Arrizuriaga jauregia

Arrizuriaga jauregia Bergaran dagoen jauregia da. 2022ko martxoaren 17an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Monumentu sailkapenean[1].

Arrizuriaga jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Alde Zaharra (Bergara)
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Euskal Autonomia Erkidegoa
Koordenatuak43°06′52″N 2°24′53″W
Map
Ondarea
EJren ondarea[https://www.euskadi.eus/app/ondarea/eraikita-ondarea/palacio-arrizuriaga/jauregia/bergara/-casco-urbano/fichaconsulta/32838

    Ezaugarriak

    1884. urtearen inguruan, Maria Purificacion Urkizu Zurbano eta Jose Maria Untzeta Murua senar-emazteek Arrizuriaga jauregia eraiki zuten Untzeta etxearen baratze eta lorategietan. Etxe hori iparralderago dago, Bidekurutzetako errebalaren mugan, eta Untzeta Loiola familiaren jabetzakoa da XVII. mendetik. Jauregi dotore hura, estilo eklektikokoa eta eragin frantsesekoa, lorategi berri eta mardul batez geratu zen inguratuta.

    Jauregiak bolumen prismatiko trinkoa du, eta, hasieran, oinplano angeluzuzena hautsi zuen hego-mendebaldeko angeluan. Hegoaldeko eta mendebaldeko fatxaden atzeraeman hori kendu egin zen mende erdi gehiago egindako obretan, eta hori da jatorrizko bolumenaren aldaketa bakarra; izan ere, egungo eraikinak bere horretan mantentzen ditu 5 altuerak (erdisotoa, beheko solairua, solairu nagusia, txapitula-formako bigarren solairua eta estalkipeko solairua); 4 isurkiko mantsarda-estalkia, goian argizulo zentrala duena; eta ipar-ekialdeko muturrari atxikitako oinplano oktogonaleko dorrea.

    Dorrea

    Fatxadak harlangaitzezkoak dira, eta hareharrizko harlanduz egindako plakak dituzte izkinetan, platabandetan, bao-markoetan, inpostetan eta erlaitzetan. Ardatzetan lerrokatutako proportzio bertikaleko baoen konposizio erregular baten bidez antolatzen dira, eta zurezko kontraleiho tolesgarriak dituzte kanpoan (gaur egun desmuntatuta daude). Nabarmentzekoa da, bereziki, izkinako dorrea, konposizioaren simetria eta soiltasuna hausten dituen elementu berezi gisa. Fatxada nagusian bost bao-ardatz daude, zutabe-erdi ildaskatuz inguratutako ate zentral ateburudunarekin. Sarrera horren alboetan, Untzeta eta Urkizu familien leinuen armarri bana dago. Fatxada horretako lehenengo solairuan, hiru baoko balkoi jarraitua dago, albo bakoitzean leiho angeluzuzen bat daukana. Harburu lisoko erlaitzaren gainean dagoen goiko solairuan, molduraz apaindutako hiru bao baino ez daude, txapitula formakoak; horietatik, erdiko baoa eta tximinia zilindrikoa nabarmentzen dira. Apaingarri hori, era berean, iparraldera eta hegoaldera begira dauden mantsardetan ere agertzen da tarteka.

    Gainerako altxaeren osaerari dagokionez, fatxada nagusiaren ordenari eusten dio ardatz bertikaletan lerrokatutako baoekin (4 daude iparraldeko eta mendebaldeko fatxadetan, eta 7 hegoaldeko fatxadan), baina beste bao-ilara bat dute erdisotoko solairua argiztatzeko eta airezta- tzeko, apaingarri gutxiagorekin. Atzeko fatxadaren konposizioa da gutxien zainduta dagoena. Hain zuzen ere, apaingarri gutxi ditu, zenbait elementu falta zaizkiolako: mantsarda, balkoiak eta baoen inguruko moldurak, zehazki. Gainera, beheko solairuan, neurri handiagoko baoak daude, ziurrenik erraztu egiten zutenak jauregiko espazio osagarri horien funtzioak (garajeak), bai eta espazio horiek lorategiarekiko duten lotura ere. Azkenik, fatxada honetan ikusten da argien nola kendu zen hego-mendebaldeko angelua, geroago egindakoa; izan ere, argi ikusten da horma-atalen diferentzia kromatikoa, bai eta erantsitako baoen ardatz bertikala konposizio simetrikotik desplazatu zela ere. Oro har, jatorrizko arotzeriak aldatu egin dira, baina oraindik mantentzen dira kanpoko kontraleihoak eta balkoietako burdin-lanak.

