Asiain
Asiain Oltza zendeako kontzejua da. 1857ko errolda arte berezko udalerria izan zuen.
Asiain | |
---|---|
Euskal Herria | |
Asiaingo sarrera. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa |
Udalerria | Oltza |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Geografia | |
Koordenatuak | 42°49′52″N 1°47′11″W |
Garaiera | 424 m |
Demografia |
2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, herriak 147 biztanle ditu.
Demografia eta biztanleria
2000 | 2001 | 2002 | 2003 | 2004 | 2005 | 2006 | 2007 |
---|---|---|---|---|---|---|---|
111 | 113 | 130 | 130 | 122 | 120 | 153 | 147 |
Kokapena eta Egitekoak
Betidanik jabego pribatukoa izan da. Iruñearen eta Sakanerriaren arteko igarobidean daude herria eta gaztelua, Oskia harrateetatik gertu. Egun, bide hori bazterrean geratu da, baina bere garaian Astorga ¿ Bordele erromatar galtzadaren oinordekoa zen. Asiaindik Ibero eta Etxauri aldera ere jo daiteke, Gares eta Estellerrirako bidean. Gaztelua, berriz, Arakil ibaia igarotzen zuen bide baten ondoan dago (orain harrizko zubiak hartu du ibiaren lekua).
Gaztelua Asiain leinuaren sortetxea zen, eta mende pare batez izen horretako jaunen egoitza izan zen. Geroago, Leringo dukearen esku egon zen ia beste bi mendez, eta, ondoren, ezkontzaz, Espainiako Alba etxe famatura igaro zen jabegoa, dagoeneko Erdi Aroa igarota. Gaztelua, azken mendeetan jauregi bihurturik, Albatarren ondasunen kudeaketarako egoitza izan zen. Orain, berriz, herriko etxe handi arrunt bat da.
Historia
Idatzi zaharretan, herriaren izenak aldaera batzuk erakusten ditu: Assieng, Assiayn¿ Etimologiaren ikuspuntutik, Sasiain hitzetik omen dator Asiain.
XII. mendean jada hiribildu gisa aipatzen da Asiain, eta bertan jauregi bat zegoela ere esaten dute. 1110ean, Jimenak, agirien arabera, Aznar Gartzeitz Mutiloaren emazteak, Leireko monasteriori eman zion Asiain herrian zuen jauregia. 1154an Asiaingo Ramiro bat ikusten dugu lekuko gisa, Iruñeko gotzainaren eta Leireko abadearen arteko ondasun truke batean.
Beste Ramiro edo Remiro Sanchez Asiain bat ageri da 1228ko agiri batean, dohaintza baten lekuko gisa hau ere. 1259an, Ramiro Sanchez Asiain nobleari Erresumako diruzainek ordaindu zioten, urtero bezala, gerrari talde bat izateagatik erregearen beharretarako beti prest. 1266an, 30 libera ordaindu zizkioten gerrariak mantentzeko, eta beste 6 libera eta 30 kaiza jaso zituen Garaño gazteluko gazteluzain izateagatik.
1300ean, beste Ramiro Sanchez bat, zeina Asiaingo jauna deitzen baitzuten, Irurita gazteluko gazteluzain gisa agertzen zaigu, 1304. urte arte. Dirudienez, leinuaren hurrengo bi belaunaldiak ere Ramiro edo Remiro izenekoak ziren.
Konpainia Handia deitutako gerrari mertzenarioen taldea Nafarroako Erresuma zeharkatzekotan zenez, orduko Asiaingo jaunak, Ramiro Sanchezek, bere zaldiekin prest egoteko agindua jaso zuen 1366ko urtarrilean, beste hainbat leinoburuk eta noblek bezala (Lukuze, Agramont, Garro). Arrisku horri aurre egiteko, Murillo El Fruto herriko kapitain izendatu zuen erregeak Asiaingo jauna, otsailean. Ez dakigu arrazoia zein izan zen -bere lana errazteko edo eskertzeko izango zen-, baina egun bereko beste agindu batek Sesmako, Lodosako, Leringo, Carcarko eta Andosillako udalak euren lurretan Asiaingo jaunen abereak bazkatzen uztera behartzen zituen.
Asiain deiturako beste bat, Ferran Gil Asiain, arrazoi berberagatik, alegia, Konpainia Handiaren zeharkaldia zela eta, Irunberriko kapitain izendatu zuten, beste agindu batzuen artean, 1366ko otsailaren 21ean.
1379an, irainak zirela eta, Iruñeko gazteluan duelua egitekoak ziren Asiaingo eta Akamarreko gazteluko jaunak; halaxe zuten hitzartua, baina, Foru Orokorrak baimentzen zuen arren, ez zuten egin, biei ere arren utz zezatela eskatu baitzieten gartukoek; gaia erregearen justiziaren esku utzi zuen. Karlos II.ak (1349-1387) 58 libera gastatuak zituen jantzietan, ospakizun horretarako.
