Armintxe
Armintxe Lekeition (Bizkaia) dagoen haitzulo bat da, labar-artea duena. Arbintze edo Arbiatx izenez ere ezaguna da.[1] Lekeitioko herriaren azpian dago, eta hainbat etxe daude kobazuloaren gainean eraikita. 2016ko maiatzaren 1ean labar-artea aurkitu zen bertan: gutxienez 18 zaldi, bost kaprino, bi bisonte, gutxienez bi lehoi eta hainbat animalia lauhankako.[2]
Armintxe | |
---|---|
Armintxe, Arbintze, Arbiatx[1] | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Lekeitio |
Koordenatuak | 43°21′43″N 2°30′29″W |
Ezaugarriak | |
Garaiera | 26 m. itsas-mailatik |
Sakonera | 19 metro |
Luzera | 2.013 metro |
Bisitagarria | Ez |
Margoak | Bai |
Aztarnak | Bai |
Erreferentzia | IS-100 Armintxe II |
Katalogoa | ADES katalogoa |
Aurkikuntza
Leizea bera Larrotegi eta Letraukua auzoak dauden eremuaren azpian dago. Gaur egun zementuz eta bide batekin estalita dago sarrera, baina herriko pertsona nagusiek gogoratzen dute bertan sarrera bat zegoela eta kobazulo handia, leize batekin.[1] Lekeitioko Udal Artxiboan ere kobazulo honetan ura zegoenaren inguruko dokumentua dago, 1796an idazki batean.[Oharra 1]
Datu hauek ikusita Gernika-Lumoko ADES Espeleologia Elkarteak bilaketari ekin zion, eskolara doan bide baten azpian geratzen den kareharri multzo baten gainean arreta jarriz, herriko informatzaile batek esan zienez.[1] Atxurrako multzoan aurkitutako labar-artearen ondorioz ikerketak eremu honetan zentratu ziren eta 2016an sartu irten bat egin zuten maiatzaren 1ean. Egun horretan bertan aurkitu zuten labar-artearekiko panela.[Oharra 2] eta, ohiko prozedura jarraituz, Bizkaiko Foru Aldundia jakinarazi zuten, babes-neurriak hartzeko eskatuz.[1]
Kobazuloa
Kobazuloaren tamaina osoa ez da ezaguna, ikerketa labar-artearen aurkikuntzarekin eten zelako. Orain arte 2.103 metroko luzera duela ezagutzen da, eta 19 metroko sakonera. Itsas mailatik 26 metroko altueran dago, eta ura du barruan, nahiz eta gaur egun bere hidrologia aldatu den, gainean dituen obra eta etxeengatik.[1]
Geologikoki Aptiarreko kareharri pararrezifaletan garatzen da, argilita karedun masiboekin kontaktua egiten den eremu geologikoan.[3] Urgondar fazies gisa ezagutzen den eremua da hau, errudista eta koral ugarirekin.[4] Nabarniz-Murelaga antiklinalaren ipar-ekialdeko aldean daude.[4]
Labar-artea
Labar-artea aztertu duen Cesar Gonzalez Sainz arkeologoaren arabera, Armintxekoa Kantauri itsasoko ertzeko Paleolitoko azken multzo artistikoa izan daiteke. Nahiz eta eskualde horretan 150 aztarnategitik gora ezagutzen diren, haitzulo honetako artea besteen gainetik nabarmentzen da berezitasun tekniko, expositibo eta ikonografikoengatik.[5]
Grabatu multzoak 14.000 urte inguru izan dezake, nahiz eta 12.500 esatea zuhurragoa izan daitekeen.[2] Madeleine garaiko Goi Paleolitoko grabatuak dira beraz, tamaina handiko animaliekin. Berrogeita hamarretik gora animalien figura aurkitu dira, besteak beste: 18 zaldi, ahuntzen familiako bost animalia (ohiko adarrengatik, gutxienez bi kasutan), bi bisonte, gutxienez bi lehoi, horietako batek buztana altxatuta dauka, eta oraindik zehaztu gabe dauden lau oineko lau animalia. Lehoiak lehen aldiz aurkitu dira eskualdean. Arraste izeneko teknika erabili zuten egiteko, eta horrek altxadura txikiak eragiten ditu. Lerroak egiteko sistema horrek irudiak hobe ikustea ahalbidetu du. Irudietako batzuek bi dimentsiodun bolumena dute.[2][6]
