Atebide lehenetsi
Atebide lehenetsia TCP/IP sare batean kokatutako konputagailu batek IP birbidaltze taulan beste aukerarik ez duenean aukeratzen duen atebidea edo konputagailua da.
Bideratzaile bat konputagailu edo dispositibo bat da, zeinak bi sare informatiko elkartzeko balio duen. Beste era batera esanda, bi sareen edo gehiagoren arteko trafikoa zuzentzen duen dispositiboa da. Beraz, konputagailu batek mezu bat bidali behar duenean eta IP birbidaltze taulan zuzenean helburua aurkitzen ez duenean, atebidera bidaliko dio, eta honek jakingo du zeini birbidali behar dion mezua. Beraz, atebideak bi sare horiek lotuko ditu, eta informazioa garraiatuko du horien artean.
Horregatik, atebideak bi IP sare elkar konektatzen dituenez, bi sare txartel eta beraz bi IP helbide ditu. Gutxienez, bi IP horietako batek helbide publiko bat izan behar du, Internetekin komunikatzeko.
Etxeetan normalean zure ISP-ak router bezala ezaguturiko aparailu bat emango zizun, eta hori erabiltzen da normalean ADSL kablearekin batera atebide modura, zure etxeko sarea (LAN), eta internet (WAN) elkar konektatzeko.
Enpresetan askotan konputagailu bat izaten da sare lokalaren eta interneten artean trafikoa bideratzen duena, eta askotan ere proxy zerbitzari modura eta baita suebaki modura ere jokatzen du konputagailu honek.
Honela, laburbilduz, atebide batek sare baterako sarrera eta irteera puntuak eskaintzen ditu.
Adibidea
Sare bat sei konputagailuk eta bideratzaile (edo router) batek osatzen dute.
Hauek dira konputagailuen IPv4 helbideak (pribatuak kasu honetan):
- 192.168.4.3
- 192.168.4.4
- 192.168.4.5
- 192.168.4.6
- 192.168.4.7
- 192.168.4.8
Hau da bideratzailearen IP helbide pribatua (konputagailu horiekin komunikatu ahal izateko balio duena):
- 192.168.4.1
Bideratzailearen IP helbide publikoa ordea –Interneteko konputagailuekin komunikatzeko balio duena– ISP-ak esleituko digu, edo DHCP erabiliz zuzenean esleituko zaigu guztiz automatikoki.
Sarearen maskara honakoa izango da:
- 255.255.255.0 ( edo /24, beste notazioa erabiliz)
Hori dena kontutan izanda, konputagailu horietakoren batek, adibidez A1 konputagailuak, sare bereko konputagailu batera, adibidez A2, bidali nahi badu mezu bat (192.168.4.0/24 sarera), zuzenean bidali ahal izango du hau. Ordea, Internetera bidali nahi badu mezuren bat, edozein lekura joateko helbidea izango da hurrengo urratsa. Hori izango da atebidea. Kasu honetan, dagokion atebidea 192.168.4.1 helbidea duen bideratzailearena (B) da. Horri bidaliko dio lehenik eta behin mezua, eta honek bidaliko du Interneten zehar mezua. Honen egitura marrazkian ikus daiteke argiago.
Zergatik funtzionatzen duten atebideek
Atebideak oso garrantzitsuak dira IP birbidaltzea era egokian eta eraginkorrean egin ahal izateko. Kasu gehienetan, TCP/IP host-entzat atebide moduan jokatzen duen bideratzaileak (bideratzaile hau etxeko router bat edo bi edo sare gehiago konektatzen dituen konputagailu bat izan daiteke) badaki sare handietako beste azpisareetara nola iritsi.
TCP/IP host horiek konfiantza dute atebideengan haien komunikazioak urrun dauden beste host batzuekin ongi burutuko direlakoan. Honela, host horiek ez dituzte haien birbidaltze tauletan oso urruti dauden beste host batzuen IP helbideak gorde eta eguneratu behar. Lan hori atebideak egingo du.