Ascensio Martiarena
Ascensio Martiarena Laskurain (Donostia, Gipuzkoa, 1884ko abenduaren 8a – 1966ko abuztuaren 2a) margolaria izan zen. Parisen egin zituen pintura-ikasketak. Bilboko Euskal Artisten Elkartearen sortzaileetariko bat izan zen. Erakusketa ugaritan ezagutarazi zituen bere koadroak, baita sari ugari jaso ere. Bere jaioterrian zabaldu zuen akademiatik garrantzi handiko pintoreak irten ziren. Erretratugile bikaina zen. Lan nagusiak: Mairu merkataria, Erretratu, Arrosarioa, Euskal herritar ama, Gaztelau emakume ontzi-saltzailea, Bretainiako emakumea, Ostiral Santuko prozesioa, Biluzia, Miguel Unamunoren erretratua, Bretainiako hondartza, Amerikar neskatoa, Urumea, Rue des Tonneliers eta Pipil zuria.
Ascensio Martiarena | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1884ko abenduaren 8a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1966ko abuztuaren 2a (81 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Bizitza
Parisko berritasunak ondo ezagutu zituen. Izan ere, hango erakusketetan esku hartzea lortu zuen, eta kritikaren eta jendearen aldetiko halakoxe arrakasta bat erdietsi. Frantziako Gobernuak 1925ean Galliera Museoa izango zen hartan egitekoa zen nazioarteko erakusketa baterako hautatua izan zen.
Gerra zibilean garaile irten zirenen aldetiko errepresaliengatik Martiarenak zailtasun ekonomikoak izan zituen bizirauteko eta bere gaitasun artistikoak sakontasunez garatzeko. Lantegi eskola bat sortu zuen Donostian, eta bere irakaspenei esker maisu bilakatu zen, modernitatearen forma anitzekin lotura egiten asmatu zuten margolari-belaunaldi batentzatː Olasagasti, Sarriegi, Ziga, A. Valverde, Canogar eta abar.
Donostiako Arte eta Lanbide Eskolako marrazketa-irakaslea eta Euskal Herriko Ertilarien Elkarteko kide saiatua izan zen.
Donostian eraiki berria zen Victoria Eugenia Antzokiko sarreran hiru musen adierazgarri ziren hiru panel margotu zituen: musikarena, dantzarena eta poesiarena.
Martiarenaren margogintzak inpresionismoaren ildoan iraun zuen funtsean, inolako zalantzarik gabe, pastelarekin zuen esperientzia ikaragarritik zetorkion gai piktorikoak etengabe balioztatzeko joeran, haren bidez erretratu iradokitzaileak landu baitzituen, besteak beste:
- Migel Unamuno, 1926an. Paisaien margolari bikaina zen eta hauetako batzuek agerian jartzen dute margogintza aske eta egitura arinen aldera garatzen ari zela egilea, inpresionistak izateari utzi gabe.
- Donostia elurturik.
- Donostiako kaia.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia (IV): XX. mendea liburutik txertatu zen 2016-01-11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.