onartu zuten bi aldeek eta aldizkari ofizial argitaratu zen. Horrela, Pasaiako arrantzaleak ekainaren 10ean itzuli ziren lanera, eta itsasontziak ekainaren 12an atera ziren berriro itsasora, bi asteko grebaren eta sarraski odoltsuaren ostean.[19][oh 8]
Langileen eskakizunak aurrera atera baziren ere, eta Errepublikako gobernuak emandako erabakian hala jasota gelditu bazen ere, arrantzaleen aurkako errepresioak jarraitu zuen gatazka itxi zuen erabakiaren hurrengo egunetan, zenbait langile atxilo hartu baitzituzten indar armatuek.[20]
Errepublikaren ahultzea
Pasaiako arrantzaleentzat eta langileentzat izan zituen ondorio tamalgarriez gaindi, esan daiteke Espainiako Bigarren Errepublikaren ahultasunaren erakusle ere izan zela Ategorrietako sarraskia. Langileen bizimodu eta lan baldintzak hobetzeko lehen mugimendu zabala izan zen Pasaiakoa, baina ez azkena; segidan etorriko ziren Telefonica enpresa estatalaren greba; Bartzelonako portuko zamaketarien eta metaleko langileen grebak; Sevillako greba iraultzailea;[21] eta, geroago, Asturiaseko meatzarien greba, 1934an.
Ikuspegi horretatik begiratuta, Ategorrietako sarraskia aitzindari bat izan zen, langileek Errepublika berrian jarrita zeuzkaten itxaropenen gainbehera edo etsipena adieraziko zuen greba katea luze baten lehen begia.[4]
Hedabideen bertsioak
Donostiako hedabide nagusiek sarraskiaren hurrengo egunetan zabaldutako informazioa bertsio ofizialera lerratu zen, orobat. Labur esanda, bertsio ofizialak zioenez, elementu asaldatzaile komunistek bultzaturik, Pasaiatik zetozen langileen mehatxuen aurrean, guardia zibilak ez zuen erantzuteko beste modurik izan.
La Voz de Guipúzcoa
Ategorrietako sarraskia gertatu zenean, Errepublikaren aldeko egunkari nagusia zen La Voz de Guipúzcoa. Bere burua definitzean, egunkari errepublikazalea zela azpimarratzen zuen; izan ere azpitituluan Diario republicano agertzen zuen.
Biharamunean, maiatzaren 28an, kaleratutako alearen buruan, titular hau nagusitu zuen: «La exaltación de algunos elementos determinaron ayer la intervención enérgica de la fuerza pública». Lehen orriko editorialean, komunistak egiten ditu, berariaz izendatu gabe baina zalantza gabe, gatazkaren eta ondorio odoltsuen errudun: «los conflictos entre el capital y trabajo hubieran estado ya solucionados de no haberse infiltrado en ellos un virus que los ha envenenado (...) El conflicto pesquero de Pasajes había degenerado en una acción política peligrosa para la tranquilidad pública. Los elementos dirigentes no se recataban en sus predicaciones excitando a la violencia, al desorden, a la fuerza».
Ramon Aldasoro gobernadore zibil errepublikazalearen adierazpenak ere jasotzen zituen, esanez agintariek jakin zutela Pasaiatik zetozela manifestariak, «Donostian indarrean sartzeko» asmoz.[22]
El Día
El Dia egunkariak erlijio katolikoa babestu, euskaltzaletasuna bultzatu eta politikoki independentea izateko ahalegina egin bazuen ere, praktikan EAJren inguruko egunkaria izan zen.
Ategorrietako sarraskiaren biharamunean, lehen orriko titularrean argi banatzen zuen erantzukizun guztia alde batera: «Las lamentables derivaciones del pleito pesquero de Pasajes - Una muchedumbre de miles de almas intenta penetrar en la ciudad con fines inquietantes - Y al enfrentarse con la fuerzas armadas, surge un choque inevitable del que resultan cinco muertos[oh 9] y numerosos heridos».
