Artapalo

Artapalo Euskadi Ta Askatasunaren zuzendaritzak 1986 eta 1992 artean erabili zuen ezkutuko izena izan zen.

Historia

Poliziak 'Artapalo' sinaturiko ETAren barne-eskutitzak aurkitu zituenean luzaroan pentsatu zuen pertsona bakarra zela, Francisco Mujika Garmendia, 'Pakito' hain zuzen ere. Hori zela eta, orduko hedabideetan 'Artapalo' deitzen zioten.[1] Hala ere, geroago 'Artapalo' hiru lagunek osaturiko taldea zela jakinarazi zuten: 'Pakito' bera, José Luis Álvarez Santacristina 'Txelis' eta Joseba Arregi Erostarbe 'Fiti'; hurrenez hurren, erakundearen aparatu militar, politiko eta logistikoaren arduradunak.

'Artapalo'k ETAren atentatu latzenetariko batzuk erabaki zituen, tartean 1987ko uztailaren 19an Hipercorkoa edota 1987ko abenduaren 11ko Zaragozako kuartel-etxekoa. Zenbaiten ustetan, 'Artapalo' ETAren historian inflexio-puntua izan zen, Yoyesen eta Txomin Iturberen heriotzen ondoren hasitakoa. Taldeak ekintza armatu bereizi gabeagoak gauzatu zituen[2] eta, zenbaiten ustetan, hau 'Pakito' buruzagi militar eta 'Txelis' buruzagi politikoaren arteko barne-istiluen isla izan zitekeen. Edonola ere, jarrera honen zergatia ezezaguna da.

1992ko martxoaren 29an Bidarteko 'Etxe Maitia'n Frantziako Jendarmeriak eta Espainiako Guardia Zibilak egindako operazio batean 'Artapalo' taldeko kideak atxilotu zituzten.[3][4] Bi hilabete geroago, haien ondorengoak ere atxilotu egin zituzten.

Erreferentziak

  1. Clark, Robert P.. (1990). Negotiating with ETA: Obstacles to Peace in the Basque Country, 1975-1988. , 187 or..
  2. Playà Masset, Josep; Batista Viladrich, Antoni. Artapalo: ETA después de Txomin. Pòrtic, 251 or. ISBN 9788473063289..
  3. Mickolus, Edward F.; Simmons, Susan L.. (1997). Terrorism, 1992-1995: A Chronology of Events and a Selectively Annotated Bibliography. , 146 or..
  4. Pasamontes, Juan Carlos. (2010-10-4). «Cop antiterrorista» El Periódico: 6..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.