Arteadar-ardagai

Arteadar-ardagaia (Dichomitus campestris) Polyporaceae familiako onddo espezie bat da.[1] Espezie hau ez da oso ezaguna, belztuta duelako ertza bereizten da antzeko espezietatik batez ere ale helduetan.

Arteadar-ardagaia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaPolyporales
FamiliaPolyporaceae
GeneroaDichomitus
Espeziea Dichomitus campestris
S. Domański & A.Orlicz

Deskribapena

Karpoforoa: Resupinatua, tamaina aldakorrekoa (3-10 cm luze, 2-3 cm zabal, 1 cm arteko lodiera). Okre-krema kolorekoa eta ertz belzkara (heldua denean). Zenbait geruzako tutu oso motz okre argi kolorekoz eta poro lodi nahaspilatu irregularrez osatutako himenioa du, krema kolorekoa eta zahartzean marroi bihurtzen da.

Hanka: Ez du, zuzenean bat egiten du substratuarekin, zarakar bat osatuz.

Haragia: Mehea, okre antzekoa, zuraren testura edo kortxoarena du. Ia usain gabea, zapore mikatza. Espora-jalkina zuria.[2]

Etimologia: Campestris epitetoak landakoa esan nahi du (gaizki deitua, zuhaitzetatik bizi baita)

Jangarritasuna

Bere trinkotasun gogor eta zurkarak ez du kontsumitzeko aukerarik ematen.

Nahasketa arriskua

Trametes gibbosa eta Trametes hirsuta delakoekin nahas daiteke, hauek kapela kontsolan dute (ez zarakarra). Datronia mollis espeziearekin ere bai, hau egurrean proiektatzen da zarakarrik sortu gabe eta poroak gris kolorekoak ditu.

Sasoia eta lekua

Urte osoan, batez ere azaroan. Udaren amaieran eta udazkenean esporak askatzen ditu. Hainbat urte iraun dezake. Urria. Saprofitoa, hostozabalen egur hondarretan: Artea, hurritza, haritza, pagoa, baita pinua ere, karraska.

Banaketa eremua

Europa osoa Uraletaraino.

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza     Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012     Euskalnatura     Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987     Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973     Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. Ubillos Javier. (2020). Curso de iniciación a la micología, fichas micológicas. Asociacion cultural “Baxauri” Kultur Elkartea Mikologia, Bajauri, Cofradia Vasca de Gastronomia..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.