Titular horrekin batera, «Ante todo, el orden» izeneko editorial bat eman zuen argitara lehen orrian. Aldeak nabarmendu nahi izan zituen, batetik, Errepublika berriarekin, eta, bestetik, patronalarekin; baina, betiere, ordena publikoa guztiaren aurretik jarrita: «Cualesquiera que sean ―y van siendo muchas― las diferencias ideológicas que nos separan de la actuación del Gobierno Provisional de la República (...) EL DÍA cree que su deber es hacer pública manifestación de adhesión plena y de sincera colaboración con el Gobierno para el mantenimiento del orden (...) Con el Gobierno, sí. Sin vacilaciones, sin titubeos, sin reservas mentales. ¿Con los patronos? (...) Ni con los patronos que quieren prevalerse de la fuerza del poder para el logro de sus ambiciones egoistas, ni con los obreros que se colocan fuera de la ley».[23]
Nazionalisten ikuspegia azaldu zuen, zehaztasunez, El Día egunakriak. Beste erakusle bat, Pasaiako greban zehar izandako jarreraren adibide, Atergorrietako sarraskiaren bezperan, nazionalisten sindikatu izateko jaioa zen Eusko Langileen Alkartasunak esku orri bat banatu zuen Pasaian, grebaren aurka egiteko eskatuaz langileei, eta asaldatzaile komunistak ipinita gatazkaren iturburuan.[24][oh 10]
Egunkari integristak
Errepublikaren aurkako jarrera argia zeukaten Donostiako egunkarien esparruan, lider komunistei leporatu zieten sarraskiaren erantzukizun osoa. Horren erakusle izan daiteke La Constancia egunkariak 1931ko maiatzaren 29an,[oh 11] lehen orrian, argitaratu zuen editorialaren izenburua: «El peligro comunista». Alboan, albiste formatuarekin, «¡Gracias a la Guardia Civil!» izenburuko zutabea zegoen.[25]
Euzkadi
Euzko Alderdi Jeltzalearen ardurapean argitaratzen zen Euzkadi egunkariak esaldi labur batzuetan eman zuen Ategorrietako sarraskiaren berri, maiatzaren 28ko edizioaren 5. orrialdean, «Donostia'ko gora berak» izenburu lausoaz. Informazioan, nabarmentzen zuen Pasaiako arrantzaleak indarrean sartzen ahalegindu zirela Donostian, eta indar armatuek gogor erantzun zietela. Ramon Aldasoro gobernadore zibilaren adierazpen batzuei helduta, honela zioen, hitzez hitz, gatazkaren sortzaileei buruz: «Bai orixe, matxinada orren asmatzaliak geyenak beintzat kanpokuak ixan dira, ume galdubak. Arin jaurti daiguzan euren aberrira. Orduan arteztuko doguz emeko arazuak eta».[26]
Oroimena
1931eko maiatzaren 27ko goizean gertatu zen sarraskiaren lekuan, hau da, Donostiako Ategorrieta auzoa zeharkatzen duen errepide nagusian, zutikako erlojuaren parean, ez dago inolako oroigarri, lekukotasun edo aztarnarik, han hil zituzten langileen oroimenez.
Sarraskiaren 90. urteurrena hurbil zela, 2021eko apirilean, Euskal Herria Bildu taldeak proposamen bat aurkeztu zuen Donostiako Udalean, adierazpen eta omenaldi instituzional bat egin zedin,[27] sarraskian hildako langileen oroimenez.[28] Talde proposatzaileak azaldu zuen, geroago, Donostiako Udalak erabaki zuela ez egitea aitortza instituzionalik, hildako langileen oroimenez.[29]
Bibliografia
- Antonio Elorza (1982) «Movimiento obrero y cuestión nacional en Euskadi (1930-1936)» in Estudios de historia contemporánea del País Vasco, Juan Carlos Jiménez de Aberasturi (koord.). 137-200. or. Donostia, Haranburu Ed. ISBN: 978-84-7407-128-3.
