Astrologia
Astrologia gizakien patua ezagutzea eta aurresatea, eta ezagutza horrekin etorkizuneko gertaerak iragartzea helburu duen sinesmen eta praktika multzoa da.[1][2][3] Astrologoek ezagutzara heltzeko astroen posizioa eta mugimendua behatzen dute. Zientzialarien ustez, astrologiak zientzia-oinarririk ez duen sineskeria edo sasizientzia baino ez da.
Etimologia
Astrologia latin goiztiarreko hitza da, grezierako ἀστρολογία hitzetik eratorria eta "izarren kontaketa" esan nahi du. Grezierako forma, astron edo "izar" (grezieraz: ἄστρον) eta -logia edo "ikasketa, ikerketa"(grezieraz: -λογία) osagaiek eratzen dute.[4]
Hasiera batean astrologia eta astronomia bat zetozen eta sinonimotzat hartzen ziren arren, baina berpizkundeaz geroztik (XIV. mendetik XVII. mendera) bi terminoen arteko desberdintzapena eman zen. Amaieran, astrologiak "izarren eragina eta hauen harremana giza-zoriarekin aztertzen duen praktika" esanahia hartu zuen; astronomiak , "argizagiak aztertzen dituen zientzia" esanahia zuen bitartean.[4][5]
Historia
Kultura askok, indiarra, txinatarra, maia besteak beste, garrantzia berezia eman diete gertaera astronomikoei; horregatik, lurreko gertaerak zeru-sabaiaren behaketan oinarrituta iragarpen-sistemak garatu dituzte. Horrela, mendebaldean ohikoa izan da astrologia horoskopo-sistema batean eta karta astralaren interpretazioan edo irakurketan oinarriturik. etorkizuna aurresatea.[6]
Gure aroaren aurreko bigarren milurtekotik behintzat existitzen da astrologia, eta badirudi nekazaritza-egutegiak direla horren sustraiak, urtaroen aldaketak aurresateko eta zeruko zikloak interpretatzeko erabiltzen baitziren.[7]
Historian zehar, astrologia tradizio jakintsutzat hartu zen testuinguru politiko eta akademikoetan, eta beste azterketa batzuen zati integrala zen, hala nola astronomia, alkimia, meteorologia eta medikuntzarena.[8] XVII. mendearen amaieran, heliozentrismoa eta mekanika newtondarra moduko kontzeptu berrien etorrerarekin, zalantzan jarri ziren astrologiaren oinarriak, eta hortik aurrera zuen sinesgarritasuna gutxitzen joan zen.
Antzinaroa
Duela 25.000 urteko aztarnak daude, hezurretan eta kobazuloetako paretetan, non frogatzen baita gizakiek ilargi-zikloak aztertu zituztela aldaketak neurtu, erregistratu eta aurreikusten saiatzeko[9]. Ilargiak mareatan eta ibaietan zuen eragina erregistratzeko lehen pausoa izan zen; eta lehen urratsa egutegi adostu bat sortzeko.
