Asfixia erotiko
Asfixia erotikoa, hipoxifilia edo asfixiofilia ere deitua, jarduera sexualean zehar arnasketa murriztuz plazer sexuala lortzeko modu bat da, norberak egin dezake edo beste pertsona batekiko jardueran.
Jarduera
Bere buruari edo bikotekideari arnasa hartzea galaraztean datza, burua plastikoz edo latexez estaliz edo itotzera joz eta arnasbideak oztopatuz. Sexu-praktika arriskutsua da, heriotza eragin duelako.[1] Pertsona bakar batek egiten duenean, autoasfixia erotikoa diote.[2] "Autoasfixia erotikoa" terminoa 1991n sortu zuten Estatu Batuetako aldizkari zientifiko batean.[3]
Parafiliatzat (praktika sexual ez ortodoxotzat) hartzen dute. AEBetako Psikiatria Elkartearen ustez, orgasmoaren intentsitatea handitzeko oxigenorik eza "hipoxifilia" gisa sailkatzen du.
BDSM komunitatean, mota honetako praktikei breathplay (arnas-jolasa) edo edgeplay (mugako jolasa edo joko arriskutsua) diote, eta normalean parte-hartzaile laguntzaile bat hartzen dute. Arriskuko beste praktika sexual batzuk bezala, lagunak seguruaren, zentzudunaren eta adostuaren mugak zabaltzen ditu. Arnasketari eragiten dioten egoeren kontrola ebaluatu daiteke, hitzartutako seinaleren bat erabiliz beste pertsonari arriskuaz ohartarazteko. Praktika hori beste jarduera fetixista batzuekin batera egiten da ia beti.
Historia
Praktika hau, dirudienez, aspaldikoa da: inuiten eta asiar herri batzuen arteko praktika bezala dokumentaturik dago. Autoasfixia erotikoaren praktika 1600. urtetik dokumentatu da. Hasieran, zutitzearen disfuntziorako tratamendu gisa erabiltzen zuten. Praktika hau hasteko ideia, urkamendian exekutatutako zenbait etsaik, batzuetan, hil ondoren ere (hilondoko zutitzea) irauten zuen erekzio bat garatzen zutela ikustearen ondorio izan zen, eta, noizean behin, kondenatuak, urkatzean edo ondoren, eiakulatzen zuela ere ikusten zuten.[4] Esaten denez, Indotxinako Gerratik itzultzean Frantziako Atzerritar Legioko soldaduek zabaldu zuten Europan. Badirudi praktika hauek Ekialde Urruneko putetxeetan erabiltzen zituztela orgasmoaren sentsazioa areagotzeko.
Erreferentziak
- Uva, J. L.. (1995). «Review: Autoerotic asphyxiation in the United States» Journal of Forensic Sciences 40 (4): 574–581. doi: . PMID 7595293..
- Blanchard, R.; Hucker, S. J.. (1991). «Age, transvestism, bondage, and concurrent paraphilic activities in 117 fatal cases of autoerotic asphyxia» British Journal of Psychiatry 159 (3): 371–377. doi: . PMID 1958948..
- Bogliolo, L. R.; Taff, M. L.; Stephens, P. J.; Money, J.. (1991). «A case of autoerotic asphyxia associated with multiplex paraphilia» American Journal of Forensic Medicine and Pathology 12 (1): 64-73. doi: . PMID 2063821..
- (Ingelesez) «Erotic Asphyxiation» Lust Magazine.