Anatolia
Anatolia[1] (grezieraz: Aνατολή, [anatolé], "ekialdea") edo Asia Txikia Asiako mendebaldeko muturrean kokatutako penintsula da. Asia eta Europako bide erdian dagoelarik, bertan gurutzatu ziren indoeuropar migrazioak eta garatu ziren Mediterraneoko lehen zibilizazioak. Gaur egun, Turkiaren asiar aldea da.
Anatolia | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Ararat |
Mota | penintsula |
Azalera | 756.000 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 39°N 35°E |
Ur-gorputza | Mediterraneoa Marmarako itsasoa Itsaso Beltza Egeo |
Idatzitako historian zehar, Anatolian hizkuntza indo-europarrak, semitikoak eta kartveliarrak mintzatu dira, baita jatorri ezezaguneko beste batzuk ere. Are gehiago, hititera eta luvitera hizkuntzen antzinakotasuna aintzat hartuta, zenbait adituk (tartean Colin Renfrewek) Anatolia proposatu dute indoeuropar hizkuntzen hedapenaren abiapuntutzat (ikus Anatoliako hipotesia).
Izena
Antzinako Grezian "Asia" (Ασία) izena ematen zitzaion Anatoliari. "Asia Txikia" izena bizantziarra da, X. mendekoa, eta antzina "Anatolia" deitzen zen guztia hartzen du.
Geografia
Muga hauek ditu: iparraldean Itsaso Beltza eta Marmarako itsasoa, ekialdean Taurus eta Antitaurus mendilerroak, hegoaldean Mediterraneoa, eta mendebaldean Egeo itsasoa. Dardaneloak eta Bosforo itsasarteek bereizten dute Europako Turkiatik eta Balkanetako penintsulatik.
Historia
Neolitoko eta kalkolitoko zibilizazioak arakatuz (K. a. 6., K. a. 5. eta K. a. 4. milurtekoak) eginiko indusketen ondorioz asmatu diren hipotesien arabera, Grezia prehelenikoaren, Egeoko munduaren, Mesopotamiaren eta kontinenteko hainbat kulturen topagunea izan bide zen Anatolia. Antzinako Brontze Aroan (K. a. 3. milurtekokoa), metalen zibilizazioko merkatari ahaltsuen abiagunea izan zen. Sumer Eufratesetik Ziliziaraino hedatu zen, hurritak menderatu ondoren, eta Anatolia barneko Hatti zibilizazioa ere indartsua zen.
K.a. 2. milurtekoaren hasieran, indoeuropar herrien inbasioek biziki aldatu zuten egoera: hititak eta hattiarrak nahasi ziren Anatolia barnean, Inperio Hitita eratuz (K. a. XVIII. mendea). Ezaugarri semitak ageri zituzten lidiar indoeuroparren jatorriari buruz, ordea, ez da hipotesi zehatz fidagarririk. Barne gatazka eta banaketa askoren ondoren, hititek, susperturik, beste garai handi bat izan zuten K. a. XV. mendean, hurriten Mitanni erresumaren aurkako borrokan. Inperio Hitita Berriak Asia Txikia, Siria eta Palestina hartzen zuen K. a. XIV. mendean, Egiptoko zibilizazioa ere arriskutan jarriz.
K. a. XII. mendearen hasieran, indoeuropar muxkiek (Itsasoko herrietako bat) Inperio hitita suntsitu eta Frigiako erreinu ahaltsua eratu zuten. Migrazio olde berberari jarraituz, kontinenteen arteko trafikoan zegoen porturik garrantzitsuena zen Troiaren aurkako bidaldia antolatu zuten akaiarrek (mizenastarrek). Troiako Gerran, akaiarrak eta eoliarrak borrokatu bide ziren Asia Txikiko herrien aurka (troiarrak, frigiarrak, pelasgoak, lidiarrak, etab.). Aldaketa handiko garai hartan, Italia aldera joan ziren etruskoak, lidiar herria seguruenik.
Greziar kolonizazioak markatu zituen ondoko mendeak. Greziako inbasioetatik ihesi, Misia eta Lidiako itsasertzetara jo zuten eoliarrek eta joniarrek, doriarren aurretik. Joniar hiriek beste kolonizazio aldi bat izan zuten, iparraldeko kostaldean (Helesponto, Propontide, Ponto Euxino). Greziako zibilizazioa Anatoliako hiri helenikoen ekonomia eta kultura garrantziari esker garatu zen neurri handi batean (Mileto, Esmirna, Efeso, Fozea, Halikarnaso).
