Artxandako funikularra

Artxandako funikularra Bilbo udalerrian dagoen funikularra da. Gazteleku auzoko Campo Volantin pasealekua eta Artxanda mendia lotzen ditu, beheko geltokia Funikularreko plazan eta goikoa Artxandako begiratokiaren ondoan daudela.

Artxandako funikularra

Funikularra Loruritik igarotzen.
Datu orokorrak
Garraio motaFunikularra
EskualdeakBilbo
Lineak1
Geltokiak2
Bidaiariak830.627 (2017)[1]
JabeaBilboko Udala
EgoitzaArtxanda-Egirleta errepidea, 27; 48015 Bilbo
Webguneahttp://www.bilbao.eus/funicularartxanda
Ustiapena
Hasiera1915eko urriaren 7a
EragileaArtxandako Funikularra, S.A.
Maiztasuna15'
 Mapa
FUNI KBHFa red
Artxanda
STR red
STR red
STR red
FUNI KBHFe red
Funikularreko plaza Igogailua Metroa Trena Autobusa 

Funikularra Bilboko Udalaren menpe dagoen Artxandako Funikularra, A.B. - Funicular de Artxanda, S.A. enpresak kudeatzen du. Enpresa honek, funikularra kudeatu eta mantentzeaz gain, Bilboko igogailu publikoak ere eraiki, kudeatu eta mantentzen ditu.[2]

Historia

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasierako urteetan Artxanda mendia bilbotarren aisialdirako gune nagusia bihurtu zen, inguruan kasinoa, jolas-parkeak eta jatetxe eta txakolindegiak garatu zirela, Europa osoan hedatutako joerari jarraituz. Hala, 1901etik 1912ra Bilbo hirigunea eta mendia lotzeko proiektua aurkeztu zuen Bernardo Jiménez ekintzaileak, kremailera-tren baten bitartez. Dena dela, proiektuak ez zuen finantziaketarik lortu eta baztertu zen.

Aurrerago, 1915ean, Evaristo San Martín y Garaz enpresari donostiarraren proiektua onartu zen. Uztailaren 19an gutun bidez funikularra eraikitzeko baldintza batzuk ezarri ziren, hala nola larrialdi kasuetarako bazterbidea eraikitzea, ordezko hirugarren bagoi bat izatea, gehienezko abiadura 8 km/h-koa izatea, bagoien geltokiratzeak suabeak izatea, mozkorrei eta usain txarreko paketeak zein armak zeramatzaten pertsonei bidaia debekatzea, bidaiariek hala eskatutakoan funikularreko langileek pertsonak kanpora botatzea baldin eta errespetu faltaz aritzekotan, eserlekuen dimentsio minimoak 0,45 x 0,65 x 1,45m izatea, bagoiak programatutako ordu aurretik ez irtetzea eta kanpaia joz iragartzea, eta gainontzekoetarako Igeldoko funikularrarentzako arau berdinak ezartzea.

Hala, funikularra eraikitzeari ekin zion L. Von Roll enpresa suitzarrak, eraikitze-kostua 488.407,30 pezetakoa izanik.

1915eko urriaren 7an funikularra inauguratu zen, enpresa pribatu batek kudeatuta.

Espainiako Gerra Zibilean trenbidea eta goiko geltokia bonbardatu zituzten, zerbitzua 1938ko uztailaren 18a arte etenarazi zela.

1939an, enpresa pribatuaren porrotaren ondoren, Bilboko Udalak hartu zuen funikularraren kudeaketa.

1976ko ekainaren 25ean zerbitzua berriro ere denbora luzez etenarazi zen, istripu baten ondorioz. Mantenu-lanak egiten ari zituztela, kablea aldatzerakoan balaztek huts egin eta bagoi bat beheko geltokira zuzendu zen, funikularreko bost langiletik bi zaurituz.

Zazpi urtez zerbitzua eten egon zela, 1983an instalazio guztiak berreraiki ziren, bai geltokiak, trenbidea zein bagoiak ere, eta apirilaren 30ean zerbitzua berrinauguratu zen. Urte bereko uholdeen ondoren berriro ere zerbitzua bertan behera utzi behar izan zen, beheko geltokia lokatz eta arrokaz beteta geratu baitzen. Azaroaren 4an zerbitzua berrezarri zen.

Gaur egun Bilboko Udalak funikularra eta udalerriko igogailu publikoak kudeatzen ditu Artxandako funikularra S.A. enpresaren bitartez.

