Arraste
Arrastea itsasontzitik herrestan doan inbutu formako sare bat erabiltzen duen arrantza-teknika da. Arrantza teknika aktiboa da, izan ere, itsasontziak arraste-sarea toki batetik bestera mugiarazten du.
Arraste sareak hondoan edo ur betean erabil daitezke, ontzi batek edo bik traturik.
Hondoko arraste-sareek aurkitzen duten guzia harrapatzen dute (algak, arrainak, oskoldunak...). Protesta ugari eragin du arrantza teknika horrek, ekosistemak biziki kaltetzen baititu, habitatak suntsituz eta harrapakinen artean selekzio guti eginez. Hain gutxi kontrolatua eta itsasondoentzat hain bortitza denez, herrialde askotan zainduta eta mugatuta dago, baina oso gutxitan dago galarazita. Teknika hau dribarekin batera, selektibotasunik gabekoa da, izan ere bere aurrean harrapatzen duen guztia hausten du, bai algak, bai krustazeoak eta baita arrainak ere.
Ur beteko arrastean, sareak hondoko arrastean baino anitzez handiagoak izaten dira eta ez dute hondoa hunkitzen. Selektibitate handiagoa dute, sarda tinkoetan ibiltzen diren arrainak harrapatzen baitira gehienbat. Gainera, hondoa hunkitzen ez dutenez, habitatak ez dituzte suntsitzen. Hala ere, sare horiek zetazeoak harrapa ditzakete, eta beren eraginkortasunarengatik, arrantzatzen dituzten arrain espezieak lanjerrean ezar ditzakete.
Historia
XVII. mendeko Ingalaterrako jakintsuek, arrantza teknika arriskutsua zela baieztatu zuten. Horretaz gain, arrantza hau erabiltzen zuten arrantzaleak alfertzat zituzten, harrapatzen zutena ez baitzuten espeziatan banatzen, eta sarea uretara bota besterik ez omen baitzuten egiten. Teknika honek itsasondoko arrainak harrapatzeko erraztasunagatik iraun zuen, eta jendeak jan beharra zuen. Ingalaterrako gobernuak 16 arraste-sare bahitu zituelarik, sekulako altxamenduak gertatu ziren arrantzaleen artean eta 2000 pertsona joan ziren arma eta guzi, sare horiek berreskuratzera.
Arrastariak
Arrasterako sareak erabiltzen dituzte. Eta sareak mugitzeko, motorra erregulatua duten itsasontziak darabiltzate. Batzuetan, bi itsasontzi ere ibiltzen dira, kasu honetan biek motorra indar berberean jarrita izan beharko lukete.
Hauek dira arrasterako itsasontzi motak:
- Alde bateko arrastaria: Sareak itsasontziaren alde batetik botatzen dira eta muturra bi garabiri (branka eta popakoei) lotua izaten zaie. Marruskadura jasateko, azkartuak izaten dira.
- Popako arrastari txikia: Makinilatik zubiko popara eta zubitik brankara doazen atoi kableak dira. Erresistenteak marruskadura jasateko.
- Popako arrastaria: popako zubira doazen erremolke kableak dira. Motoiak atetzarrei finkatzen zaizkie, zubia brankara, arranpatik popara.
- Izozkailu arrastariak: Izozteko tresneria duten alturako arrantzako itsasontziak dira. Soto isolatuak dituzte. Gainera, itsasontziak lantegiak dira, hau da, arrantzatua fresko mantentzeaz gain, paketatu, bildu, birrindu etab. egiten duten tresna asko dituzte.
- Tangone arrastariak: Txanbergak erabiltzen dituzte arrantzatua makilari helduta garraiatzeko, eta aldeetara zabalduak sare bat edo bi garraiatzeko.