- Manuel Tuñón de Lara (1983) «La coyuntura histórica de España de 1930-1931» in Revista de Estudios Políticos (Nueva época), 31-32 zk. 39-56. or. ISSN (online): 1989-0613.
- José Antonio Egido (1993) Jesus Larrañaga. «Beasaingo Paperak», 2. zk. Beasain, Beasaingo Udala.
- Dionísio Pereira (2006) «El Trintxerpe republicano: génesis de la denominada "quinta provincia gallega" en Euskadi», in Itsas Memoria aldizkaria, 5. zk., Untzi Museoa, Donostia. 737-743. or.
- Dionísio Pereira (2010) Loita de clases e represión franquista no mar (1864-1939). Vigo, Edicións Xerais. ISBN: 978-84-9914-182-4.
- Xabier Portugal (2007) Pasaia 1931-1939. Zanpatuen oroimina. Pasaia, Pasaiako Udala. ISBN: 978-84-931524-4-4.
Oharrak
- Buruzagi komunista honen abizena Astigarrabia forman agertzen da maiz (bestek beste, Wikipediako ingelesezko eta espainierazko orrietan). Alabaina, Donostiako Elizbarrutiko Artxiboan dauden datuen arabera, Astigarribia Andonegi senideen deiturak horrela erregistratu ziren. Ziurrenik, akatsa sortu zen Juanen arreba Josefaren (1879-09-30) deitura Astigarrabia erregistratuta gelditu zenean. Ikus Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, DEAH/F06.062//3981/002-01(f.208r,zk.176/B,1897-09-30).
- Errepublikaren hasierako urrats haietan aurrez aurre egon baziren ere, Juan Astigarribia lider komunista eta Ramon Aldasoro gobernadore zibila batera egon ziren Jose Antonio Agirrek eratutako lehen jaurlaritzan, 1936ko urrian. Astigarrbiiak Lan Sailaren kargu hartu zuen, eta Aldasorok, Merkataritza eta Hornikuntza Sailarena.
- Pasaiako portuan galiziar arrantzale ugari ari ziren lanean Ategorrietako gertakarien garaian. Sarraskiaren lekuko izandako haietako askok, hurrengo asteetan gutunak igorri zituzten Galiziako senitartekoengana. Lekukotasun haietako bat da Coruñako CNT-AITren Solidaridad Obrera astekarian 1931ko ekainaren 6an argitaratutako gutun sinatu gabea.
- José Fernández de Villa-Abrille (1878 - 1946) zen gobernadore militarra. Francoren matxinada gertatu zenean, Sevillako armadaren burua zelarik, Errepublikaren alde agertu zen, nahiz ez zuen deus egin matxinatuei aurre egiteko. 1939an sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Zigorra bete eta handik gutxira hil zen Madrilen, 1946an
- Pasaiako arrantzaleek eratutako manifestazio hartako lekuko bakanetako bat, Nemesio Goia, ikusi eta entzun daite kronika labur bezain lazgarri bat egiten, Josu Iraetak 2002an moldatutako Trintxerpe, galiziarrak Euskal Herrian izeneko dokumentalean (7:21-8:03).
- Bertsio batzuen arabera, lehen tutu hotsa entzun orduko, guardia zibilek tiro egin zuten airera; ikus José Antonio Egido (1993), 44. or.
- Langile honen deitura gaizki idatzita («Camprosola») ageri da zenbait iturritan; ikus, adibidez, Xabier Portugal (2007), 31. or.
- Juan Astigarribia arrantzaleen lider komunistak egun haien kontakizun zehatza utzi zuen bere oroimenen artean. Ikus Eusko Ikaskuntza (1985) «Protagonistas de la HistoriaVasca (1923-1950)». in Cuadernos de Sección. Historia-Geografia, 7. zk.ISBN: 978-84-86240-28-X.
