Arnasketa zelular
Arnasketa zelularra zelulan gertatzen den erreakzio biokimikoen multzoari deritzo, molekula organiko bakun batzuk (gluzido, lipido eta aminoazidoak) oxidatu eta degradatzen dituena energia kimikoa lortzeko (ATP).
Arnasketa zelularrean erregai batek eta oxigenoak parte hartzen dute.
- erregaia, esan bezala, elikagaien digestioaren bidez lortzen da animalien kasuan, eta zirkulazio-aparatuaren bitartez organismoaren zelula guztietara iristen da. Gluzido eta gantz-azidoak izan ohi dira. Landareen kasuan, fotosintesian lortutako glukosa, sakarosa eta almidoia dira arnasketa mota honetan degradatzen diren molekulak
- oxigenoa da arnasketa zelular gehienetan (prozesu aerobikoetan) parte hartzen duen funtsezko elementua. Animaliengan oxigenoa arnasketa fisiologikoaren prozesuan hartzen da (birikak, zakatzak edo trakeen bidez) eta odolaren bitartez ere zelula guztietara iristen da, eritrozitoen dagoen hemoglobinari atxikituta.
Zelula eukariotoetan arnasketa zelularra zitoplasma eta mitokondrioetan burutzen da, hiru etapetan: glukolisia, Krebs zikloa eta arnas katea eta fosforilazio oxidatiboa.
Bi arnasketa zelular mota daude:
- arnasketa aerobiokoa: oxigenoa da elektroien azken hartzailea, arnas katean. Hau da organismo ia guztietan zelulek (giza-zelulek barne) egiten duten arnasketa mota. Gluzidoen katabolismoari dagokionez, esaterako, arnasketa aerobioaren prozesuan zelulak glukosa oxidatzen du ekuazio hau osatuz:
Arnasketa aerobiko guztietan CO2 eta H2O dira sortzen diren azken produktuak.
- arnasketa anaerobikoa: oxigenoak ez du parte hartzen, eta bakterio gutxi batzuek besterik ez dute egiten. Oxigenorik ezean, oxidazioetan askatzen diren elektroien azken hartzailea oxigenoa ez den beste konposatu inorganiko bat da (CO2, NO3, SO4...).
Kanpo estekak
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.