Atarrabia
Atarrabia[3] ([ataraβia]) Nafarroa Garaiko erdialdeko udalerri bat da, Iruñerrikoa. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera 10.496 biztanle zituen. 1960ko hamarkadatik aurrera garatutako herria da, Iruñerriko gune metropolitarraren iparraldean. Itsasoaren mailatik 434 metrora kokaturik dago.
Atarrabia | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||||||||||
Atarrabiako karrika. | |||||||||||
| |||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Herrialdea | Euskal Herria | ||||||||||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||||||||||
Merindadea | Iruñea | ||||||||||
Eskualdea | Iruñerria | ||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Nafarroa | ||||||||||
Izen ofiziala | Villava/Atarrabia | ||||||||||
Alkatea | Mikel Oteiza (Euskal Herria Bildu) | ||||||||||
Posta kodea | 31610 | ||||||||||
INE kodea | 31258 | ||||||||||
Herritarra | atarrabiar | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 42°49′51″N 1°36′31″W | ||||||||||
Azalera | 1,1 km² | ||||||||||
Garaiera | 434 metro | ||||||||||
Distantzia | 4 km (Iruñetik) | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 10.067 (2023: 45) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 9.151,82 biztanle/km² | ||||||||||
Zahartzea[1] | % 38,75 | ||||||||||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 23,79 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera[1] | % 81,22 (2011) | ||||||||||
Desberdintasuna[1] | % 1,06 (2011) | ||||||||||
Langabezia[1] | % 12,95 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1][2] | % 18,70 (2018: %4,59) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Webgunea | http://www.atarrabia.es/eu |
Euskarazko izena Atarrabia izan arren, gaur egungo izen arautua Villava/Atarrabia da, gaztelaniaz eta euskaraz.
Iruñerriko Mankomunitatea zaborra bildu, ura hornitu eta bestelako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da, Iruñea inguruko gune metropolitarreko beste hainbat herritan bezala.
Inguru naturala eta kokapena
Atarrabiak azalera nahiko txikia dauka, 1,1 kilometro karratukoa, eta, Iruñetik lau kilometrora dago, Iruñeko merindadearen hegoaldean eta Iruñerriko gune metropolitarrean. Herrira Iruñetik heltzeko, Vianako Printzearen plazatik abiatuta, Beloso aldapatik behera eginez, Atarrabiara heltzen da Serapio Uitzi etorbidetik.
Mugak
Mugakide honako udalerri hauek ditu: Iparraldean Ezkabarte, ekialdean Uharte, hegoaldean Burlata eta mendebaldean Iruñea.
Klima eta landaredia
Atarrabiako klima azpimediterraneo epela da, prezipitazioak ugariak dira urte osoan zehar, baina uztaila eta abuztuan nahiko urriak dira, aldaketa termikoa ertaina da. Urteko batez besteko tenperatura 12-13 gradukoa eta prezipitazioak 1.100 eta 1.200mm artekoak dira. Urteroko egun euritsuak 100-120 dira.
Udaberrian eta udazkenean ohikoak izaten dira ekaitzak. Oro har, Iruñean baino euri apur bat gehiago egiten du, Iruñerriko gune metropolitarraren iparraldean baitago.
Historia
1184. urtean Villava edo "Villa noua" izeneko hiribildua sortu zuen Antso VI.a Nafarroakoak, Atarrabia herrixkaren ondoan. Bertako biztanleei Iruñeko San Nikolas burgu berriko biztanleen foru bera eman zitzaien. Foru horiek 1256an berretsiak izan ziren. 1405. urtean Karlos III.a Nafarroakoari eman zitzaion San Andres eliza babestearen ardura. Errege hark Orreagako Monasterioari eman zion.
Atarrabia Frantziara edo Nafarroako Erresumaren iparraldera joaten ziren merkatari eta bidaiarien ezinbesteko igarobidea izan zen Erdi Aro osoan. Betidanik Zangozako merindadearen zati izan eta gero, XVII. mendean Iruñeko merindadearen zati bihurtu zen herria. Atarrabia batzar batek aukeraturiko alkate batek eta bi epaimahaikidek gobernatzen zuten. Gaztelak Nafarroa indarrez konkistatu eta gero, erregeorde batek izendatu zituen kargudunok.
XIV. mende eta XV. mendeak izurri eta pobreziaz beteriko mendeak izan ziren Atarrabiarrentzat. Hauek gaindituta, egoerak hobera egin eta biztanleria hazten joan zen. 1545ean udaletxea, eliza berria eta errota nagusia eraiki ziren. Nekazaritza eta abeltzaintzarekin loturiko jarduerak nagusi zirelarik XVIII. mendearen amaieran, irina egiteko errotak eraiki ziren.
