Arrano sugezale
Arrano sugezalea (Circaetus gallicus) accipitridae familiako hegazti harraparia da. Europan eta Asian bizi da, neguan Saharaz haraindiko Afrikan emanez.
Arrano sugezale | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Accipitriformes |
Familia | Accipitridae |
Generoa | Circaetus |
Espeziea | Circaetus gallicus |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 136 g (pisua jaiotzean) |
Zabalera | 177 cm |
Kumaldiaren tamaina | 1 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 46 egun |
Bere hego-luzera 185-195 zentimetrokoa eta bere gorputza 63-68 zentimetrokoa izan liteke. Sugeak gehienetan, baita muskerrak ere, jaten ditu.
Landazabal ireki eta eguzkitsuak behar ditu hegazti honek, zuhaitz sakabanatuekin. Hegazti bikaina da, lertxun hauskarak adinako hego-zabalera lortzen du baina nabarmen lirainagoa da. Hegan doanean, hegoen azpialdeko lerro koloredunak nabarmentzen dira, eta soilik distantzia laburretara, arbel koloreko mokoa eta oinak. Pausatuta dagoenean bere buru handia eta begi hori handiak nabarmentzen dira.
Deskribapena
Bere morfologian deigarriak dira moko txikidun buru handia eta begi handiak; horiak gazteetan eta laranjaxkak helduetan. Beste eguneko hegazti harrapariek baino frontalizazio maila handiagoa du, eta honek ikusmen binokular hobea eskaintzen dio ofidioen moduko harrapakin txiki eta mugikorrak urrunetik fokatzeko (Martin eta Katzir, 1999; Ferguson-Lees eta Christie, 2004).
Tamaina handiko eta kolore aldakorreko harrapari handia da, gazteak kolore argia izan ohi dute eta helduak oso ilunetik oso argiraino aurkitu daitezke (Ontiveros, 2005). Hegan doanean azpitik begiratuta kolore argiko lumajea ikusten zaio, marra ilunez betea erremige eta errektrizetan eta bularraren erdialderaino estal dezakeen txanoa du (Ontiveros, 2005). Dortsalki kolore iluna du, grisa edo arrea. Gazteek kolorazio argia dute eta ez dute ia marrarik aurkezten azpialdean, gainera ez dute helduetan isatsaren amaieran agertzen den banda azpiterminal grisa, eta txanoa ere helduetan baino argiagoa da (Forsman, 1999). Helduek punta beltzdun moko grisa dute, eta behatzak gris argiak edo gris urdinxkak azkazal beltzekin (Ontiveros, 2005).
Bere tamainako harrapari batentzat oso behatz motzak ditu; behatz motzak, eta atzapar motz eta indartsuak erlazionatuta daude narrastien moduko harrapakin txiki eta iheskorrak ehizatzearekin (Ontiveros, 2005).
Badu dimorfismo sexuala, emeak zertxobait handiagoak dira kasu gehienetan (Ferguson-Lees eta Christie, 2004). Pisuari dagokionez arrek 1500-2000 g arteko pisua izaten dute eta emeek 1513-2110 g artekoa (Glutz et al., 1971). Beste hegazti handietan gertatzen den moduan ez ditu hegaldiko luma guztiak denboraldi berean aldatzen (Forsman, 1999)
Oro har, hegazti isila da baina, batzuetan, kumatze garaian batez ere, oihu ozen karakteristikoa egiten du, jostailuzko ahatetxoen antzekoa.
Banaketa
Banaketa azpiartikodun espeziea (Cramp eta Simmons, 1980). Europan, Iberiar penintsula ia osoan, iparraldean klima atlantikodun leku batzutan kenduta; Frantziako hegoaldean; Italiako mendebaldeko kosta guztian zehar eta Alpeetan; eta Europa ekialdean agertzen da (Peterson et al., 2006). Euskal Herrian ere banaketa orokorra du Bizkaiko kostako puntu batzutan kenduta (Ontiveros, 2005).
Garaia
Migratzaile transahariarra da (Ontiveros, 2005). Udaldikoa da Iberiar penintsulan, irailaren erditik urriaren hasiera bitartean joaten da, eta martxoa eta apirila artean itzultzen da, baina zonalde epelenetan negua ere igarotzen dute banako batzuk (Ontiveros, 2005).
Habitata
Itsas mailatik 2000 m-ra kokatzen diren zonalde irekiak eta prezipitazio gutxikoak hautatzen ditu arrano sugezaleak (Ontiveros, 2005). Zuhaitz marduletan egiten ditu habiak, nahiko txikiak bere tamainarekin alderatuz, eta kasu bakanen batean arrokatan edo lurrean habia egiten ere ikusi da (Cramp eta Simmons, 1980). Iberiar penintsulan pinudi mediterraneoak hautatu ohi ditu, baina artadietan eta artelatz-basoetan ere egiten ditu habiak, eta neurri txikiago batean, baita harizti eta pagadietan ere (Román et al., 1996). Oro har, habia egiteko beharrezkoak dituen basoak eta ehizatzeko behar dituen azalera ireki edo sastrakadiak konbinatzen dituzten zonaldeak hautatzen ditu.
Elikadura
Hegazti harraparien artean espezializatuenetakoa da dietari dagokionez; bereziki sugeak ehizatzen ditu, baina baita muskerrak, hegaztiak eta ugaztunak ere (Cramp eta Simmons, 1980). Egunez ehizatzen du normalean, baina tarteka iluntzean ere bai (Ojalvo, 1998).