K. a. VIII. mendean zimeriar indoeuropar nomadek Frigiako Erresuma erraustu zuten. K. a. 687-546 bitartean, lidiarren nagusigoa sendo agertu ondoren, Ziro II.a Handiaren garaian mediarrek hartu zuten Anatolia. Persiar akemenestarren mendean, nolabaiteko egonkortasuna izan zuen Asia Txikiak, joniar hirien altxamenduak (K. a. 499) eta Mediar Gerrek (K. a. 490-468) hautsi zuten arte. Mende bat geroago, Alexandro Handiaren armadak egotzi zituen akemenestarrak (K. a. 336) eta gatazkak sortu ziren, berriro, Anatolian. K. a. 323an Alexandro hil ondoan, hainbat alditan banatu zuten penintsula, diadokoen (Antigono Monoftalmos, Eumene, Lisimako, Ptolomeo, Seleuko) arteko gerran bezala. Persiako satrapen mende zeuden iparraldeko lurraldeak burujabe bihurtu ziren (Bitinia, Kapadozia, Ponto), eta Seleukotar Inperioaren (Seleuko, Antioko) esku geratu zen Anatoliako alderik handiena, Lisimako hil ondoan.
Bitartean, galaziarrek Galaziako Erresuma sortu zuten Frigiako ekialdean, Pergamo zutelarik hiriburu. Seleukotarren aurka altxaturik, Lisimakoren lurraldeak (Misia, Lidia) hartu zituzten eta, erromatarrek lagunduta, seleukotarrek Asia Txikian zituzten lurralde guztien jabe egin ziren K. a. 189an. Zibilizazio helenikoko gune ospetsu bezain garrantzitsua izaki, erromatarren ekialdeko inperioaren hasiera izan zen Pergamo hiria. K. a. 133an, Atalo III.ak Erromari eman zion bere inperio zabala eta, Asiako probintzia eratu ondoren, erromatarrek iparraldeko erreinu txikien konkistari ekin zioten, baina kapadoziarren adorearekin, eta Ponto eta Armeniako erregeekin egin zuten topo. K. a. I. mendean Asia Txikia osoa konkistatu ondoan, erresuma guztiak batu zituzten Asiako Diozesian eta Ekialdeko Prefeturan. San Paulok ebanjelizatua, Anatolia kristautasunaren lehen guneetakoa izan zen.
324an Konstantino enperadoreak Bizantzio hiria inperioko hiriburu berritzat hartu zuen, Konstantinopolis izena emanda. IV. mendetik aurrera, Asia Txikiko penintsulak Ekialdeko Inperioaren zori bera izan zuen. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketarekin, Konstantinopolis Bizantziar Inperioko hiriburu bihurtu zen. VI. eta VII. mendeetan, Sasandar Inperioaren erasoak jasan zituen, eta arabiarrenak VII-X. mendeetan.
Seljuk etxea turkiarren adar bat zen, zein IX. mendean Kaspiar Itsaso eta Aral itsasoaren iparraldean kokatuta zeuden. X. mendean, seljukarrak mendebaldera mugitzen hasi ziren, Anatolia aldera. Manzikert (Malazgirt) batailaren ostean 1071n, hor finkatu ziren tribu horiek. Horren ondorioz, Anatoliako seljuk sultanerria osatu zen, Asiako erdialdea bereganatuta zeukan seljuk inperioaren adar independentea.
1243an, seljukar armadak mongoldarrek garaitu eta suntsitu zituzten. Astiro, inperioa desegin zen. Kinka horretan, Osman I.a buru zuen turkiar estatua garatu zen, Otomandar Inperioa eratu arte, seljukar eta bizantziarren hutsunea betetzeko. Otomandar Inperioak mendebaldea eta ekialdea lotu zituen 623 urteko historian. XVI. eta XVII. mendeetan, munduko estaturik boteretsuenetakoa izan zen, Balkanetan zehar aurrera eginez.
Lehen Mundu Gerrako aliatuek Istanbul eta Izmir okupatzeak turkiar nazio mugimenduaren sorrera eragin zuen. Lausanako Itunaren bidez (1923), nazioarte mailan Turkiako Errepublika onetsi zen, Otomandar Inperioaren ondorengo bezala. Mustafa Kemal errepublikako lehendabiziko presidente bihurtu zen. Segituan erreforma andana jarri zituen abian, errepublika sekular bat eratu nahi baitzuen, iragan otomandarra baztertuz.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2021/6/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.