Beste berrikuntza bat lerro eta zirkulu erdiko ikurrak dira, Madeleine aldiko arte abstraktoa. Hauek klabiforme pirenaiko izena hartzen dute eta Frantzian aurkitutako beste batzuen berdinak dira, kulturen arteko harremana iradokitzen dutena.[6] Armintxeren aurkikuntzara arte, klabiformeak Kantauri itsas ertzeko bi lekutan aurkituak ziren (Cullalvera eta Pindal).[7]
Orain urte batzuk arte Bizkaian Venta de La Perra, Santimamiñe eta Arenaza bakarrik ezagutzen ziren. Aurkikuntza honekin 16 dira jada labar-artea duten Bizkaiko kobazuloak: El Rincón, El Polvorín, Antoliña, Askondo, Bolinkoba, Lumentxa, Morgota, Ondaro, Abittaga, Goikolau, Atxurra eta Armintxe.[6]
Armintxeko Panel Nagusiaren interpretazioa
Xabier Gezuraga adituaren arabera, Armintxeko labar-artearen interpretazioa urtearen irudikapen kronologikoarekin lotu behar da, erreferentziazko itu bezala animalien bizitza-zikloak eta ilargiaren faseak hartuta. Ikerlari honek bi hipotesi jaulki zituen, Pirinio Atlantiko inguruko labar-artearen ezaugarriak aztertu eta gero:[8]
- Ikurren kodea: labar-artearen egileek urtaroa zati nagusi bitan banatuko zuketen, iraupen desberdinekoak: batetik negua, eta bestetik "uda handia" (udaberria, uda eta udazkena). Oro har zaldiak negua irudikatuko luke; bisonteak, berriz, uda (nahiz eta animali-ikurretan aldaerak dauden, oreinak eta haien adarren zikloak ere oso erabiliak direlarik). Gezuragaren teorian, ikur hauen itxurak (osorik, gorputz atalen baten falta, ilajea...) urtaroaren aurreratze-faseei buruzko informazioa emango luke; eta aldaera guzti hauek ilargi faseekin eta eguzkiaren posizioarekin (iltze formako zeinuak) lotuta zeudekeen.
- Mugikortasuna: labar-artearen ezaugarrien arabera, Aturri ibai inguruko giza-talde batzuk urteroko ziklo bat burutuko zuketen. Negua kostatik hurbil pasatuko zuketen, itsasoaren klima leunean; udaberriarekin, ibaiean gora mugituko ziratekeen, uda Pirinioko lur urtsu eta ehizaz betean igarotzeko; udazkenarekin, ibaiean behera nabigatuko zuketen, neguko babeslekuetara itzuliz.
Kontserbazioa
Kobazuloak uholdeekin arazo larria du. Urteetan zehar inguruan egin diren urbanizazio lanen ondorioz lurpean hondakinak pilatu dira, eta honek:[9]
- Ibaiaren ubidea oztopatu da, gutxienez 8 puntutan. Honen eraginez, Armintxeko galeria nagusia urtean 3-4 aldiz urez betetzen da, gutxienez itsas mailatik 17,10 metrotara arte, grabatuen zati handi bat azpian hartuz.[10] Kontuan hartu behar da euririk ez dagoenean, uraren altuera itsas mailatik 5 bat metrotakoa izaten dela.[11]
- Obra-materialez gain, pilatutako hondakinetatik asko kanpotik sartutako zaborra da, uholde bakoitzean flotean geratzen dena, grabatuak kaltetuz.[12]
Uraren arazoari zein irtenbide eman aztertzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak CRN enpresa kontratatu zuen; baina ADES Espeleologia Elkarteak, ikerketa honetan zenbait gabezia seinalatu zituen.[13] Izan ere, ostean eginiko zenbait interbentzio[14] ere kritikatu dira, arazoa konpontzeko balio izan ez dutelakoan.[15] Espeleologoen arabera, arazoari behar bezala heltzeko ezinbestekoa da gutxienez kobazuloaren esplorazio espeleologikoa amaitzea eta muino osoaren portaera hidrogeologikoa aztertzea, oraindik osorik egin gabe dauden lanak.[16]
