Atacamako basamortua

Atacamako basamortua[1] Hego Amerikako basamortu bat da, Andeen eta Ozeano Barearen artean dagoena, Txileko iparraldean. 966 km luze da, eta 105.000 km² ditu. Munduko lekurik lehorrena da, Artikoa kontuan izan gabe. Ikerketek diote 1570etik 1971ra zenbait lekutan ez zuela inoiz egin euririk. Hain da lehorra, eskualdeko 6.885 metroko mendiek ez baitute glaziarrik.

Atacamako basamortua
Desierto de Atacama
Atacamako basamortua is located in Hego Amerika
Atacamako basamortua
Atacamako basamortua
Atacamako basamortua (Hego Amerika)
Eskualdea Txile
 Peru
 Bolivia
 Argentina
Koordenatuak24°30′S 69°15′W
Eremua105.000 km²
Luzera1.000 km.
Punturik beherenaOzeano Barea (0 m)
Tenperatura gorena45 °C
Tenperatura baxuena-25 °C
Prezipitazioa50 mm/ur
BaliabideakKobre, burdin, litio
Artikulu hau Atacamako basamortuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Atacama (argipena)».

Ikuspuntu ekonomikotik, gune hau garrantzitsua da bertan dauden mineral eta metalengatik, eskualde oso aberatsa baita arlo horretan. Kobreari dagokionez da bereziki aberatsa (Txile munduko kobre ekoizle eta esportatzaile handiena da) baina beste mineral metaliko ugari ere badira, urrea, zilarra eta burdina adibidez. Bestalde, mineral ez metalikoak ere aurki daitezke, baina hein txikiagoan, hala nola sodio nitratoa eta potasioa.

Jatorria

Basamortuaren sorrera orain dela hiru milioi urte inguru izan zen. Mendebaldean ozeano pazifikoko itsas korronteek eta ekialdean Andeetako mendilerroa ditu, eta horrek eragiten du muturreko klima hori.

Alde batetik, Atacama basamortuaren  sorreraren arrazoi nagusia Foehn efektua da. Andeetako mendikateak Ozeano Atlantikotik datozen urez kargatutako hodeiak oztopatzen ditu, bestaldera hezetasuna igarotzea galaraziz. Aire korronteek mendikatea igarotzean zeukaten ur guztia mendikatearen beste aldean isuri dute jada eta horregatik sortzen da desertu bat mendebaldeko aldean.

Bestalde, Hego Amerikako mendebaldeko Ozeano Barearen aldetik ere antizikloiak eratzen dira Peruko itsaslasterraren ondorioz, oso eremu idorra sortuz.

Klima

Atacamako basamortuan prezipitazioa oso urria da. 15 edo 40 urtez behin soilik erregistratu dira neurtzeko moduko prezipitazioak (1mm edo gehiagokoak). Izan ere, euri gabeko garai oso luzeak egon dira, basamortuaren erdialdeko eremuan 1570 eta 1971 artean euririk egin ez zuela ondorioztatu dute ikerlariek. Gaur egun, Iquique izeneko herriak du lehorte luzeenaren errekorra, 16 urtekoa. Urtarrila eta otsailean altiplanoko negua deritzoa gertatzen da, ekaitz elektrikoak eta noizbeinka euriak ere eragiten dituena.

Tenperaturei dagokionez, eguna eta gauaren arteko tenperatura jauziak oso handiak dira. Gauez zeropetik 25 gradura jeitsi daiteke tenperatura, eta temperatura maximoak 50 gradu ingurukoak izan daitezke eguerdian. Bestalde, Kaprikornio tropikoaren mugan kokatuta dagoenez, udaren eta neguaren arteko tenperatura aldeak oso txikiak dira.

Atacamako basamortuaren erdialdeko eremuetan airearen hezetasuna oso baxua da, % 18 ingurukoa. Hala ere, kosta inguruko zonaldeetan hezetasuna ikaragarri handia da, % 98 ingurukoa.