- Artean, sarraskia gertatu zenetik 24 ordu pasa ez zirela, albiste nahasiak zeuden hildakoen kopuruaz, baina egunkariaren 2. orrian argitzen zen bi hildako gehiago zeudela.
- Eusko Langileen Alkartasunak 1931ko maiatzaren 26an Pasaian banatutako eskuorriak honela zioen: «Habiendo llegado a oídos de esta sociedad veladora de vuestra defensa económica, rumores de paro general, carente en absoluto de toda razón, os ruego no lo secundéis y sigáis en vuestros puestos para evitar que elementos extraños se filtren en vuestras filas con aprovechamiento de determinados fines ajenos a vuestra causa». Ikus José Antonio Egido (1993), 45. or.
- La Constancia egunkari integrista ez zen kaleratu maiatzaren 28an, hau da, Ategorrietako sarraskiaren biharamunean; ziurrenik, segurtasun arrazoiengatik.
Erreferentziak
- Manuel Tuñón de Lara (1983), 48-49. or.
- Manuel Tuñón de Lara (1983), 40. or.
- Manuel Tuñón de Lara (1983), 52. or.
- Manuel Tuñón de Lara (1983), 53. or.
- Antonio Elorza (1982), 51. or.
- Dionisio Pereira (2006), 738. or.
- Ikus Sindicato Provincial de la Industria de la Pesca La Unión de Pasajes de San Pedro (Guipúzcoa) Centro Documental de la Memoria Histórica (Salamanca, España).
- Xabier Portugal (2007), 31. or.
- José Antonio Egido (1993), 43. or.
- Dionisio Pereira (2006), 739. or.
- Dionísio Pereira (2010), 223. or.
- Solidaridad obrera, 1931-06-06 «Una carta interesante de D. Ricardo Baroja. Habla un testigo presencial de la tragedia de Pasajes»
- Dionísio Pereira (2010), 224. or.
- El Día egunkaria, 1931-05-28.
- (Gaztelaniaz) Martxelo, Diaz. (2021-04-14). «EH Bildu propone conmemorar la matanza de Ategorrieta, ¿qué pasó en 1931?» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-05-21).
- Dionísio Pereira (2010), 219-222. or.
- José Antonio Egido (1993), 44. or.
- Dionísio Pereira (2010), 225. or.
- Xabier Portugal (2007), 31-32. or,
- Xabier Portugal (2007), 32. or.
- Ikus José Mª García Márquez (2019) La "Semana Sangrienta’"de julio de 1931. Sevilla, Aconcagua Libros. ISBN: 978-84-948904-6-8.
- Ikus La Voz de Guipúzcoa - Diario republicano, 1931-05-28. Online bertsioa Donostiatekan.
- Ikus El Día, 1931-05-28. Online bertsioa Donostiatekan.
- José Antonio Egido (1993) , 45. or.
- Ikus La Constancia, 1931-05-29. Online bertsioa Donostiatekan.
- Ikus Euzkadi, 1931-05-28. Online bertsioa Liburuklik Ondare bibliografiko digitalizatuan.
- Urain, Jon O.. «Ategorrietako 1931ko sarraskiaren biktimak oroitzeko eskatu du EH Bilduk» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-09).
- EH Bildu (2021) 90. urteurrena. Ategorrietako sarraskia.
- EH Bilduren lore eskaintza Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrenean.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Mikel Elkoroberezibar «Ategorrietako sarraskia: Euskal Herriko bortitzena» in Hirutxuloko Hitza 2021-05-21.
- Bideoa: Josu Iraeta (2002) Trintxerpe, galiziarrak Euskal Herrian.
- Dokumentua: Euskal Herria Bildu (2021) 90. urteurrena. Ategorrietako sarraskia.