Arta Puntako gurutzea (Ondarroa)
Arta Puntako gurutzea edo Frankismoaren eroritakoen aldeko monumentua Ondarroan Espainiako Gerra Zibilaren oroigarri frankista zen. 2012an Eusko Jaurlaritzaren oroimen historikoaren aurkako sinboloen katalogoan agertzen zen eraikin hau, botatzeko eskaera eginez. Gogora Institutuak ere monumentua kentzeko eskaria egina zuen. Azkenik, 2019ko urtarrilaren 13an herritar talde batek bota zuen. Gurutzeak ez zuen inongo balore artistikorik.
Baleares gurutze-ontziko ondarroarrak
Baleares gurutze-ontzia, 1937an muntatutako gerra itsas ontzia zen. 1938ko martxoan hondoratu zuen flota errepublikarrak Palos lurmuturreko guduan, Lepanto suntsitzaileak jaurtitako torpedoen bidez. HMS Boreas eta HMS Kempenfelt suntsitzaile ingelesak, urperatutakoak salbatzera joan ziren. 435 pertsona salbatu zituzten, eta 786 desagertu ziren. Salbamenduan, hegazkin errepublikarrek, suntsitzaile ingelesak bonbardatu zituzten, kaltetuak eraginez (hildako 1 eta 4 zauritutako).
Baleares gurutze-ontzian 18 ondarroar errekete hil ziren,[1] eta beste 29 onik atera ziren.[2]
Monumentuak
Gerra ondoren frankistek horrelako monumentu asko Hego Euskal Herri osoan inposatu zituzten. Ondarroan Baleares gurutze-ontziko hildakoei eskeinitako lehena 1940ean ezarri zen, portuan, baina denborale batek apurtu zuen. Hilerrian ere mausoleo bat eraiki zitzaien.[1] Arta Puntakoa 1958an altxatu zen, Udalaren eta Aldundiaren eskariz,[2] lehen lazareto izandako lekuan,[3] eta Baleares gurutze-ontzian hildako ondarroarrei omendu nahi zuen. Arta Puntako gurutzean agertzen ziren gerra ontzi frankistan hildako ondarrutarren izenak, eta idazkun bat:[4] "A la memoria de los hijos de Ondárroa que heroicamente dieron su vida por Dios y por España en el crucero Baleares. Requetés. José Miguel Aldarondo, Domingo Aramayo, José María Arambarri, Bonifacio Aranzamendi, Pedro Araquistain, Pedro Bedialauneta, Domingo Bilbao, Antonio Burgoa, Indalecio Burgoa, Salvador Elu, Fermín Goyogana, Luis Iriondo, Gabriel Larrinaga, Angel Legarda, Andrés Osa, Celestino Saras, Francisco Urbieta, José Urquiaga." Jakina, beste aldean ere ondarroarrak baziren baina horientzat ez zegoen oroigarririk.
Balearesen gertaerak frankismoaren mitologian oso jasota zeuden; hau gogorazteko, esaterako, Donostiako Pasealeku Berrian, gaur egun Jorge Oteizaren Eraikuntza Hutsa eskultura dagoen toki berean, zentzu bereko monumentua altxatu zuten (baseliza eta monumentua), Balearesen hildako gipuzkoar guztien izenekin; azken eraikin hau, Franco hil ondoren, Donostiako Udalak kendu zuen.
Kentzeko prozesua
Nahiz eta euskal instituzioek behin eta berriro udalari monumentua kentzeko eskaera egina izan, Ondarroako Udalak ez zuen behin-betiko erabakia hartzen.[1] Azkenik, 13ko arratsaldean Ernai erakundeak[5] gurutzea bota egin zuen, mailu pneumatikoez harria eta betoia hautsiz, eta rotaflexekin barruko metalezko egitura ebakiz.[2] Lanak egun argiz hasi ziren, eta eraisketa gauez burutu zen.[6] Gurutzea botatzeko prozesua erakusteko Turrune! aldizkariak sarean bideoa zabaldu zuen.[7]
Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, monumentua ez da berreraikiko eta lehendik zegoen memoria gune bat eraikitzeko asmoari eutsiko zaio; itsasoan hildako ondarroar guztien omenezko monumentua eraikitzeko proposamena dago mahai gainean.[8][3]
Hilerrian dagoen mausoleoak bere lekuan jarraitzen du. Jatorrian marinelen izenak zituen, baina Franco hil ostean kendu zituzten. Hiru data agertzen dira bertan: 1833, 1872 eta 1936.[2]
Erreferentziak
- (Ingelesez) Berria.eus. «Arta puntako gurutzea, lurrean» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
- «Ondarroako gurutze frankista eraitsi dute - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2019-01-14 (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
- ONDARROAKO UDALA. 2019. "Arta muturreko monumentua kendu eta itsasoan hildakoen omenezko oroigarri bat egiteko Ondarroako Udalaren proposamena". pp.52-55. In: ONDARROAKO HISTORIAZALEAK. 2019. "Hondarroa 2018". Ed. Ondarroako Udala.
- SL, TAI GABE DIGITALA. (2019-01-14). «Ondarroako Arta puntako oroigarri frankista bota dute» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
- (Gaztelaniaz) histórica, Memoria. «Varios desconocidos derriban una cruz franquista en Ondarroa» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
- (Gaztelaniaz) Razón, La. (2019-01-14). «Derriban a martillazos un monumento franquista en Ondarroa» www.larazon.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
- https://turrune.com
- Ondarroako Udalak ez du Arta Muturreko monumentu frankista berriz eraikiko. (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).