    Fatxada nagusia

    Estalkiak arbelezko jatorrizko estaldura mantentzen du: pikotx-formako piezak ditu plano ber- tikalenetan, eta pieza angeluzuzenak malda gutxiagoko isurialdeetan; era berean, zink-xafladun erremateak ditu, bai eta polikarbonatozko argizulo zentrala ere. Hala ere, estalkiaren barruko egitura, jatorriz zurezkoa zena, aldatu egin zen 1953an, eta, haren ordez, hormigoizko egitura jarri zuten, gaur egun ere mantentzen dena. Izan ere, garai hartako jabeak, Gaspar Narbaiza Orbek, eraikina eraberritzeko eskatu zion Damian Lizaur arkitekto oñatiarrari, eraikinean 7 etxebizitza egin ahal izateko (bi etxebizitza, solairu bakoitzeko). Proiektu horrek, gainera, bolumenaren hego-mendebaldeko angelua osatu zuen, hegoaldeko eta mendebaldeko fatxadak handituz. Gaur egun, lehenagoko eskemarekin alderatuta, barrualdeak beste antolaketa bat dauka, eta akaberak erabat aldatuta daude, 1986an Ertzaintzaren bulegoak instalatzeko egindako erreforma handiaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, antolaketa orokorrari eusten zaio erdiko eskaileran eta barrualdeko patio txikian (komunak eta espazio osagarriak aireztatzeko), eta horien inguruan banatzen dira kanpoko fatxadetara ematen duten gelak. Obra horren ondorioz, barruko egitura ere aldatu zen: hormigoizko bi zutabe-lerro gehitu ziren, eta, zurezko forjatuen ordez, hormigoi armatuzko sistema arinagoak ezarri ziren. 2001az geroztik, eraikina hutsik egon da, eta, beraz, zenbait kontserbazio-arazo ditu, batez ere fatxadetan eta estalkian.

    Lorategia

    Garai berean, Pierre Ducassek zuhaitzez hornitutako lorategi ederra diseinatu zuen jauregiaren inguruko lursail angeluzuzenean, eta lorategia eraikitzeko lana, berriz, Donostiako Villa Maria Luisa enpresak hartu zuen bere gain. Landatutako landare-espezie ugarietatik, honakoak nabar- mentzen dira: 12 indigaztainondo, 32 ezki eta 44 astigar, bai eta Chamaerops excelsa delakoak, magnoliak, bola-akaziak, katalpak eta zumarrak ere; eta, horiez gain, fruta-arbolak, zuhaixkak, musak, panpa-lezkak eta 2.900 lore-landare. Gaur egun, zenbait ale bikain kontserbatzen dira: astigar zuria (Acer pseudoplatanus), indigaztainondoa (Aesculus hippocastanum), lizarra (Fraxinus excelsior), magnolia (Magnolia grandiflora), platanoa (Platanus acerifolia), ezkia (Tilia), izeia (Abies), izei gorria (Picea abies), intsentsu-zedroa (Calocedrus decurrens) eta Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana). Zuhaixken artean, ezpela, aukuba eta ereinotza nabarmentzen dira.

    Lorategia lursail aldapatsu batean dago, eta 10 metro inguruko desnibela dago beheko eta goiko aldeen artean (jauregia goian dago). Jauregiaren atzeko fatxadan harlangaitzezko euste-horma bat dago. Espazio lau horretan, ziurrenik, gurdiek maniobrak egiten zituzten. Gainera, sigi-sagaka doan bide batek lorategiaren hego-mendebaldea zeharkatzen du. Bide horrek hartxintxarrezko zorua du, eta zintarri baxu batez dago mugatuta.

    Lorategiaren jatorrizko perimetro-itxituraren zati batzuk ere kontserbatzen dira: ekialdean, har- langaitzezko eta burdin-lanez egindako hormatxo baxua eta Espoloia kaletik sartzeko atea, eta, ipar-mendebaldean, harlangaitzezko horma, oso lodia eta 2 metro baino gehiagoko altuera duena. Hegoaldeko mugan, partzelaren itxitura duela gutxiago berreraiki da, nola edo hala jatorrizko trazadurari jarraituz eta Arrizuri kaleko sarbidea mantenduz. Mendebaldean, bihurgune formako itxitura erabat desagertu da, eta, ondorioz, partzelaren muga aldatu egin da.

    Gaur egun, hiri-parke berde handi bat dago etxadi osoan, eta, deskribatutako lorategiaz gain, iparraldeko beste espazio batzuk ere hartzen ditu barnean, tartean Untzeta Etxeari atxikitako lursai- lak. Hain zuzen ere, lursail horiek 2007an bereizi ziren etxetik, bide berri bat ireki zenean (Ramon Maria Lili kalea). Urbanizazio berri horren parte gisa, burdin-lana ere baduen harrizko hormatxo bat eraiki zen kale horretan, eta Untzeta lursailaren sarrera nagusia lekuz aldatu zen (hasieran, etxearen ondoan zegoen). Sarrera horrek burdin-lanez egindako orri bikoitzeko atetzarra du, alboetan pitxer banarekin errematatutako bi zutaberekin.

    Erreferentziak

    1. Kultura ondasun izendapena EHAAn (noiz kontsultatua: 2023-03-18)

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.