Atarrabi
Euskal mitologian, Atarrabi (halaber Atarrabio, Hondarrabio edo Atarrats) Mari eta Majuren seme ona da. Bere anaia gazteagoarekin, Mikelatsekin, Txerren edo Etsairen haitzulora joan zen, beste hainbatekin batera ikasketak egitera. Txerrenek bere itzala harrapatu omen zuen Atarrabik harengandik ihes egin zuenean, eta geroztik itzalik gabe bizi behar izan omen zuen.
Atarrabi | |
---|---|
Euskal Herriko mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Baliokideak | Pedro Axular |
Familia | |
Aita | Sugaar |
Ama | Mari |
Anai-arrebak | Mikelats |
Gerora, kristautasunak erantsitako bukaeraren arabera, sakristau batek lagunduta berreskuratu zuen azkenean itzala. Atarrabiri itzala meza garaian bakarrik agertzen zitzaion; sagaratze unean, hain zuzen. Atarrabik eskatuta, itzala agertu zitzaionean sakristauak buruan kolpe batez jota hil zuen Atarrabi. Gero, jarri zuen gorpua haitz baten gainean, eta uso-talde batek eraman zuen, itzal eta guzti.
Atarrabiren beste izen pare bat Atarrabio eta Hondarrabio direla jasota du Barandiaranek.
Izenak agertzen duena
Gaur egun Euskara batuak arrabi abere bakar bat izendatzeko erabiltzen badu ere, berez, iparraldean hegoaldean eskorpioiari ematen dioten izena eta hegoaldean iparraldean lupua izenarekin ezagutzen den aberearen izen berbera da.
Abere baten irudikapena izatekotan bietako edozein izan zezakeen. Joseba Aurkenerena-ren esanetan bi anaiei balizko izar bat zegokien[1], hots, Atarrabi Eskorpioi-aren konstelazioarekin pareka genezake.
Baina, aitzinako sinesmenen arabera, suan bizirik igarotzeko ahalmena duen lupuak ere egokia dirudi Sugaarren semearentzat.
Etimologiak batzuetan erantzunak baino nahasketa gehiago sortzen du. Atarrabiren izenean bi izenen gehiketa sumatzen bada ere, bigarrena gorago aipaturiko animaliei erreferentzia izan daitekeen arren, lehenengoa zehaztea ez da gauza erraza. Atta, aita esatearen modu herrikoitik dator edo Atar-etik, gaztelaniazko "lotu" hitzetik?[erreferentzia behar]
Kondairaren Atarrabi delakoa Petri Atarrabiakoa[2] (1280-1347†) fraide frantziskotarrean izan liteke ere. Aurrerago Etsairen haitzulora ikasketak egitera gehitu zen Axularren antzera, Atarrabiako Petri teologian maisu eta liburu baten idazlea ere izan zen. Bere egunean Filipe III. burutu zuen foruen hobekuntzan egindako lana izan zen ospea eman ziona.
Argia baino azkarragoa
Zerbaitetan nabarmentzen bada Atarrabi adimenean da. Bi adibide aurkezten dira elezaharretan zetabea edo bahea dela medio.
Deabruak zetabea urez betetzeko agindu zion Atarrabiri. Denbora gutxira Deabruari deitu eta lortu zuela esan zion, eta hala zan, zetabea putzuan urperatuz ezina egina zeukan. Ez dirudi kasualitatea beste elezahar batean galtzagorriek arazo berdinaren aurrean konponbiderik ez aurkitzea.
Zetabearen garrantzia bere ihesaren bertsio batean ere ageri da. Zeren, haitzulotik anaia Mikelatsen atzetik irten zela dioen kondaira jasota badago ere, bada beste bat kobazuloan morroi gisa Deabruarentzat (anaiaren ordez) lanean geratu zela dioena.
Zetabearekin lanean pasatzen zituen Atarrabiok egunak, eta egunero Deabruak hondoko gelatik "Non zaude?" galdetzen zion eta berak "Hemen nago!" erantzutera behartuta zegoen. Baina Atarrabiok zetabeak bere ordez erantzun zezan lortu zuen eta denbora gutxira Deabruaren galderari zetabeak erantzuten zion eta atzerantz ibiltzen kobazulotik irtetea lortu zuen. [3]Trikimailu honi esker ihes egin zuen, baina beste elezaharretan bezala bere atzean itzala galdu zuen ihesaren ordainean.
Zetabearen erantzuteko ahalmena Tartaloren eraztunaren parekotasuna nabarmena da eta honek ere ez dirudi kasualitatea denik.
Bi elezahar hauetan adierazgarria da zetabearen papera nekazari gizarte baten tresna gisa, hots, kondaira hauek lehen nekazarien garaian hedatu zirela pentsa daiteke.
Itzala eta apaiza, arimaren hesteak
Dena den, elezaharrak bat datoz itzala galdu zuela eta nola galdu zuen agertzen duten kondairetan. Modu batean edo bestean Deabrua engainatu egiten du. Batean aipatutako zetabearen bitartez bestean bere atzetik datorrena harrapatzeko esaten dioenean.