Iberiar penintsulan sugeek bere dietaren %95 osatzen dute: Malpolon monspessulanus, Elaphe scalaris eta Coluber hippocrepis dira bere harrapakin ohikoenak; eta neurri txikiagoan Lacerta lepida, Natrix natrix, Natrix maura, Coronella austriaca, Chalcides striatus, Psammodromus algirus, Pelobates cultripes, Sciurus vulgaris, Bufo bufo eta Alectoris rufa (Gil eta Pleguezuelos, 2001). Suge handiak hautatzen dituzte txikiekiko (Gil eta Pleguezuelos, 2001). Ez dirudi pozoiarekiko immunea denik, baina lumaje trinkoak eta ezkatek ofidioen erasoetatik babesten ditu; halere, sugegorrien moduko espezie pozoitsuak saihestu ohi ditu, hauek oso arraroak baitira bere dietan, nahiz eta ugariak izan arrano sugezaleak ehizatzen duen zonalde batzutan (Cramp eta Simmons, 1980).
Ugalketa eta ontogenia
Espezie udaldikoa denez sarri aurreko urtean utzitako habia berritzen dute (Ontiveros, 2005). Bi bikotekideek hartzen dute parte habiaren eraikuntzan, arrak eraikuntzarako materiala inguratzen du eta emeak eraikitzen du habia (Boudoint, 1953). Sarri sai motzak (Aegypius monachus) utzitako habiak erabiltzen ditu Iberiar penintsulan (Galán et al., 1997).
Errunaldia arrautza zuri bakarrekoa izaten da (Glutz et al., 1971). Bigarren errunaldiak ikusi dira lehenengoa galdu den kasutan (Boudoint, 1953). 42-47 egun irauten du inkubazioak eta bi sexuek hartzen dute parte, baina hegazti harrapari gehienetan bezala emea da habian denbora gehiena igarotzen duena (Cramp eta Simmons, 1980).
Txitoa guraso biek zaintzen dute, baina emea da gehiena babesten duena euritik eta eguzkitik bere gorputzarekin (Ontiveros, 2005). Lehenengo asteetan txitoa mokotik mokora harrapakin zatitxoak emanez elikatzen dute, baina pixka bat hazitakoan, gai izango da harrapakinak (sugeak bereziki) tirata gurasoen paparotik ateratzeko (Cramp eta Simmons, 1980). Txitoa 70-78 egun egon ohi da habian, baina kasu batzutan 60 egunera uzten du (Cramp eta Simmons, 1980). Ez dago heldutasun sexuala lortzen duten adinaren daturik, baina 3-4 urterekin lortzen dutela uste da (Cramp eta Simmons, 1980). Aske 17 urte izatera iritsi daitezke (Glutz et al., 1971).
Bizimodua
Bakartia edo bikoteka normalean, baina migrazioan taldekoia izan daiteke, batzutan beste espezie batzuen konpainian (Ontiveros, 2005).
Araldiaren hasieran, bikoteek hegaldiak egin ohi dituzte, baina ez beste hegazti harrapari batzuenak bezain deigarriak; ez dira gorteko hegaldi tipikoak, banako bakarrak -batzutan harrapakin bat mokoan hartuta- egiten dituen uhin-mugimenduko hegaldiak baizik (Ontiveros, 2005). Espezie bereko banako baten aurrean berriz, mehatxu-hegaldi tipiko bat egiten du, kokoteko lumak harrotuta, hegoak guztiz zabalduta eta apur bat aurreratuta, buztana itxita eta apur bat jasota, eta oinak jasota (Cramp eta Simmons, 1980).
Espezieen arteko elkarrekintzak
Gizakiaren enbarazuez gain, erroiak (Corvus corax) eta itsas arrano buztanzuriak (Haliaetus albicilla) beren arrautza eta txitoak jandako kasuak aipatu dira (Ivanovsky, 2002).
Hontz handiaren (Bubo bubo) harrapakinen artean aurkitu da arrano sugezale bat Nafarroan (Arrano bat 2558 harrapakinen artean) (Donazar, 1989).
Bizkarroien artean nematodoak, trematodoak eta akantozefaloak aurkitu dira (Borgsteede et al., 2003), eta baita salmonelosia infekzioak ere (Reche et al., 2003).
Antzeko espezieak zapelatz liztorjalea, zapelatz arrunta eta aztore-arranoa ditu.
Kontserbazioa
Interes bereziko espeziea da EAEn eta Nafarroan. Europan SPEC 3 kategorian sartzen da; beren populazioak Europan kontzentratzen ez diren, baina bertako populazioak kontserbazio egoera eskasean dauden espezieen kategorian.
Mehatxu-faktoreen artean, narrasti-populazioen beherakada eta nekazal inguruneetan basoen birsorkuntza aipatzen dira (Ontiveros, 2005). Elektrokuzioak ere faktore garrantzitsua dira (Ontiveros, 2005), eta azken urteetan tiroz hildakoak eta habietan egindako lapurretak ere aipatu dira (Sanchez-Zapata et al., 1995). Haize-errotek ez dirudi gehiegi eragiten dietenik migrazioan Gibraltartik pasatzen diren banakoei (De Lucas et al., 2004).
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).