Karlistadaren eta Frantziako Iraultzaren ondorioz egondako gerrateen ondorioz Atarrabia herria erabat suntsiturik geratu zen. Horrez gain, Orreagako Monasterioaren ondasunen desamortizazioa egin zuen Espainiako gobernuak. Behin gerrateak gaindituta, industrializazio xume bat hasi zen. 1841. urtean papergintzaren sektoreko Papelera Española lantegia eraiki zen. Horrekin batera, beste hainbat sektoretako lantegiak eraiki ziren, likoregintzan, orgagintzan, ardogintzan, zurgintzan eta abarretan.
XX. mendearen hasieran azpiegiturek eta garraiobideek hobera egin zuten Zangozaraino zihoan Irati trenbide elektrikoa inauguratzean. Mendea igaro ahala, zenbait industria garatu zirenean, biztanleria haziz joan zen, sortutako lan aukera berriek erakarrita. Industria berriak agertu ziren horrela, plastikogintza eta lantegi mekanikoak. XX. mendearen erdialdetik hasita, Atarrabiako biztanleria hamar halako hazi zen.
Gaur egun, Atarrabia Iruñerriko udalerria da, Nafarroako hiriburu Iruñeari erabat lotua.
Ekonomia
Atarrabiako jarduera ekonomiko nagusia zerbitzuak eta industria dira. XX. mendean zehar nekazaritza alde batera utzi eta industriak garrantzia hartu zuen. Gaur egun, herrian industrialde bat bada, eta etxebizitza guneekin nahasten diren enpresa bakan batzuk. Azken urteetako hazkunde demografikoak eraikitzeko libre geratzen ziren orubeak agortzea ekarri du. Horrela, hurrengo hamarkadan herrian dauden enpresa gehienek beste kokaleku bat topatu beharko dute.
Atarrabiako industrialdeko enpresa gehienak altzariaren sektorekoak dira.
Industrialdea
N-121A errepidearen ondoan kokatua, industrialdeak 100.500 metro koadroko azalera dauka. Atarrabiako hirigintza-plangintza orokorrak dioenaren arabera, erabilera industrialekoa da gunea, merkataritza eta ostalaritza erabilera osagarriak direla. Eraikinek izan dezaketen altuera gehienekoa sei metro da. 1998ko iraileko datuen arabera, industrialdean 46 enpresa daude, eta 58 sailetatik bederatzi bakarrik zeuden betetzeke.
Industrialdea N-121A errepidearen kokatua egoteaz gain, Iruñerriko PA-30 ingurabide autobidearen hegoaldean dago.
Demografia
Atarrabiako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 969 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %9,48 (Nafarroa Garaiko batezbestekoaren azpitik).
Politika
Nahiz eta 1980ko hamarkadan Atarrabiako herritarrek erreferendum baten bidez Euskal Herriko ikurrina udaletxeko balkoi nagusian egotea onartu, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak egindako Zeinuen Legeak kentzera behartu zituen udaleko arduradunak. Ondoren, alkateak udaletxearen ondoan, masta jarri zuen ikurrina jarri ahal izateko, baina Gobernuak hura ere kentzera behartu zuen.
Udaletxea
Udaletxea Kale Nagusian dago, elizaren plazaren ondoan, eta herriaren erdigunean. Lau zatitan banatutako adreiluzko eraikina da. XX. mendearen amaieran, eraberritze lanak burutu ziren, eta 239 milioi pezeta gastatu zituen udalak, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak emandako diru laguntzari esker. Udala alkateak eta hamabi zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Kale Nagusia, 22
Udal hauteskundeak
2007an Atarrabiako alkate kargurako Pello Gurbindo Jiménez aukeratu zuten. Hauteskunde haietan Nafarroa Bai izan zen boto gehien jaso zituen alderdia, guztira sei zinegotzi eskuratu zituen. UPNk bost zinegotzi lortu zituen, Eusko Abertzale Ekintzak hiru zinegotzi, PSNk bi, eta Ezker Batuak zinegotzi bakarra. Baliogabeko botoak 37 izan ziren (emandako guztien %0,68) eta 83 boto zuri izan ziren (botoen %1,52). Abstentzioa %28,47koa izan zen.
