Assur
Assur hiria (Asshur edo Ashur ere deitua), Tigris ibaiaren ertzean dagoena, jatorrian, Babiloniaren kolonia bat izan zen, eta, ondoren, Asiriako lehen hiriburu bihurtu zen (K.a. 879 arte), estatu honi, Asiriari, izena eman ziolarik. Bere existentziaren lehen testigutzak, K.a. III. milurtekoak dira. Mediarrek hartu zuten K.a. 614an eta, erabat suntsitua izan zen.
Assur | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Irak |
Governorate of Iraq | Saladin probintzia |
Ur-masa | Tigris |
Koordenatuak | 35°27′24″N 43°15′45″E |
Historia eta erabilera | |
Gizateriaren Ondarea arriskuana | 2003 - |
Indusketa arkeologikoa | 1988 |
Indusketa arkeologikoa | 1989 |
Indusketa arkeologikoa | 1989 |
Indusketa arkeologikoa | 1990 |
Indusketa arkeologikoa | 2000 |
Indusketa arkeologikoa | 2001 |
Arkitektura | |
Azalera | 70 ha |
Gizateriaren ondarea | |
Irizpidea | (iii) eta (iv) |
Erreferentzia | 1130 |
Eskualdea[upper-roman 1] | Arabiar Herrialdeak |
Izen-ematea | 2003 (XXVII. bilkura) |
|
- Artikulu hau Mesopotamiako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Asur (argipena)».
Bere hondakinak, gaur egun, Irakeko Kalaat Shergat den tokian daude.[1] UNESCOk, Assur, Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2003an eta, urte berean, arriskuan zeuden gizateriaren ondare izendatutako tokien zerrendan sartu zuen.
Historia
Assur Kristo aurreko III. milurtekoan
Indusketa arkeologikoek, tokia, K.a. III. milurtekoaren erdialdean okupatuta zegoela frogatzen dute, sumertar garaian, Asiriar Inperioa agertu aurretik. Hiriaren hondarrik antzinakoenak, Ixtar jainkosaren tenpluko zimenduetan eta Antzinako Jauregian aurkitu ziren. Akadiar Inperioan, hiria, jatorria Akaden zuten erregeek gobernatu zuten. Sumertar Pizkundea deritzonean, hiria, gobernari sumertar batek gobernatu zuen.
Assur, Antzinako eta Erdiko Asiriar Inperioan
Ur-III neosumertar dinastia elamitek suntsitu zuten garaian, K.a. 2004an, tokiko printzeak, Assurrekoak barne, atzerritarren nagusitasuna gainetik kendu zuten. Assur, laster bihurtu zen merkataritza gune garrantzitsu bat, eta merkataritza ibilbideek, hiria Anatoliarekin lotzen zuten, non Assurreko merkatariek merkataritza koloniak ezarri zituzten. Kolonia hauei, kârum zeritzen, eta, nagusiki, eztainu eta artilearen salerosketan aritzen ziren (Kültepe). Assur hirian eraiki ziren lehen tenplu handiak, tokiko jainkoa zen Assurri eta Adadi sagaratuak. Lehen gotorlekuen eraikuntza ere, garai honetan hasi zen.
Assur, Shamshi-Adad I.aren erresumako hiriburua izan zen (K.a. 1813-K.a. 1781), nork, hiriaren boterea eta eragina, Tigris ibaiaren haranetik haratuago hedatu zuen. Garai honetan eraiki zen Errege Jauregi Handia, eta Assurreko tenplua zabaldua izan zen, eta, horretaz, gain, zigurat bat gehitu zitzaion. Erresuma hau, Babiloniako errege izan zen Hammurabi ospetsuak, bere domeinuetara erantsi zuenean desagertu zen, Shamshi Adad hil ondoren. Eraikuntza lanak, mende gutxi batzuk beranduago berrabiatu zirela jakina da Puzur-Assur III.a tokiko erregearen gobernupean, hiria berriz gotortu zuena eta hegoaldeko auzoak defentsa nagusietara gehitu zituena. K.a. XV. mendean, tenplu bana eraiki zen Sin ilargi jainkosa eta Shamash eguzki jainkoaren omenez. Ondoren, hiria, Mitanniren mende geratu zen.