Funtzionamendua eta zerbitzuak

Barik txartela

Sakontzeko, irakurri: «Barik txartela»

Barik txartela Bizkaiko Garraio Partzuergoak jaulkitako kontakturik gabeko txartel bakarra da, eta txartelari esker abonu-titulu bereziak erabil daitezke, hobaridun prezioekin bidaiatu ahal izateko. Txartelak 3€ko kostua dauka, eta hiru motatakoa izan daiteke:

  • barik anonimoa (zuria): Creditrans titulua erabili ahal izateko. Txartel anonimoak pertsonalizatzeko aukera ematen du, hala Barik Kide txartela bihurtzen da.
  • barik pertsonalizatua kide (zuria): Creditrans, Hirukotrans, Gazte Bio (GZBIO) edota Bilbotrans tituluak erabili ahal izateko.
  • barik pertsonalizatua giza (gorria): Gizatrans titulua eta aurreko titulu guztiak erabili ahal izateko.

Barik txartel pertsonalizatuak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Bezeroen Arretarako Bulego integraletan eska daitezke, hurrengo tokietan kokatuta:

Bidaia-txartelak eta tarifak

Ezarritako sistemaren arabera, bidaia-txartela bidaia hasterakoan besterik ez da balioztatu behar, geltokira sartzerakoan tornuak gurutzatzeko txartela balioztatu behar dela.

Hona hemen txartelak eta prezioak 2018. urterako:[3]

Artxandako funikularrean besterik ez erabiltzekoak

  • Joateko txartel arrunta: Paperezkoa. Bidaia bakarra egiteko. Tarifa: 1,75€
  • Joan-etorriko txartel arrunta: Paperezkoa. Joan-etorriko bidaia egiteko. Tarifa: 3,25€
  • Hobariduna: 10 pertsona edo gehiagoz osatutako taldeentzako. Tarifa (pertsona bakoitzeko): 0,58€
  • Murriztua: 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako eta eskola-umeen taldeentzako. Tarifa (pertsona bakoitzeko): 0,31€
  • Doakoa: 6 urtetik beherako umeentzako, gurpildun aulkia erabiltzen duenaren laguntzailearentzako edota itsuen laguntzailearentzako.
  • Bilbotrans: Txanpondegi-titulua da. Titulu hau Barik txartel batean kargatzen da. Pertsonal eta transferiezina. Bilbon erroldatutako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jaso, denbora luzean langabe, ezindu edota erretiratuei zuzendutako titulu berezia da. Bilbobusen bezeroei arreta egiteko bulegoan eska daiteke. Tarifa (bidaia bakoitzeko): 0,31€

Bizkaiko Garraio Partzuergoak jaulkitakoak

Sakontzeko, irakurri: «Bizkaiko Garraio Partzuergoa»
  • Creditrans: Txanpondegi-titulua da. Titulu hau Barik txartel batean kargatzen da. Transferigarria da eta bidaia berean behin baino gehiagotan erabiltzekoa da, baldin eta Barik txartela anonimoa bada. Barik txartela pertsonalizatua bada, titulua pertsonal eta transferiezina da. Tarifa (bidaia bakoitzeko): 0,58€
  • Gazte Bio (GZBIO): Bizkaian erroldatutako 26 urte baino gutxiagoko gazteei zuzendutako hileko titulu multimodala da. 30 egunetan nahi beste bidaia egiteko balio du. Artxandako funikularrean ez ezik Bilbobusen ere erabil daiteke. Tarifak (hilabeteko): Orokorra: 30€; F20: 24€; F50: 15€

Ordutegia

Funikular zerbitzua goizeko 7:15etatik gaueko 22:00ak arte ibiltzen da.

Uda sasoian, ekainaren 2tik irailaren 30era, ostiral, larunbat eta jai-bezperetan ordubete gehiago luzatzen da zerbitzua, hau da, goizeko 7:15etatik gaueko 23:00ak arte; eta igande eta jaiegunetan, aldiz, ordubete geroago hasten da zerbitzua, hots, goizeko 08:15etatik gaueko 22:00ak arte.

Bilboko Aste Nagusian ordutegia goizeko 7:15etatik gaueko 24:00ak arte luzatzen da.

Maiztasuna 15 minutukoa da zerbitzu osoan zehar. Hala ere, kasu berezietan maiztasuna handitzen da, eskariari aurre egiteko.

Bidaiariak[4][1]

Artxandako funikularraren bidaiarien bilakaera 1998-2017 (mila bidaiari)

Ezaugarri teknikoak

  • Ibilbidea: 770,34 metro
  • Malda: 226,49 metro
  • Gehienezko malda: %44,98
  • Edukiera: 70 pertsona
  • Bidaiaren iraupena: 3 minutu
  • Abiadura: 5 metro segundoko

Argazki galeria

Erreferentziak

  1. Bizkaiko Garraio Partzuergoa. «Bizkaiko garraio publikoaren txostena» (Noiz kontsultatua: 2018-05-28).
  2. «Artxandako Funikularra - Página de inicio» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
  3. Tarifak 2018 | Artxandako funikularra. (Noiz kontsultatua: 2018-05-28).
  4. Bizkaiko Garraio Partzuergoa. «Bizkaiko garraio publikoaren txostena» (Noiz kontsultatua: 2017-10-13).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.