2011ko udal eta foru hauteskundeen ondoren Pedro Gaztearena izendatu zuten Atarrabiako alkate. Bildu izan zen boto gehien jaso zituen alderdia, guztira bost zinegotzi eskuratu baitzituen. Bigarren alderdia Atarrabia Bai izan zen (5 zinegotzi), UPNk lau zinegotzi lortu zituen, eta PSN, Nafarroa Bai 2011 eta Nafarroako Ezker Batuak (I-Eko zerrendarik ez zen egon) zinegotzi bana lortu zituzten. Baliogabeko botoak 50 izan ziren (emandako guztien %0,97) eta 170 boto zuri izan ziren (botoen %3,32). Abstentzioa %32,49koa izan zen.
2015eko udal eta foru hauteskundeen ondoren, Euskal Herria Bilduko Mikel Oteiza hautatu zuten alkate.
Atarrabiako udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euskal Herria Bildu* | 8 / 17 |
5 / 17 |
|||
Geroa Bai (2015) / Nafarroa Bai (NaBai) (2011) | 3 / 17 |
1 / 17 |
|||
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | 3 / 17 |
4 / 17 |
|||
Izquierda-Ezkerra** | 2 / 17 |
1 / 17 |
|||
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE)) | 1 / 17 |
1 / 17 |
|||
Atarrabia Bai | 5 / 17 |
||||
*2011ko hauteskundeetan Bildu gisa aurkeztu zen koalizioa. **2011ko hauteskundeetan Nafarroako Ezker Batua aurkeztu zen. | |||||
Datuen iturria: 2015eko hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean, 2011ko hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean |
Alkateak
Hauek izan dira Atarrabiako azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia[4] | |
Jose Maria Arrasate Oloriz[5] | 1979 | 1983 | Agrupacion Electoral Atarrabia | |
Emilio Carrasco Maya[5] | 1983 | 1987 | Nafarroako Alderdi Sozialista | |
Vicente Sabalza Martinez | 1987 | 1991 | Independientes de Villava | |
Vicente Sabalza Martinez[5] | 1991 | 1995 | Independientes de Villava | |
Hilario Eransus Olleta[5] | 1995 | 1996 a | Nafar Herriaren Batasuna | |
Alfonso Ucar Zaratiegui | 1996 | 1999 | Nafar Herriaren Batasuna | |
Peio Joseba Monteano Sorbet[5] | 1999 | 1999 b | Eusko Alkartasuna (Atarrabia Hautesle-Elkarte) | |
Alfonso Ucar Zaratiegui[6] | 1999 | 2003 | Nafar Herriaren Batasuna | |
Alfonso Ucar Zaratiegui[6] | 2003 | 2007 | Nafar Herriaren Batasuna | |
Peio Gurbindo Jimenez[7] | 2007 | 2011 | Nafarroa Bai | |
Pedro Gastearena Garcia[7] | 2011 | 2015 | Bildu | |
Mikel Oteiza Iza[4] | 2015 | 2019 | Euskal Herria Bildu | |
Mikel Oteiza Iza[4] | 2019 | Jardunean | Euskal Herria Bildu |
a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.
b Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.
Azpiegiturak
Iruñerriko PA-30 ingurabide autobideak udalerria iparraldetik zeharkatzen du, Atarrabia gune-metropolitarreko gainontzeko udalerriekin batuz. Horrez gain, N-121A errepideak ere inguruko Arre, Burlata eta Uharterekin elkartzen ditu Atarrabia.
Garraioa
Udalerri honetan Eskualdeko Hiri Garraioaren 3 linea daude:
Eskualdeko Hiri Garraioa Atarrabia | |||||
|
|
Horrez gain, Nafarroa Garaiko ipar-ekialdeko hainbat herri Iruñearekin batzen dituen Autobus Artieda konpainiaren linea batek geltokia dauka Atarrabian. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:
- Jaurrieta - Abaurregaina - Abaurrepea - Garaioa - Aribe - Garralda - Orreaga - Auritz - Aurizberri - Mezkiritz - Lintzoain - Erroibar - Zubiri - Larrasoaña - Idoi - Zuriain - Antxoritz - Zabaldika - Olloki - Uharte - Atarrabia - Burlata eta Iruñea
Konpainia beraren bigarren lineak (Eugi eta Iruñea bitartekoa), geltokia dauka herrian. Ibilbidea honakoa da.
