Arnaldo Otegi

Bizitza

Otegi 1958ko uztailaren 6an jaio zen Elgoibarren (Gipuzkoa), eta Filosofia eta Letretako lizentziaduna da.

1977. urtean Frantziara alde egin zuen, ETA politiko-militarreko komando batekin erlazionatu zutenean. 1989an, espetxera sartu zuten, Gasteizko Michelin fabrikako zuzendari Luis Abaitua 1979an bahitu izana leporatuta. 1990an kalera irten zen, espetxe zigorra bete ondoren.

1996tik aurrera Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasunako Mahai Nazionaleko kidea eta bozeramailea izan da. 2006an berriro sartu zuten espetxera, bi aldiz, egun batzuetarako, ETArekin harremana izatea leporatuta.

2006an bertan Batasunak negoziazio prozesurako Negoziazio Taldeko kide izendatu zuen. Denbora horretan hainbat elkarrizketa egin zituen PSE-EE eta EAJko kideekin. ETAren su-etena bukatu orduko espetxeratua izan zen Espaniako erregearen aurkako hitzak eta Argala etakidearen aldeko hitzak esateagatik.

2007ko ekainaren 8an berriz atxilotu zuten, Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argalaren omenaldi batean parte hartzeagatik, espetxe zigorra betetzeko.[1] Hamabost hilabete kartzelan eman ondoren, 2008ko abuztuaren 30an irten zen Martuteneko espetxetik.[2]

2009ko urriaren 13an berriro atxilotu zuen Espainiako Poliziak Garzon epailearen aginduz, ezker abertzaleko beste hainbat kide ezagunekin batera.[3] Hiru egun geroago eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epailearen aginduz, kartzelara eraman zuten.[4] 2010ko urtarrilaren amaieran, gose greba hasi zuen kartzelan, EPPK-ko kideekin batera euren estatus politikoa aldarrikatzeko.[5]

2010ko martxoaren 2an Espainiako Auzitegi Nazionalak 2 urteko espetxe zigorra eta 16 urteko inhabilitazioa ezarri zizkion Arnaldo Otegiri 2005eko ekainaren 9an Jose Mari Sagardui "Gatza" preso politikoaren aldeko ekitaldi batean parte hartzeagatik.[6][7]

2003an Espainiako erregea "torturatzaileen buruzagia" zela salatzeagatik, urtebeteko espetxe zigorra jaso zuen; baina, 2011an, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Espainia zigortu zuen, epai horrek Otegiren adierazpen askatasuna urratzen zuelako. Hartara, Espainiak 23.000 euro ordaindu behar izan zizkion politikariari.[8]

2011ko irailaren 16an, Bateragune auzia zela eta, 10 urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Dena da ETAren filosofiarekin, ETAko buruzagia zela ziurtatu zuten Audientzia Nazionaleko epaileek.[9] Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Audientzia Nazionalaren epaia baliogabetu zuen 2016an eta Otegiri egin zitzaion epaiketa partziala eta giza eskubideekiko urratzailea izan zela ebatzi zuen.[10]

2016ko martxoaren lehendabizikoan, 6 urte eta erdiko espetxe zigorra oso-osorik bete ondoren aske gelditu zen. 2022ko apirilean piztu eskandaluan, azaleratu zen Espainiako agenteek hala Arnaldo Otegi nola Jon Inarritu espiatu zituztela Pegasus programaren bitartez, katalan independentista ugarirekin batera.

Hauteskundeak

Arnaldo Otegik lehiatutako hauteskundeak
Hauteskundeak Alderdia Koalizioa Barrutia Postua Emaitza
1994ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Herri Batasuna Gipuzkoa 7.a (25etik) Ez hautetsia[lower-alpha 1]
1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Herri Batasuna Euskal Herritarrok Gipuzkoa 1.a (25etik) Hautetsia
2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Batasuna Euskal Herritarrok Gipuzkoa 1.a (25etik) Hautetsia
2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Sortu EH Bildu Gipuzkoa 1.a (25etik) Erretiratua[lower-alpha 2]
  1. 1995eko irailaren 21ean legebiltzarkide izendatu zuten, Begoña Arrondo ordezkatuz.
  2. Hauteskunde Batzordeak ez zuen hautagaitza onartu, kondenak ez baitzion baimentzen.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Arnaldo Otegi
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arnaldo Otegi Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.