Astearte
Asteartea, halaber martitzena (Bizk.) astelehenaren eta asteazkenaren artean dagoen eguna da. ISO 8601 nazioarteko estandarraren arabera, astelehena da asteko lehenengo eguna, beraz asteartea asteko bigarren eguna da. Beste herrialde batzuetan astea igandean hasten da, eta beraz asteartea asteko hirugarren eguna izaten da; musulmanentzat astea larunbatean hasten da eta, beraz, asteartea asteko laugarren eguna da.
Etimologia
Euskarazko asteartea hitzak astearen artekoa esan nahi du, asteko lehenaren eta azkenaren artean dagoen eguna. Hala ere, mendebaldeko euskaraz martitzena erabiltzen da, Marte planetaren eguna. Etimologia hau latinetik dator dies Martis da, eta partekatua da latinetik eratortzen diren hizkuntza askotan, hala nola italiera, frantsesa, gaztelania, katalana, erromaniera, galiziera, sardiinera edo kortsikera, baina ez portugesez.
Hizkuntza germanikoetan *Tîwaz jainko proto-germaniarrarekin ltouta dago, aitzinindoeuroperako *dei-, *deyā-, *dīdyā- erroarekin ltouta, distiratu. Hortik dator ere "deitate" hitza[1]. Ingelesezko tuesday, alemanierazko dienstag eta herbeheererazko dinsdag Týr jainkoaren erro hori daramate, interpretatio germanican Marteren baliokidea dena.
Japonieraz 火曜日 (kayōbi) Martetik dator ere, 火星 (kasei); Koreeraz 화요일 (hwa yo il) da, "Marteren eguna" ere esan nahi duena. Pali eta Sanskritoz Angaraka esaten da, "kolore gorria duena", Mangala gerraren jainkoari izendatzeko modua, Marterekin ere lotuta dagoena.
Nahuatlez Huītzilōpōchtōnal da, Huitzilopochtli jainkoaren eguna.
Beste hizkuntza batzuetan numeralak erabiltzen dira. Eslaviar hizkuntza batzuetan въторъ ("bigarrena") hitzetik eratorritakoak darabiltzate. Bulgarieraz eta errusieraz Вторник (Vtornik) esaten da. Arabieraz eta hebreeraz "hirugarrena" esaten diote: الثلاثاء (al-Thulatha') eta יום שלישי (Yom Shlishi).
Asteartea daramaten izen propioak
- Astearte Beltza. 1929ko urriaren 29, asteartea, aurreko Ostegun Beltzaren ondoren izandako bigarren burtsaren krak handia.
- Partxeen asteartea. Microsoftek hilabete bakoitzeko bigarren asteartean igortzen ditu bere softwarearentzako partxeak.
- Inauteriak. Inauterietako egun handia astearte batean da.
- Super Asteartea. AEBetako hauteskunde prozesuan alderdietako hauteskunde primarioak estatu askotan astearte berean egiten dira.
Erreferentziak
- Klein, Ernest. (1971). A comprehensive etymological dictionary of the English language : dealing with the origin of words and their sense development thus illustrating the history of civilization and culture. (Unabridged, one vol. ed. argitaraldia) Elsevier Pub. Co ISBN 0-585-48333-7. PMC 53964772. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
Kanpo estekak
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: astearte . |