Artxandape ikastola
Artxandape ikastola Bilboko Matiko auzoan (Uribarri barrutian) kokatutako ikastola da. Elizbarrutiko ikastetxeak eta Eusko Ikastola Batza erakundeen kide den itundutako ikastetxe bat da. Gaur egun 750 ikasletik gora ditu, eta Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen dira bertan, D ereduan.
Historia
Artxandape ikastolaren aurrekariak 1967an kokatu behar dira, Uribarri auzoko Aneja parrokiaren lokaletan eskolaurreko hiru ikasgela zabaldu zirenean. 1980ko urrian Deustuko erriberako San Pablo parrokiako lokaletan Eskolaurreko hiru ikasgela eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorrezko (gaur egungo Lehen Hezkuntza) bost ikasgela sortzen dira, Artxandape Ikastola izena hartuz.
1985. urtean, eskolaurreko gelak Bilboko Jasokunde parrokiako lokaletan zeukan Aixerrota Ikastolak Artxandaperekin bat egiten du. Urte berean, ikastola Matiko auzoan kokatutako eraikin berri batera eramango da, gaur egun duen kokalekura, hain zuzen ere.
1985/1986 ikasturtean irten zen Oinarrizko Hezkuntza Orokorrezko lehen promozioa, 10 ikaslek osatutakoa.
1996an instalazioak handitzeko eta hobetzeko lanak egiten dira, bi urteko Haur Hezkuntzako bi gela eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ziklorako ikasgelak egiteko asmoz. 1998/1999 ikasturtean irten zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen promozioa, 58 ikaslek osatutakoa.
Ikus, gainera
- Ikastolen Elkarteko ikastolen zerrenda
- Eusko Ikastola Batza