Urte horietan, Asiain leinua bere maila gorenean zegoen, gehienbat orduko jauna Joana Enriquez Lakarrarekin ezkondu ondoren, baina adar nagusia, gazteluaren jabearena alegia, desagertu egin zen. Asiaingo jauna preso sartu zuten Tafallako gazteluan, Karlos II.aren aginduz, berari aurre egiteagatik, Iruñeko duelua bertan behera geratu eta gutxira. Picardiako lau gerrariren laguntzaz, matxinatu egin zen, eta beste preso batzuekin, dorre nagusian gotortu ziren. Gaztelua berriz hartuta, matxinatu guztiei burua moztu zieten Tafallako plazan, 1380an. Dirudienez, gazteluzaina, Andreo Dean, preso hartu eta gela batean lotu zuten, baina Asiaingo jaunak ez zuen hil nahi izan. Gaztelua bere onera ekarri zuena, Martin Jimenez Arazubi, berriz, arma sarjentu izendatu zuen erregeak.
Ondoren, erregeak gaztelua suntsitzeko agindua eman zuen, eta egun batzuetan ibili ziren harginak eta langileak eraikina desegiten.
1381ean, gazteluarekin batera hartutako ondasun eta errenta guztiak Karlos II.a erregeak Karlos Beaumontekoari, Luis infantearen seme sasiko eta beraz erregearen ilobari, eman zizkion betiko. Urte horietan, Asiaingo jaunaren alargunak ondasun txiki batzuk besterik ez zituen berreskuratu, eta bere bi semeei eman zien bere ospe handiko abizena, Martin eta Beltran Enriquez Lakarrari. Ablitasko eta Murillo El Frutoko jaun bihurtu ziren, hurrenez hurren, baina Asiaingo leinu nagusia itzali egin zen.
Leinu nagusia bertan behera geratu 1380an. Hori baino lehen, ordea, Asiain deiturako hainbat lagun nabarmendu ziren. Lehen aipatu dugu, adibidez, Irunberriko kapitaina; 1366an, 3 Gil Asiain jarraian ibili ziren Mendabiako gaztelua zaintzen 1344 eta 1362 urteen artean. Joan Ramirez Asiain Leitzan eta Punikastron gazteluzain lanetan ibili zen (beharbada, 1364an Normandiara joan zen hura bera da). XV. mendean, beste Asiain bat, izan zen Lakarrako jauna, Asiaingo Joan. Asiaindarrak, hala ere, beste esparruetan baino gehiago, elizaren inguruan nabarmendu ziren. Jimeno Garzia Asiain, esaterako, Iruñeko apezpiku izendatu zuten, baina ez zuen kargua hartu, hil egin baitzen (1317an). Martin Lopez Asiain, Enerizko abade eta erresumako prokuradorea zen, besteak beste. Migel Sanchez Asiain, berriz, Iruñeko gotzaina izan zen 1357 eta 1364. urteen artean; hiriburuko katedralean dago haren hilobi gotiko ezaguna, Asiaingo armarriarekin.
Karlos Beaumontekoak (1361-1433) Asiaindarraren ondasunak jaso zituenean, 1381ean, 20 urte zituen, eta beaumondarren leinuburua zen ordurako. Nahiz eta gertu zuen leinuaren egoitza, Arazurin, Asiaingo gaztelua berreraikitzeari ekin zion. Eraikin ederra egin omen zuten, eta Karlos II.ak eta III.ak bisitatu zuten.
Bere semea eta leinuaren jarraitzailea, Luis Beaumontekoa, Joana Nafarroakoarekin ezkondu zen, Karlos III.aren alaba sasikoarekin, eta Leringo konde titulua eskuratu zuen. Madrilen hil zen, erbesteratuta, 1464an.
XV. mendeko gerra zibiletan, Joan II.aren (1425-1479) gerrariek Asiaingo herri eta gaztelua hesitu zituzten, eta kanoiak erabili zituzten hura bereganatzeko. Geroago, 1484an, beaumondarren behin-behineko porrotarekin, gotortzeko hainbat gauza kendu zizkioten gazteluari.
Joan III.a eta Katalina I.a errege-erreginak Luis Beaumonteko Leringo II. kondeari kendu egin zizkioten ondasun guztiak, Asiaingo etxea barne, baina haren semeak, Leringo III. kondeak, Luis bera ere, berriz eskuratu zituen Nafarroa Garaiak burujabetza galdu zuenean, 1512an.