Historia

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Munduko zortzi leku muturreko: Atacama da munduko tokirik lehorrena.

Kolonaurrekoa

Basamortua Amerikako konkista baino lehen jendeztatuta zegoen. Hispaniarraurreko aldian, K. a. 5000 eta 1700 artean, Chinchorro kultura garatu zen. Biztanle haiek bere hildakoak artifizialki momifikatzen hasi ziren lehenak izan ziren. Gainera, eremu hau hainbat etnia ezberdinez jendeztatuta zegoen, adibidez, changoak, atakamarrak, coleak, lupacak eta uroak.

Lehenik, Chucuitoko jaurerriaren menpean egon zen, Colesuyo izenarekin. Geroago Inka Inperioak berea egin eta Collasuyo izena jarri zion.

Espainiaren konkistaren ondoren

Gaur egun, eskualdeko herri nagusia San Pedro de Atacama da. Bertan, espainiarrek 1577an eliza bat eraiki zuten. Hurrengo mendeetan, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, Espainiar Inperioak kostaldean zenbat herri eraiki zituen, Potosín lortutako zilarra garraiatzeko.

Independentzia ondoren

Hispanoamerikarren independentzia guden ostean, eremua lehian murgilduta egon zen eta 1866. eta 1874. urteetako limiteen tratatuetan, ofizialki lurralde boliviar bihurtu zen. Nahiz eta egindako itunak adiskidetsuak izan, tirabirak ez ziren konpondu. Azkenean, 1879ko otsailaren 14an txiletar lehorreratzea gertatu zen Antofagastan, eta horrela, Txilek bi herrialde horiei guda deklaratu zien 1879ko apirilaren 5ean. Horrela hasi zen Ozeano Bareko Gerra, 1884. urtean Txileren garaipenarekin. Liskar hau eta ondoren, Txilek Perurekin eta Boliviarekin Ancon eta Tregua itunak sinatu zituen, hurrenez hurren, eta Boliviako Litoral eremua eta Peruko Tarapacá eta Arica eremuak lortu.

XX. eta XXI. mendeak

XX. mendeaz geroztik, Panamerikar errepideak Atacamako basamortua iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du.

Atacamako gatz lautada: atzean, erditik eskuinaldera, Licancabur (muturduna) eta Jurique (muturmotza) sumendiak, Andeetako mendikatean.
« Herri guztietan dira ezin gauzatuzko amodioen berri ematen diguten elezaharrak. Atacamako basamortuan, esaterako (eta bertsioak bertsio), kontatzen dute Kimal mendi jainkosa Likankabur sumendi jainkoarekin ezkonarazi nahi zutela; baina berak beste sumendi bat maite, Jurike. Aitak —Laskar, oraindik ere indarrean dirauen sumendiak—, alabarekin haserre, burua moztu zion Jurikeri eta Kimal erbesterarazi egin zuen, Andeetatik Domeyko mendikatera igorriz, Atacamako gatz lautada zabalaren beste aldera. Udaburuero, eguzkia sartzerakoan, Kimalen itzala luze-luze egiten omen da, eta Domeyko mendikatetik lehen bizi zen lekuraino iristen da; Jurike kuttunaren ondoraino, alegia.  »

—Xabier Artola Zubillaga[2]

Gaur egun lehen mailako gune turistikoa da, bai Txilerentzat baita Boliviarentzat ere.

Astronomia

Atacamako basamortua izarrartea ikusteko eta astronomia garatzeko munduko lekurik aproposena bezala hartzen da. Izan ere, itsasoaren mailarekiko duen altuera, hodei eskasia eta ia argi kutsadurarik ez egoteak, astronomialariei baldintza ezin hobeak eskaintzen dizkie. Horregatik, dozena bat behatoki baino gehiago daude lurraldean barreiatuta, Paranal (VLT) adibidez, munduko gune astronomiko garrantzitsu eta garatuena. Horrek munduko ikusketa astronomikoaren % 40 Txiletik egitea dakar, eta hurrengo hamarkadetan astronomia sektoreak are proiektu gehiago garatuko ditu eskualde honetan.