Astrologia ezagutza-sistema integratu gisa erabiltzearen ebidentzia zaharren eta eztabaidaezinena da Mesopotamiako lehen dinastiari dagozkion erregistroei esleitzen zaiena (K.a. 1950-1651). Astrologia horrek badu nolabaiteko paralelismoa helenistikoarekin —gaur egun mendebaldeko astrologia deitua—, zodiakoa barne. Hala ere Babilonian zeruko gertaerak seinaletzat hartzen ziren, eta ez gertaeren ziotzat.[10]
Txinako sistema astrologikoa Zhou dinastian sortu zen (K.a. 1046-256) eta Han dinastian (K.a. II. mendetik K.o. II. mendera) egin zuen aurrera. Sistema astrologiko horretan, tradizio txinatarrean ezagutzen diren elementu guztiak bildu ziren: yin-aren eta yang-aren doktrina, bost elementuen teoria, zerua eta lurra, konfuzianismoaren morala; dena bildu zen medikuntza tradizional txinatarraren, feng shuiaren, printzipio filosofikoak formalizatzeko.[11]
Egipto helenikoa
Alexandro Handiak, Egipto hartu ondoren, Alexandria fundatu zuen. Bertan Babiloniako astrologiako eta Egiptokoa uztartu ziren horoskopoko astrologia sortuz. Zodiakoa hamar graduko hogeita hamasei dekanotzetan zatitzeko Egiptoko sistema erabili zen eta sistema grekoa eguzki-zeinutarako eta lau elementuetan arreta jartzeko.[12]
Grezia eta Erroma
Alexandro Handiaren konkisten ondorioz Siria, Babilonia, Persia eta Asia Zentralaren sinesmenak iritsi ziren Greziara. K.a. I. menderako bi astrologia-mota zeuden Grezian; batetik horoskopoan oinarrituta zegoena, iragana, oraina eta geroa deskribatzen zituena; eta bestaldetik astrologia teurgikoa, arima izarretarantz igotzeari garrantzia ematen ziona.[13]
Greziaren bitartez iritsi zen astrologiaren teoria Erromara. Babilonia —Kaldea ere deitua— hain ezaguna izan zen astrologiarekin lotuta, ezen grekoen eta erromatarren artean «Kaldeako jakinduria» esamoldea planetetako eta izarretako behaketan oinarritutako igarpenaren sinonimo bihurtu baitzen,
De divinatione idazkian Zizeronek baztertzen ditu astrologia eta igarpenak egiteko bestelako teknikak, baina oso interesgarria da garai hartako Erroman zientifikotasuna ulertzeko zuten modura hurbiltzeko.
Jarritako eragozpenak Antzinaroan
Zizeroneren aipatutako eragozpenaz gain, Favorino eta Plotino filosofo grekoek ere eragozpenak jarri zizkioten astrologiaren balizko ahalmen iragarleari, ilargiaren, planeten eta izarren hainbat ezaugarritan oinarrituz haien arrazoibidea.
India
Indiako astrologia klasikoa garai honetan bildutako testuetan dago oinarrituta: Brihat Parashara Hora Sastra (IAST: Bṛhat Parāśara Horā Śāstra) eta Saravali (IAST: Sārāvalī).
Musulmanak
Abbastar 2. kalifa Al-Mansur-ek (712-775) Bagdad sortu zuen ikasketetarako gunea izan zedin, Bertan jarraitu zuten garatzen herentzia kulturala eta itzuli ziren astrologiaren inguruko testu helenikoak garaiko arabierara eta persierara. Geroago testu horiek, latinera itzulita, Europara iritsi ziren.
Europa
Astrologiaren inguruan Europan argitaratutako lehen liburua Liber Mundi Planetis et Climatibus (Planeten eta munduko herrialdeen liburua) izan zen, 1010 eta 1027 artean argitaratuta. Egilea Gerbert Aurillacekoa (945-1003), Silvestre II.a aita santua, izan liteke.[14]
Dante Alighierik, Jainkotiar komediaren Paradisuaren kantikan, erreferentzia egiten dizkie planeta astrologikoei zehaztasun handiarekin, baina astrologia tradizionala egokituz berak zuen kristautasunaren ikuspuntura.
Jarritako eragozpenak Erdi aroan
VII. mendean Isidoro Sibiliakoak, Etymologiae u Originum sive etymologiarum libri viginti liburuan, bi atal bereizi zituen astrologiaren barruan, bat eguzkiaren, ilargiaren eta izarren mugimenduak deskribatzen dituena eta zientifikoa dena, eta beste bat aurreikuspenak edo igarpenak egiten dituena eta teologikoki okertzat jotzen duena. Nicole d'Oresmek (1323-1382) ere zalantzan jarri zuten astrologiak igarpenak egiteko duen ahalmena.
