Arte abstraktu
Arte abstraktua mundu naturaleko gauzakiak irudikatzen ez dituen artea da. Hortaz, kolorea eta itxura ez ditu modu figuratiboan erabiltzen. XX. mende hasieran, abstraktu hitza arte mota zehatza adierazteko erabiltzen zen, batez ere kubismoa eta futurismoa, zeinetan agertzen ziren egiazko irudiak era sinpletuan ala bere jatorrizko formak azaletik irudikatuta.
Arte abstraktuak artelanaren alderdi kromatiko, formal eta estrukturalak nabarmentzen ditu eta beraiek indartuz hauen adierazkortasun-indarra agerian uzten du, betiere, modelo eta forma naturalak imitatu gura izan gabe.
Hortaz, esan daiteke arte abstraktuaren ikuspegitik adierazpide figuratiboaren ordez, ikus-lengoaia autonomoa sustatzen dela berezko adierazpen-esangura duena.
Ikus-lengoaia hau, alde batetik, kolorearen indarra goretsiz abstrakzio lirikorantz abiatzen diren fauvismo eta espresionismoan errotzen da eta, bestetik, estrukturazio kubistan, hainbat abstrakzio geometriko eta eraikitze elementu sortzen dituena.
Historia
Abstrakzioa artearen historiako mugarri nagusietako bat da, artearen kontzepzio eta ulermenean aldaketa sakona suposatu duelako.
XX. mendearen hasiera arte, adierazpen artistiko orok helburu figuratiboa zuen, hau da, esanahi edo irudi bat eskaintzen zuen (gauzaki bat, paisaia bat, sentipenak…). Arte abstraktuak joera honekin amaitzen du eta irudikapena ikus hizkuntza autonomo bezala ulertzen du, berezko esanahia eta justifikazioa dituena.
Beste era batera esanda, tradizionalki artelan baten aurrean egin ohi zen galdera -Zer esan nahi du?- desagertu egin da, artelanaren justifikazioa oinarri estetikoen bidez bilatzea aski delarik. Artelan bat berez erakargarria izan daiteke, esanahi konkreturik ez badu ere.
Ikus hizkuntza berri hau XX. mendean zehar izugarri garatu da eta egungo Arte Garaikidean presentzia nagusia du.
Abstrakzioaren barnean bi estilo nagusi bereiz daitezke: Abstrakzio Geometrikoa eta Abstrakzio Lirikoa.
Abstrakzio geometrikoa
Abstraktismo geometrikoak ez ditu mundu errealeko gauzakiak irudikatzen, berezko izaera duten elementuak baizik. Objektibotasuna eta unibertsaltasuna lortzea du helburu eta horretarako elementu neutralak erabiltzen dira, gehienetan irudi geometrikoak, margolanari zurruntasuna eta prezisioa emanez eta sentsazioak eta espresioa ezabatuz, logikaren bidez egituratutako konposizioak lortzeko helburuarekin.
Kasimir Malevitx errusiarraren suprematismoa, Tatlin edo Popovaren eraikuntza abstraktuak eta Mondrianen neoplastizismoa, besteak beste, arte geometrikoa errotik bultzatu duten mugimenduak dira. Estilo honen garapenean Puteaux-eko taldeak ere eragin handia izan zuen. Hauek konposiziorako oinarri matematikoak eta kolorearen inguruko esperimentazio zientifikoa aplikatu zituzten margolanetan. Arte konkretuak ere eragin handia izan zuen, margolana era arrazionalean planifikatzea bultzatzen baitu
Abstrakzio lirikoa
Izen hau Georges Mathieu margolariak eta Restany kritikoak asmatu zuten 1945. urtean, inkontzientea eta berehalakotasuna erabiliaz zeinu eta formak sortzen dituen abstrakzioa deskribatzeko. Action Painting delakoaren, surrealismoaren eta Vasili Kandinskiren harmonia erritmikoaren influentzia du estilo honek.
Berez, azken pintore honek egoki irudiztatzen du abstrakzio lirika deritzona. Vasili Kandinskik, 1910 eta 1912 bitartean, sentimenduz beteriko abstrakzioa erdietsi zuen eta bera lanetan bera partaide zeneko Der Blaue Reiter (zaldun urdina) izeneko talde espresionistaren adierazgarritasun irrikak islatzen dira.
Bestalde, garai bertsuan baina Frantzian, Robert Delaunayk abstrakzio bideari ekiten dio Forma zirkularrak arte lanaren bidez. Margolari hau Michel Eugène Chevreul kimikariaren zirkulu kromatikoetako koloreei buruzko teorian oinarritzen da. 1912an Frank Kupka ildo beretik joan zen bere lanak Amorfa, Bi koloreko ihesa eta Plano bertikal urdin eta gorriak (1913) jendaurrean ipiniz.
Soulages, Hartung, Wols, Byren eta Riopelle, besteak beste, mugimendu hau jarraitu zuten margolariak izan ziren.
Gaur egun abstrakzio lirikoa abstrakzio geometrikoari kontrajarritako termino bezala erabiltzen da batez ere. Geometrikoak objetibotasuna bilatzen badu, lirikoak artistaren alderdi espresibo eta fisikoari garrantzia handiagoa ematen dio.
Musika
Arte abstraktura hurbiltzeko modu bat musikaren bitartez ere izan da. Vasili Kandinski, adibidez, musikoa zen, eta koloreei buruzko inspirazioa "ariman sentitzen zuen erresonantzian" topatzen zuen.