Asiriak, bere independentzia, K.a. XIV. mendearen erdialdean berreskuratu zuen, eta, hurrengo mendeetan, Assurreko antzinako tenplu eta jauregiak zaharberritu ziren. Tukulti-Ninurta I.ak (K.a. 1244-K.a. 1208), tenplu berri baten eraikuntza hasi zuen, Ishtar jainkosari sagaratua. Anu-Adaden tenplua, Tiglath-Pileser I.aren erregealdian eraikia izan zen (K.a. 1115-K.a. 1075). Hiriaren harresituriko zatia, asiriar garai ertainean hazi zen, 120 hektareako hedadura hartzeraino.
Assur neoasiriar garaian eta ondoren
Neoasiriar garaian (K.a. 912-K.a. 612), erregearen egoitza Asiriako beste hiri batzuetara eraman zen. Asurnasirpal II.ak (K.a. 884-K.a. 859), hiriburua, Assurretik Kalhura pasa zuen (Nimrud). Assur hiriak, baina, inperioko gune erlijiosoa izaten jarraitu zuen, jainko nazionala zen Asurren omenezko bere tenpluagatik. Senaqueriben erregealdian, (K.a. 705-K.a. 682) Urte Berriko Etxea eraiki zen, akitu, eta zenbait jai ospatu ziren hirian. Zenbait asiriar errege lurperatuak izan ziren Antzinako Jauregiaren azpian. Assurren oparotasunezko egunen amaiera, K.a. 614an iritsi zen, mediarrek, Asiria konkistatzen ari zirela, hiria, suntsitua eta arpilatua izan zenean.
Mende batzuk beranduago, hiria berriz okupatua izan zen, partiar garaian. Hiriaren iparraldean, izaera administratiboko eraikin berriak eraiki ziren, eta, hegoaldean, jauregi berri bat. Hala ere, hiria berriz suntsitua izan zen Sapor I.a sasanidar erregearen garaian (241-272). Hirian, finkatzeak, XII eta XIII. mendeetatik ezagutzen dira, baina, ondoren, beduino nomadak bakarrik bizi izan ziren bertan. Egungo asiriarrek, tokia gurtzen jarraitzen dute.
Errege jauregiak
Assurreko monumentu garrantzitsurik zaharrena, "Jauregi Zaharra" da, jada eraikia zegoena Shamshi-Adad I.aren garaian, K.a. XVIII. mendean, eta, ondoren, Arad-Nirari I.ak eta Asurnasirpal II.ak berreraiki zutena. 1,2 hektareako hedadura du eta erdialdeko patioen inguruan antolatua dago.
"Jauregi Berria", beranduago eraikia izan zen, gotorlekuaren iparmendebaldean, Tukulti-Ninurta I.aren erregealdian, eta ondoren, Senaqueribek zaharberritua. Eraikin honetan, asiriar errege askoren hilobiak aurkitu dira: Assur-bel-kala I.arena (K.a. 1074-K.a. 1056, Asurnasirpal II.arena, Shamshi-Adad V.arena K.a. 824-K.a. 811), eta baita, beharbada, Senaquerib berarena ere. Azken honek hiria berrantolatu zuenean, hegoalderago bere semeentzako beste jauregi bat eraikitzea agindu zuen. Hiriko noble garrantzitsuen etxe pribatuak ere aurkitu dira, nobleak ez ziren beste pertsona batzuen hilobiez gain.
Erreferentziak
- Lur entziklopedietatik hartua.
Bibliografia
- Walter Andrae: Das wiedererstandene Assur. Hinrichs, Leipzig 1938 ISBN 3-406-02947-7
- Walter Andrae: Babylon. Die versunkene Weltstadt und ihr Ausgräber Robert Koldewey. de Gruyter, Berlin 1952.
- Eva Cancik-Kirschbaum: Die Assyrer. Geschichte, Gesellschaft, Kultur. C.H.Beck Wissen, Munich 2003. ISBN 3-406-50828-6
- Olaf Matthes: Zur Vorgeschichte der Ausgrabungen in Assur 1898-1903/05. MDOG Berlin 129, 1997, 9-27. ISBN 0342-118X
- P. A. Miglus: Das Wohngebiet von Assur, Stratigraphie und Architektur. Berlin 1996. ISBN 3-7861-1731-4
- Susan L. Marchand: Down from Olympus. Archaeology and Philhellenism in Germany 1750-1970. Princeton University Press, Princeton 1996. ISBN 0-691-04393-0
- Conrad Preusser: Die Paläste in Assur. Gebr. Mann, Berlin 1996. ISBN 3-7861-2004-8