Arraia gastaka
Arraia gastaka (Raja clavata) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Rajidae familiakoa[1].
Arraia gastaka | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Rajiformes |
Familia | Rajidae |
Generoa | Raja |
Espeziea | Raja clavata Linnaeus, 1758 |
Datu orokorrak | |
Habitat | World Ocean (en) |
Arraia espezieen artean gure kostaldean aurkitzen den ohikoena da[2]. Izen zientifikoak gorputzaren gainaldean eta buztanean dituen arantzei egiten die erreferentzia[3].
Euskal izendegia
Arraia gastaka izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[2]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
arraia | |
arraia gastaka | |
arraidxe[4] | Bermeo |
arraizabal | Donostia |
arraxi | Ondarroa |
gastaika, gaztaika[4] | Zumaia, Orio |
tramana | Mutriku |
Deskribapena
Gorputz zapala du, 85 cm luzerakoa, tarteka metrobetekoak ere ikusten dira. Aurkitu den ar handienak 105 cm-ko luzera zuen, eme handienak aldiz 139 cm. 18 kilogramo pisatu zituen. 15 urtez bizi daitezke[5].
Alboetako hegats zabal eta puntadunek erronbo itxura ematen diote eta hartatik aurrerantz muturra eta atzerantz buztan sendo eta laburra ateratzen zaio[6]. Gainaldea eta buztana puntadun arantza ugariz hornituta daude. Emeek sabelaldea ere pikortsua dute, arren kasuan sabelaldea leuna da. Arraia gastaka helduei arantza zorrotz gehigarriak ateratzen zaizkie buztanean[5].
Kolore desberdinak izan ditzake gainaldean, marroi argitik grisera aldatzen dira, orban ilunagoak eta puntu ilun txiki eta horiak dituztenak. Batzuetan orban horiak puntu ilun txikiz inguratuta daude. Beldurtzen direnean kolorea asko iluntzen zaie, ia beltza bihurtzeraino. Sabelaldea zurixka da eta ertzak grisak dira. Buztanean marra argiak eta ilunak tartekatzen dira[6].
Arrain zapala izanik gainaldean ditu begiak eta azpialdean ahoa eta zakatzak ikusten zaizkio.
Banaketa
Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean bizi da, Islandia eta Cabo Verde artean, tartean Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere bai. Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean ere aurkitzen da[6]. Bigarren populazio bat Indiar ozeanoaren hego mendebaldean bizi da, Hegoafrika eta Madagaskar artean[5].
Urteroko migrazio ziklo bat osatzen du, hilabetero 54-117 kilometroko distantziak eginez. Udazkenean eta neguan itsaso zabalera joaten da eta ur sakonagoetan ibiltzen da, udaberrian kostaldera itzultzen da. Arraia gazteek ez dute migratzen, kostaldean egoten dira taldeak osatuz[5].
Arraia gastakaren habitat naturala sakonera txikiko itsasoak dira, 10-60 metro arteko sakonera dutenak. Inoiz marea jaitsi eta estuariotako putzuetan irteerarik gabe gelditzen dira, gazitasun txikiko urak ongi jasaten baititu. Urpekariek gehien aurkitzen duten arraia mota da. Joniar itsasoan 577 metroko sakoneran ikusi izan da[5].
Biologia
Espazio ireki zabalak atsegin dituzte, sedimentuz estalitako hondoak dituztenak, harea, lokatz edo harri txintxarretan kamuflatu egiten baitira. Hegalak ondulatuz mugitzen da[6].
Elikadura
Gauez ezkutalekua utzi eta harrapakinak ehizatzera ateratzen da[7]. Itsaso hondoan bizi diren animaliek eragiten dituzten eremu elektrikoak detektatuz harrapatzen ditu[5]. Arraia gazteek arrain eta krustazeo txikiak harrapatzen dituzte, helduek berriz karramarro handiak, ganbak eta arrainak jaten dituzte.
Ugalketa
Espezie obiparoa da. Ugalketa garaia otsailetik irailera izaten da[5]. Uraren tenperatura altuena denean izaten da errunaldi garaiaren pikoa, ekainean hain zuzen ere. Sexu bereko taldeak osatzen dituzte eta kostaldera hurbiltzen dira. Emeak hilabete lehenago inguratzen dira arrak baino[5]. Garai horretan arraia gastakak lurraldekoiak izaten dira eta erasokorrak dira haien eremua defendatzerako orduan[7].
Arra poligamoa da eta garai berean hainbat eme ernal ditzake[7]. Emeak itsaso hondoko landaredian utziko ditu arrautzak, pareak osatuz. Urtean 170 arrautza inguru askatuko ditu[6], hala ere 48-74 baino ez dira ernalduak izaten.
Arrautza kapsula errektangular batean sarturik dago, gorantz eta beherantz bina luzakin edo adar dituena. Luzakin horiek itsaskorrak dira, algetan tinko finkatzeko[5]. Marroi kolorea izaten du, ertzetan horixkak dira. 5-9 cm luze eta 3,4-6,8 cm zabal dira kutxa hauek[6]. Enbrioiak gorringoaz elikatzen dira eta 4-5 hilabeteren ondoren jaiotzen dira arraia gazteak. 11-13 cm-ko luzera dute orduan eta taldeak osatuz kostaldera hurbiltzen dira.
Gastronomia
Arraia gastakaren hegalak soilik kontsumitzen dira. Labanaz banatzen dira gorputzetik eta ondoren gaineko azal marroia kentzen zaio, nahikoa lan ematen du horrek. Barnean kartilagoak banatzen dituen bi xerra ateratzen dira, behin kozinatu ondoren oso erraz askatzen dira[8].
Galiziar erara presta daiteke, egosi eta patata eta piperrautsaz. Caldeiradan ere gisatu ohi da[9].
Arrain kartilagotsuekin gertatzen da ongi kontserbatu ezean amoniako usaina jariatzen hasten direla. Horretarako komeni da lehen bait lehen kontsumitzea, eta bestela marinatu egin beharko da ozpinetan[8].
Erreferentziak
- Bigelow, H.B. & W.C. Schroeder. (1953). Fishes of the Western North Atlantic, Part 2. Sears Foundation for Marine Research, Yale University, 352–362 or..
- «gastaka» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
- (Gaztelaniaz) webmaster. «Raya de Clavos (Raja Clavata) | Fundación CRAM» CRAM (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
- «Zumaiako hitz bereziak: GASTAIKA -» Baleike.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
- «Raja clavata, Thornback ray : fisheries, gamefish» fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
- (Frantsesez) Raja clavata – Guide of Mediterranean Skates & Rays. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
- (Gaztelaniaz) «Raja clavata • raya • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
- Velasco, Valentín. (2021-06-01). «PESCA Y GASTRONOMÍA: LA RAYA: UNA CAPTURA OCASIONAL ¿COMO LA PODEMOS COCINAR?» PESCA Y GASTRONOMÍA (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
- (Portugesez) «Raia - As Espécies - Produtos» Fat Tuna - Entrega de Peixe Fresco dos Açores em sua casa (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).