XVI. mendearen erdialdean, eraikina eraberritu zuten, behar eta garai berrietara egokitzeko. Ez dago jakiterik noraino eraldatu zuten Erdi Aroko eraikina, baina XVI. mende horretakoak dira gehien iritsi zaizkigu aztarnak.
Beste Luis Beaumonteko bat izan zen Leringo IV. kondea, eta, dirudienez, honen alaba, Brianda Beaumontekoa, 1564an Toledoko Diegorekin ezkondu zenean, beaumondarren titulu eta ondasun guztiak Albako etxera igaro ziren.
Asiaingo etxean ez ziren jabeak bizi izaten. Izan ere, Beaumondarren esku zegoenean, horiek Arazuriko jauregi zuten, eta han izaten ziren; eta Albako dukeen ondasun bihurtu zenean ere, administratzaile bat (¿clavero¿) jarri zuten, eta hura eta haren familia bizi izan ziren han. 1428an, esate baterako, postu horretan Migel Ibañez Huarte zegoen; badakigu urte horretako abenduaren 27anbere nagusiak, Karlos Beaumontekoa, ordezkatu zuela, Ibañez Huarte Garaño gazteluko gazteluzain izendatu baitzuten.
Asiaingo jabegoari zegozkion ondasun eta errenten inbentario luze bat iritsi zaigu, 1605ean egina. Horien artean, Asiain herriaren gaineko zergak jasotzeko eskubidea zegoen, erregeak emana, 1513an baino lehen. 1634ko beste inbentario bat ere argitaratu da (ordurako, Albako etxearen esku zegoen Asiaingo jabegoa). Bertan, Asiain unitate administratibo gisa agertzen da (¿claveria de Asiain¿), eta hainbat herritako ondasun eta errentak biltzen zituen: Asiain, Atondo, Labio, Arruazu, Errotz, Otxobi, Arruitz, Oskia mendia, Izu, Artazkotz, Ziritza, Oiertza, Zabal, Etxarri-Aranatz, Zuhatzu, Aizkorbe, Goldaratz, Itza, Makirriain, Azantza, Tiebas, Ardanatz eta Beriain.
XVI, XVII. eta XVIII. mendeetan, herritarren eta jauregi ingurukoen artean hainbat liskar eta epaiketa izan ziren. 1646an, esaterako, kereila bat jarri zuten, jauregiaren zaindariaren neskameari ez ziotelako eman herriko gainerako andreei baino toki handiagoa.
Nekazariak eta maizterrak jauregira joaten ziren errentak ordaintzera, eta agirietan geratu dira herritarrek ordaintzen zutena; badakigu enkanteren bat ere egin zutela, zorrak zirela medio. Jose Maria Satrustegik Errozko Otxobirena etxearen salmentaren berri ematen digu. Pedro Garzaron jaunak, 34 erregu gari, 64 erregu garagar eta 169 errealeko zorra ezin kitatuz, 1691n enkantean jarri zuten bere etxea, eta orduko dukearen administratzaileak erosi zuen, Ganuza deiturakoa bera.
XIX. mendean, jabego pribatuak desagertzeaz gain, Albatarrek inguruko ondasunak saldu zituzten.
Eraikinen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita zegoen Asiaingoa, beraz, Nafarroako hizkeran ¿cabo de armeria¿ izendapena zuen.
Egitura eta aztarnak
Garai batean eraikinak lau dorre handi zituenez, lau izkinetan, eta erreten edo lubanarroz inguratua zegoenez, gaztelu maila zuela onartzen da. Egitura hori zuen XVIII. mendearen bukaeran ere, ¿(...) eta antzinako jauregi bat, lau dorretzar eta babes erretenarekin¿, eta horrela jaso zuen 1802ko Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak. Oina karratu handi bat zen erdiko patio baten inguruan, eta kanpoko lau izkinetan dorre zilindrikoak zeuden. Gaztelua erreten edo lubanarro batek inguratzen zuen. Egungo eraikinak XVI. mendean eginiko aldaketak ageri ditu; garai hartan asko eraldatu zuten, eta txikiagotu egin zuten, eta egun nekazari bizitoki bihurturik dago. Hasierako eraikuntzaren hiru hegal, patioa eta hego-mendebaldeko dorrea iritsi zaizkigu.
Egun, zubi ondoko harlanduzko dorrea da gotorleku baten aztarna bakarra (oin biribila du); gainerako guztia ia ez da bereizten inguruko etxe ederretatik.
Azpiegitura eta garraioak
La Pamplonesa autobus konpainiak Asiain Iruñearekin batzen du. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:
Kanpo estekak
Oltza Zendea | ||
---|---|---|
Aratzuri | Artazkotz | Asiain | Ibero | Izkue | Izu | Lizasoain | Oltza | Ororbia |