- Eugi - Urtasun - Saigots - Zubiri - Urdanitz - Larrasoaña - Idoi - Zuriain - Antxoritz - Zabaldika - Olloki - Uharte - Atarrabia - Burlata eta Iruñea
Gainera, Conda autobus konpainiaren Otsagabia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Lineak honako ibilbidea egiten du:
- Otsagabia - Ezkaroze - Orontze - Espartza Zaraitzu - Sartze - Gorza - Galoze - Nabaskoze - Irunberri - Artieda - Artaxo - Agoitz - Urrotz - Lintzoain - Erantsus - Ibiriku - Egues - Uharte - Atarrabia - Burlata eta Iruñea
Konpainia beraren beste linea batek Irunberri eta Iruñea batzen ditu, Irunberritik aurrera aurreko lineak duen ibilbide berarekin.
Orbaizeta eta Iruñea batzen dituen lineak ere Agoitz zeharkatzen du, eta honako ibilbidea egiten du:
- Orbaizeta - Orbara - Aribe - Garralda - Orotz-Betelu - Artzibar - Agoitz - Urrotz - Lintzoain - Eguesibar - Uharte - Atarrabia - Burlata eta Iruñea
Hirugarren linea batek Agoitz eta Iruñea batzen ditu, hiru zerbitzu baino ez ditu eguneko eta Agoitz eta Iruñea batzen ditu Eguesibar, Urrotz eta Lizoainibar zeharkatuz.
Kultura
Hezkuntza
- Pedro de Atarrabia B.H.I
- Paz de Ziganda Ikastola
- Atargi Ikastetxe Publikoa
- Lorenzo Goikoa Ikastetxe Publikoa
- La Presentacion
Aretoak
- Totem musika aretoa.
Jaiak eta ospakizunak
- Herriko jaiak Ama Birjina Arrosariokoaren omenez ospatzen dira. Urriko lehen igandearen bezperan jaurtitako suziriarekin hasten dira, eta astebete irauten dute. Iruñerriko udalerrietako azken jaiak dira.
- Nafarroako Foru Erkidegoaren Eguna abenduaren 3an ospatzen da, Frantzisko Xabierkoaren egunean alegia.
- Zuhaitzaren eguna martxoko bigarren larunbatean antolatzen da. Egun horretan, herriko ikasleek zuhaitzak landatzen dituzte eta hormirudi berde bat margotzen dute. Oro har, haur eta gazteei zuzenduriko ekitaldia da.
- Atarrabiaren eguna iraileko lehen igandean ospatzen da.
- San Andres eguna azaroaren 30ean ospatzen da. Herriko patroiaren omenezko hainbat ekitaldi antolatzen dira: besteak beste, santuaren omenezko meza nagusia. Mezan udalbatza osorik izaten da.
Ondasun nabarmenak eta toki ikusgarriak
Donibanetik | Donejakue bidea Nafar bidea |
Donejakuera | |||||
Irotz (4,6 km) |
Atarrabia | Burlata (1,7 km) | |||||
(Baionatik) Arre (2,0 km) |
|||||||
San Andres eliza
Antzinako San Andres eliza XVI. mendearen bigarren erdian hasi ziren eraikitzen, zehazki 1563. urtean. Eraikuntza lanak XVII. mendera arte ez zituzten amaitu. Gaur egun, eraikina kokatzen zen toki berean eliza moderno bat ageri da, 1960ko hamarkadan jatorrizko elizaren arrastoen gainean eraikia. Historialarien ustetan, Erdi Aroan eliza erromaniko bat izan zen herrian, San Andres zubiaren ondoan, eta Ultzama kalea gurutzatzen den tokian.
Antso VI. jakitunaren monumentua
Atarrabiako kale nagusian dago, udaletxearen ondoan. Egitura 1984an jarri zen, herriak Antso VI.a erregearengandik forua jaso zuela 800 urte bete zirela ospatzeko. Aezkoako eskulturgile batek egin zuen eta bloke baten gainean dagoen Antso VI.aren gorputza irudikatzen du. Harrian, latinez, gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako testua ageri da.
Bestelako eraikinak
Kale Nagusiaren 51. zenbakian Motza etxea dago.
Serapio Uitzi kalea eta Atarrabiako Kale Nagusian, XX. mende hasierako eraikin eta jauregiak daude. 1911. urtean "Besta Jira Bello" izeneko eraikina altxatu zen Iruñeko familia burgesen ekimenez, bertan kasino eta jatetxe moderno bat ezartzeko asmoarekin. 1915ean Domingotarrek eraikina erosi zuten, gaur egungo Ama Arrosariokoaren eliza dena.
