Astanafarreri

Astanafarreria[1] gaixotasun kutsakorra da, jatorri birikoa duena, umeengan agertu ohi dena eta larruazalean pikor gorriz osatutako exantema eragiten duena. Kasu gehienetan ez da larria, eta astebeteko epean berez sendatzen da. Astanafarreriari ere barizela, baztanga ero (Heg.), nafarreri zuri (Heg.) edo zurrumino xeheak (BN/L) esaten zaio[2].

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Astanafarreri
Deskribapena
Motagaixotasun biriko kutsakorra, skin infection (en) Itzuli, varicella zoster infection (en) Itzuli, Herpesviridae infectious disease (en) Itzuli
eritasuna
Espezialitateainfektologia
Pediatria
Arrazoia(k)Barizela-zoster birus
Sintoma(k)Besikula, sukarra, betealdia, buruko mina, low-grade fever (en) Itzuli, adenopatia, papula, macula (en) Itzuli, erosion (en) Itzuli
Azkura
Patogenoaren transmisioadroplet infection (en) Itzuli
ukitzeen bidezko kutsapen
Azterketa medikoamiaketa fisiko, Direct fluorescent antibody (en) Itzuli, ELISA
real-time polymerase chain reaction (en) Itzuli
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakaziklobir, ganciclovir (en) Itzuli eta zinc oxide (en) Itzuli
Identifikatzaileak
GNS-10-MKB01 eta B01.9
GNS-9-MK052 eta 052.9
GNS-10B01
DiseasesDB29118
MedlinePlus001592
eMedicine001592
MeSHD002644
Disease Ontology IDDOID:8659

Astanafarreria aintzat hartu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. 2005. urtean, 10.752 kasu zenbatu ziren EAEn.

Etiologia

Astanafarreriaren eragilea herpesbirusen taldeko birusa da (barizela-zoster birusa). Herpesbirusek ostalaria infektatu ondoren sor egoteko gaitasuna dute, infekzio errepikatuak sortuz. Astanafarreriaren kasuan, esaterako, birusak sor-egoeran iraun dezake urte askotan, herpes zoster izeneko gaitza eraginez astanafarreria izan eta 40 urte geroago.

Herperbirusek DNA dute material genetiko gisa, kapside ikosaedriko batez babestua.

Infekzioa

Astanafarreria oso kutsakorra da, eta kutsatze-bide nagusiak bi dira: aire-bidea, gaixoak eztula edo doministiku egiterakoan kanporatzen dituen listu-tanten bidez (tanta horietan milioika birioi patogeno baitaude), edo larruazaleko pikor edo puslen ukipenagatik, pertsonen arteko harreman estua dagoenean.

Europa aldean astanafarreriaren intzidentzia handiagoa da neguan eta udaberrian. Umeen artean kutsatzea oso erraza da haurtzaindegi eta ikastetxeetan, leku itxi batean haur asko egoten direlako. Gaitz horren kutsatze-tasa % 90ekoa da: birusarekin harremana eduki duten 100 pertsonatik 90ek gaixotasuna garatzen dute.

Astanafarreriaren birusak goiko arnas traktuan hasten du infekzioa. Linfa eta odolaren bitartez hedatzen da gero gorputz osora. Larruazaleko lesioak birusa zelula epitelialetan ugaltzen delako agertzen dira.

Infekzioak immunoglobulinen ekoizpena bultzatzen du, odolean betiko geratzen direnak. Hori dela-eta, bizitza osoan gaitza behin besterik ezin da izan.

Sintoma klinikoak

Astanafarreriaren inkubazioa bi aste ingurukoa da. Lehenengo sintomak sukarra, buruko mina, nekea eta ondoeza dira. Gero, ohiko legena agertzen da larruazalean, pikor edo pusla gorriz osatutakoa, hasieran soinean eta aurpegian eta gero gorputz osora hedatzen dena. Egun gutxitan pusla horiek zarakar bihurtzen dira.

Haurrengan gaitza berez sendatu ohi da, astebete eta bi aste bitarteko epean. Helduengan gaitzak oinaze gehiago eragiten ditu, eta batzuetan pneumonia batekin okertzen da. Gaixo immunourriengan astanafarreriaren ondorioak oso larriak izan daitezke, birusak funtsezko organo batzuk kaltetzen dituelako (birikak, gibela, burmuinak...).

Astanafarreriaren birusa ere arriskutsua da haurdun dauden emakumeengan, umekiari kalte egiten baitio.

Profilaxia eta tratamendua

Gaitzaren aurkako txertoa dago. Txertoa birus moteldu batekin egiten da.

Astanafarreriaren aurkako tratamendua sintomatikoa da. Haurrei parazetamola ematen zaie, sukarra eta ondoeza arintzeko. Aspirina ez zaie eman behar, sendagai horrek umeengan Reyeren sindrome larria eragin baitezake. Antihistaminikoak eta lozioak pikorrek eragiten duten azkuraren aurka eman daitezke.

Zenbait kasutan, bereziki gaixo helduekin eta arrisku handiko gaixoekin (immunourriak), sendagai antibirikoak erabiltzen dira gaitza tratatzeko. Aziklobirra da erabiliena, eta beraren eraginkortasuna hori goiz hartzearekin lotuta dago.

Immunizazio pasiboa immunoglobulinak ezartzean datza, eta arrisku handiko gaixoei ematen zaie, gihar barneko bidetik. Jasotako antigorputzek ahuldutako immunitate-sistemari laguntzen diote birusari aurre egiten.

Astanafarreria eta herpes zosterra

Astanafarreria eta herpes zosterra bi patologia ezberdinak dira, baina oso lotuta daude. Biak ala biak birus berak eragiten ditu (barizela-zoster birusa), eta herpes zosterra astanafarreriaren ondoriotzat jotzen da.

Astanafarreria izandakoan birusa ez da desagertzen. Sor geratzen da, nerbio-zeluletan, inongo sintomarik sortu gabe. Astanafarreria izan dutenen % 20 inguruk, denboraren poderioz, herpes zosterra pairatuko dute, sor zegoen birusa berpizten denean. Urte anitz igaro daitezke astanafarreria eta herpes zosterren artean, eta birusaren bizkortzeak —antza denez— zer ikusi handia du gaixoaren egoera immunologikoarekin.

Ikus, gainera

Kanpo-estekak

  1. «astanafarreri - EH - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  2. «varicelle | frantses-euskara hiztegi elektronikoa | Nola Erran» www.nolaerran.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.