Astur-leones
Astur-leonesa[1] edo astur hizkuntza taldea antzinako astur tribuaren lurraldean, ondoren Asturias eta Leongo erresumak izanen zirenak, latinaren bilakaeraren ondorioz sortutako mintzairei ematen zaien izena da. Askotan asturierarekin (bablea) nahasi ohi da, nahiz eta, filologo gehienen aburuz, haren aldaeretako bat besterik ez den.
Astur-leonesaren aldaerek hainbat izen hartzen dituzte, eremu geografikoaren arabera:
- Asturiera (asturianu, bable) Asturiasko Printzerrian.
- Leonesa (llionés) Leon eta Zamorako zenbait ingurutan.
- Mirandesa (lhengua mirandesa) Miranda do Douro-n (Portugal): han ofiziala da.
Halaber, ondoko biak astur-leonesaren eta gaztelaniaren arteko aldaerak dira:
- Extremeñoa (estremeñu) Salamancako hegoaldean eta Extremadurako iparraldean hitz egiten den mintzaira, gaztelaniaren eragin handia duena.
- Montañesa edo kantabriera (montañés edo cántabru) Kantabriako mendebaldean, hori ere oso ahuldua.
Hiztun kopurua
Ez dago astur-leonesaren barruan sartzen diren mintzairen hiztunen kopuruari buruzko datu zehatzik, Leonen, Kantabrian nahiz Extremaduran ez baita ikerketa estatistikorik egin. Hala ere, Asturiasko eta Miranda do Douroko datuak nahiko zehatzak dira.
Izena | Hiztunak | % |
Asturiera | 550.000 | 88,8 |
Leonera | 55.000 | 8,9 |
Mirandera | 15.000 | 2,3 |
Erreferentziak
- Modu horretara aipatzen da Euskaltzaindiaren 38. arauan, 204. orrian.
Ikus, gainera
- Eonaviegoa (galiziera-asturiera)
Kanpo estekak
- (Asturieraz) Asturiasko II. Ikerketa Soziolinguistikoa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.