Errenazimentua
Errenazimenduaren jakintsu batzuk astrologia-lanak egin zituzten garaiko boteretsuentzat, besteak beste Girolamo Cardano Ingalaterrako Eduardo VI.arentzat, John Dee Ingalaterrako Elisabet I.arentzat, Nostradamus Katalina Medici-rentzat. Astronomo garrantzitsuenak ere, Tycho Brahe, Johannes Kepler eta Galileo Galilei esaterako, astrologian ere aritzen ziren.
Isabeldar Aroan efemerideak eta almanakak hedapen handikoak ziren, medikuntzan eta nekazaritzan oso erabiliak baitziren. Astrologiak garrantzi handia zuen Ingalaterran garai hartan eta XVII. mendean goia jo zuen, orduan astrologoak ziren ikerlari eta ingeniari entzutetsuenak, monarken aholkulariak gauza askotarako: uztak, bidaiak...
Ilustrazioa eta Aro modernoa
Ilustrazioaren pentsalarientzat astrologia sineskeriaren adibide arketipikoa izan zen. Astrologiaren aurkako borroka sekularismoaren eta arrazionalismoaren aldeko borrokarekin bat zetorren, obskurantismoaren aurkako borroka politikoaren barruan.
XVIII. mendearen amaieran, arrazionalismoaren gailentzearekin batera, astronomia eta astrologia bereizten dira erabat, astronomia ezagutza zientifikoaren barruan geratuz, eta astrologia kanpoan.
XX. mendean, espiritismoarekin batera, astrologiaren berpizkundea gertatu zen, areagotuko zena New Age filosofiaren arrakastarekin.[15]
Erreferentziak
- Bunnin, Nicholas. (2007). The Blackwell Dictionary of Western Philosophy.. John Wiley & Sons ISBN 978-0-470-99721-5. PMC 437218748. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
- (Ingelesez) «Definition of ASTROLOGY» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
- (Ingelesez) «ASTROLOGY | Meaning & Definition for UK English | Lexico.com» Lexico Dictionaries | English (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
- (Ingelesez) «astrology | Etymology, origin and meaning of astrology by etymonline» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
- (Ingelesez) «astronomy | Etymology, origin and meaning of astronomy by etymonline» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
- The cosmic perspective. (6th ed. argitaraldia) Addison-Wesley 2010 ISBN 978-0-321-63366-8. PMC 569911190. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
- Ulla., Koch-Westenholz,. (1995). Mesopotamian astrology : an introduction to Babylonian and Assyrian celestial divination. Carsten Niebuhr Institute of Near Eastern studies ISBN 87-7289-287-0. PMC 468067022. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
- Kassell, Lauren. (2010-06). «Stars, spirits, signs: towards a history of astrology 1100–1800» Studies in History and Philosophy of Science Part C: Studies in History and Philosophy of Biological and Biomedical Sciences 41 (2): 67–69. doi: . ISSN 1369-8486. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
- «The roots of civilization. The cognitive beginnings of man's first art, symbol and notation» Journal of Human Evolution 3 (1): 76. 1974-01 doi: . ISSN 0047-2484. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
- F., Rochberg-Halton,. Elements of the Babylonian contribution to Hellenistic astrology. PMC 552228964. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
- Xiaochun, Sun,. (1997). The Chinese sky during the Han : constellating stars and society. Brill ISBN 90-04-10737-1. PMC 1014513875. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
- 1926-2013., Holden, James Herschel,. A history of horoscopic astrology : from the Babylonian period to the modern age. ISBN 0-86690-642-8. PMC 853063392. (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
- Aveni, Anthony. (2010-01). «The Dawn of Astrology: A Cultural History of Western Astrology» Time and Mind 3 (3): 343–346. doi: . ISSN 1751-696X. (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
- Campion, Nicholas. (1982). An introduction to the history of astrology. Institute for the Study of Cycles in World Affairs ISBN 0-9508412-0-X. PMC 60073486. (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
- Campion, Nicholas. (2009). History of western astrology Volume II, The medieval and modern worlds. Continuum ISBN 978-1-4411-0749-7. PMC 694146411. (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).