Kirola

Atacamako basamortua batez ere ezaguna da kirol munduan 4X4 txapelketak hartzeagatik. Izan ere, basamortu honetan hainbat rally txapelketa egon dira, hala nola, Rally Baja Atacama, Rally Baja Chile, Rally Patagonia Atacama eta Rally Dakar txapelketa famatua bere baitan hartu ditu 2009-2015 urteetan.

Basamortu honetan egiten den beste lasterketa ospetsu bat Carrera Solar Atacama da. Lasterketa honetan gama ezberdineko ibilgailu solarrek parte hartzen dute.

Bioaniztasuna

Fauna

Guanakoak La Silla behatokia astronomikoan.

Atacama basamortuko muturreko klimak, ekosistema honetan bizi ahal diren animalien kopurua hein handian mugatzen du. Izan ere, badaude basamortuko eremuak non idortasuna hain den handia, ezin baitira ez animaliak ezta landareak ere bizi.

Eremu honen animalia ugarienak animalia txikiak dira, kilkerrak, tximeletak eta eskorpioi gorriak adibidez. Narrasti eta anfibio gutxi daude bertan, Atacamako apoak, iguanak eta laba muskerrak esaterako.

Hegazti kopuru nahiko handia dago, kostaldeko eremuetan aurkitu ahal den Humboldt pinguinoa, Andeetako flamenko arrosak eta txolarreak izan daitezke batzuk.

Lurralde honen hezetasun txikiko eremuetan ia ezin da ugaztunik aurkitu. Hala ere, zenbait salbuespen badira: hosto formako Darwinen sagua. Zonalde hezeagoetan animalia handiagoak aurki daitezke, hala nola, Hego Amerikako azeri grisa, vizcachak, guanakoak eta bikuinak. Azkenik, aipagarriak dira kostaldean zehar gelditzen diren itsas txakurrak eta itsas lehoiak.

Flora

Nahiz eta, faktore klimatiko eta geografikoak oztopoa handia izan Atacamako basamortuan bizitza garatu ahal izateko, fauna ez bezala, flora aniztasun handia dago. Basamortu honetan 500 landare-espezie inguru garatu dira. Espezie hauek deigarriak dira muturreko ekosistema honetara moldatu direlako. Espezierik ohikoenak lore eta belartxoak dira, adibidez: erle-belarra eta goroldioa. Hezetasun handiagoko eremuetan zuhaitz txikiak topa ditzakegu, hala nola, piper zuhaitza eta algarroboa. Bestalde, eremu idorretan landare zukutsuak (Aloe vera) eta kaktusak dira nagusi. Izan ere, bero eta lehortasunarekiko erresistentzia handia duten landareak dira hauek.

Azkenik, Atacam Desert Flowering izenaz ezaguna den fenomenoa aipatu behar da. Euri nahiko egin duen urteetan irailetik azarora ikus daiteke eta basamorturen bapateko loratzean (lore espezie ugarien agerpena) datza. Lotan zeuden erraboil eta hazi asko, udaberria heltzean euriek ernetzen dituztenean gertatzen da, intsektu, hegazti eta musker espezie txikien ugaritzearekin batera. Gertaera hau, bere handitasunik ikusgarrienean, Vallenar hiriaren Iparraldetik, Copiapó hiriaren Iparralderaino hedatzen da, bai kostaldean, bai barnealde eta mendilerroko guneetan. Fenomeno hau gertatutako azken urtea 2015an izan zen eta denboraldi horretan Atacamako basamortuak jasotako turista masiboen etorrerak fenomeno natural hau hondatzearen arriskua agertu zen. Horregatik, hainbat erakunde ekologistek Txileko Gobernua estutu dute neurri berriak hartzeko eta eremua babesteko.

Galeria

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
  2. Artola Zubillaga, Xabier. (2021). «Gara eta Jonay» blogoetak (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.