Argaren Ibai Parkea
Iruñerritik pasatzen den Arga ibaiaren ibilbidean Iruñerriko Mankomunitateak 12 kilometro inguruko natur pasealekua antolatu zuen Argaren Ibai Parkean. Guztira milioi bat metro koadro hartzen ditu parkeak. Ibaiko landarediaz gain beste elementu asko ikus daitezke ibilbidean: zubi historikoak, presak, errotak, zaldainak, lorategiak, parkeak, ontziralekuak, askaldegiak, arrantza lekuak, haztegiak, baratzeak, zaldiak eta behiak belar-soroetan, iturriak, pilotaleku bat, bai eta Ingurumen Heziketarako Museo bat ere.[8] Atarrabian aipagarriak dira zubia eta San Andres errota, Arga eta Ultzama ibaiek bat egiten duten tokian dagoena. San Andres Errotan gora bi adarretan banatzen da bidea, Arga ibaiarekin Uharte eta Zabaldikara doa eta Ultzama ibaiarekin Arre eta Soraureneraino.
- Atarrabian Arreko Andra Mariren zubia
- Atarrabiako ur-jausia, Arreko Andra Mariren zubian
- Atarrabian Arreko Andra Mariren zubia
Jakingarriak
Iruñerriko biztanleek "Atarrabiarra" (gaztelaniaz La Villavesa) deitzen diete Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioaren autobusei.
Atarrabiar ospetsuak
- Petri Atarrabiakoa (1280-1347), teologoa, frantziskotar fraidea.
- Fermin Tirapu Idoate (1840-1923), apaiza eta kalonjea, Iruñeko apaiztegiko errektoreordea eta Teologian katedraduna.
- Aita Lino Murillo (1852-1932), jesuita jakintsua.
- Serapio Huitzi (1868-1953), ingeniaria eta idazlea.
- Manuel Melchor Irure (1887-1996), Guardia Zibileko jenerala.
- Lorenzo Goikoa, Atarrabiako semetzakoa. Herri honetan hogeita hamabi urte eman zituen maisu lanetan, 1893tik 1930era. Bere irakaspenek atarrabiar belaunaldi askoren bizitzak baldintzatu ditu.
- Fermin Mugeta Saratsa (1907-1985), idazlea eta kazetaria.
- Ángel Zuñiga (1911-1994), kazetaria.
- Hilario Eransus (1927-1996), herriko medikua eta birritan alkatea izana.
- Domingo Iturgaitz (1932-), mosaiko eta mural egilea, domingotar fraidea.
- Maximo Oloritz Gorraitz, musikagilea eta organo-jotzailea.
- Peio Monteano (1963-), idazle eta historialaria.
- Migel Indurain Larraia (1964-), lorpenik handienak izan dituen Euskal Herriko txirrindularia, besteak beste Frantziako Tourra bost aldiz irabazi baitzuen (1991tik 1995era).
- Oskar Goñi (1967-), pilotaria.
- Prudencio Indurain (1968-), txirrindularia.
- Iñaki Malumbres (1975-), eskubaloi jokalaria, Portland San Antonio eta Arrate Kirol Gaztedian ibilitakoa, besteak beste.
- Ruth Unzu Ripoll (1980-) atleta Espainiako Pentatloiko txapelduna 2006an.
- Mikel San Jose (1989-) futbolaria, Espainiako Superkopako txapelduna 2015ean, Athleticekin.
- Amaia Mendiorotz (1989-), futbolaria, Rayo Vallecano taldean aritua.
- Eneko Satrustegi (1990-), Osasunako futbolaria.
- Maialen Gurbindo "Chica sobresalto" (1994-), abeslaria.
- Xabier Irurita (2002-), Osasunako futbolaria.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 50-55 or..
- Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
- «VILLAVA/ATARRABIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- (Gaztelaniaz) «UPN comparte con EA y Aralar el Ayuntamiento navarro de Villava» El País 2003-07-03 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- (Gaztelaniaz) «Bildu logra la alcaldía con mayoría simple tras el apoyo de NaBai» Diario de Navarra 2011-06-12 (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- «Argaren Ibai Parkea» www.turismo.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-08-27).
Ikus, gainera
- Billabeta
- Atarrabiako kilikiak
- Nafarroako udalerrien zerrenda
- Iruñerria
- Iruñeko merindadea
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- Atarrabiako udalaren webgunea
- (Gaztelaniaz) Atarrabiari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Fermin Tirapu kalearen ikuspegia Google Street View-n.
- Paz de Ziganda Ikastolari buruzko erreportajea Argia astekarian.
- "Nafar Away" saioan (11TB).