Denborarekin apaiz bilakatzen da, itzalik gabekoa baina apaiza azken finean. Hala ere, Kristoren boterea tarteko, mezako eukaristiaren unean itzala azaltzen zitzaion. Hau ikusita sakristauari hiltzeko mesedea eskatu zion, baina sakristauak bekatuaren kezkagatik edo beste zerbaitegatik ez zuen Atarrabiren eskaera bete. Ez behintzat lehengo egunean, ezta bigarrenean ere, baina hirugarren egunean, Atarrabi ostia altxatzen zegoela, itzala azaldu bezain pronto sakristauak makilakada bat eman zion buruan, bertan hilik utzita.
Ondoren, Atarrabik eskatu bezala gertu zegoen arroka batean utzi zuen gorpua eta sakristaua zelatan geratu zen zer hegazti zetozen jakin nahian. Atarrabiren esanetan bere gorpua beleek eramaten bazuten, jakina, bere arima kondenatua zegokeen, aldiz, uxoak bere gorpua eramaten bazuten salbatua zatekeen.[4]
Kristau kutsua kenduta azkeneko zatia nahiko adierazgarria da. Apaiza baino Atarrabi Augure bat da, sakristauari irakatsitakoa auspicium-a da , txorien hegaldiak ikertu eta etorkizuna igartzeko modua.
Baina kristau kutsua ere badu zerbait esateko, ostia delakoa kristoren gorputza baino Eguzkiren iruditzat altxatzen du Atarrabik, honela uler daiteke itzala (arima aitzinean) azaltzea.
Axularren eta Atarrabiren kondairen antzekotasunak
Axular edo Pedro Agerre Axular (1566-1644†) apaiza eta Gero liburuaren idazle famatua, halako erudizioa eta oratoriarako ahalmena zeukan, non Sarako bizilagunek jakituria guztia Deabruri zor ziola sinesten zutela. Deabruak Salamankako leize batean zuen unibertsitatean, Axular mota guztietako zientzia ilunetan lizentziatu zen, Mikelats eta Atarrabi gelakide zeuzkala.
Jose Dueso-k Axular Mikelats-ekin parekatzen zutela dio, baina elezaharrek jasotzen dituzten gertakizunak Atarrabi-ri gertatutakoak dira.[4]
Bai itzala galtzearen atalean edo eta nola berreskuratu zuena kontatzen dutenak berdinak dira.
Atarrabirekin parekotasuna nabarmena da. Elezahar batek dioenez bere anaia "gaiztoa" (Mikelats) beragana hurbildu eta Sarako gari soroak begira zeudela zera esan zion: "Zaldi onak dauzkat une batean laborantza hauek botako zituztenak". Hau entzun eta Axularrek; "Zure zaldiak eutsiko lituzketen balazta onak ere baditut" erantzun zion. Beranduago, etxean zegoela, serorari erne ibiltzeko esan zion eta Larrunen hodei bat ikusten zuenean lehenbailehen abisatzeko. Eta horrela egin zuen serorak, hodeia azaldu bezain laster Axularri abisatu eta honek kazkabar ekaitz bat zetorrela ikusita zapata bat kendu eta hodeiari jaurti zion eta honela desbideratzea lortu zuen, gari soroak salbatuz.[5]
Baltzolan bi anaiari sugearekin gertatukoaren kondairaren bukaera ere bereganatua du Axularren kondairak. Zugarramurditik gertu behiak galdu zituen unai bati Deabrua jaun dotore baten itxuran azaldu zitzaion laguntza eskainiz. Behiak non zeuden esatearen truke atorra bat eraman beharko zion Sarako apaizari, unaiak onartu zuen esandakoa eta behiak aurkitu ondoren Deabruak emandako atorrarekin azaldu zen Sarako elizan. Axukarrek atorra ireki eta barruan gerriko gorri batzuk zeudela ikusi ondoren unaiari gertu zegoen zuhaitz batean lotzeko eskatu zion. Honela egin zuen unaiak eta egin bezain laster zuhaitza tximista batek joko balu bezala lurrera erori zen. [4]
Erreferentziak
- Aurkenerena, Joseba. (2001). Euskal sinesmen zaharrak. Gero, 125 or. ISBN 84-271-2255-1..
- «Gizon-emakume ospetsuak» Ayuntamiento de Villava / Atarrabiako Udala (Noiz kontsultatua: 2020-10-17).
- (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1990). Nosotros los vascos, Tomo I, Mitos, leyendas y costumbres. Lur, 60 or. ISBN 84-7099-261-9..
- (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1990). Nosotros los vascos,Tomo I, Mitos, leyendas y costumbres. Lur, 62 or. ISBN 84-7099-261-9..
- (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1990). Nosotros los Vascos, Tomo I, Mitos, leyendas y costumbres. Lur, 63 or. ISBN 84-7099-261-9..