2019an Bizkaiko Batzar Nagusietako Talde Mixtoak salatu zuenez, aurkikuntzatik 3 urtera, Armintxeko kobazuloak oraindik ez zuen kultura ondasun aitortzarik edo beste inolako lege-babesik.[17]
Biologia
ADESen esplorazio lanek iraun zuten bitartean hartutako laginen arabera, gutxienez Quaestus generoko intsektuak eta zizare txiki batzuk aurkitu dira bertan. Halere, fauna troglobioa eta estigobioa sistematiki ikertu gabe dago.[1]
Oharrak
- He estado en la cueba o gruta de Arbiach, por la que al parecer corre bastante cantidad de agua, pero a una profundidad tan grande, como que desde el parage donde corre la agua, asta la entrada de la gruta, ai sobre ochenta pies de altura: ai tambien recelos de que en tiempo de grandes maretas llegan estas al mismo parage; pero aunque no lo hubiere, y aunque la agua no estubiere a una profundidad tan grande, seria preciso para sacarla della, al punto desde el qual se pudiese conducir a la Villa, hazer una Galeria, como las que se acostumbran en la Minas asta encontrar con la agua: obra a mi ber de inmenso coste, por ser aquel parage todo peñascoso, o por mejor decir una piedra caliza. Parece segun se me ha informado, que alguno dice que por doscientos Ducados se puede sacar la agua de la Gruta. Felices Vms. si esto se berificase; y lo serian tambien, si hubiese quien quisiere sacarla asta el parage y con las condiciones que señalase la Villa bien enterada a lo que iba a hazer, en tal caso, no solo podian pagar Vms. el coste de la obra a tasacion de Peritos, sino al ejecutar de ella, darle un 6 u ocho por ciento de el coste total, previa de recompensa al riesgo; pero bastara para sacar a la agua de donde se alla.
- 160501: Armintxe (Lekeitio). Hasierako asmua zan kobia zabaltzia, katalogatzia eta atzera ixtia, baiña ustekabia egon da. Derrubio artifizialen tapoia errez zabaldu dogu, eta sartu gara. Eskuma-ezkerrera pixkat juanda, konturatu gara sarrera historikua eskumara doian galerixan 20 bat metrora zeguala; gu sartu garan hau barrixa da, seguraski kamiñua egitteko zabalduta eta obrakuak barriro tapauta (parte emon barik, hau delitua da?). XXX barrutik ibilli danian konfirmau desku berak gaztetan ezagututako kobia hauxe dala, behera doian leza batekin-eta (sokak ondiok han zeguazen). Barrurutz juanda, topo egitten hasi gara eta puntako taldia aurreratu da. Kobiak 3 nibel dakaz, eta barrenengo nibeletik sifoi batera allegau dira; gorenengo nibelian sartu diranian, gela birjina batera sartu dira, eta horma-sapaixan 7x4m inguruko panel haundi bat topau dabe, grabauez beteta. Begibistan 4-5 figura identifikau doguz (zaldixa, ahuntza, felido pare bat, trazo meandriformiak eta klabiformiak) baiña dan-dana grabauez beteta dago. Topografixan bertara allegau gara, eta krokis/marrazki bat eginda (topo barriro egin biharko da eta) kanpora egin dogu. Sarreria 200 kg harri ingurukin blokeau dogu, eta Foru Aldundixari parte emon detsagu babes neurri urjentiak martxan jartzeko. Bio aldetik, Quaestus eta txitxara txiki batzu jaso doguz.
Erreferentziak
- ADES. (2016/10/14). Armintxe (Lekeitio). Labar-arte multzoaren aurkikuntzaren kronika.. .
- (Gaztelaniaz) Agustin Goikoetxea. (2016/10/14). Armintxe acoge unos «espectaculares» grabados paleolíticos. Gara.
- J.A. Espejo Molina (ENADIMSA). (1969). MAGNA 50 - Hoja 39 (LEQUEITIO). Instituto Geológico y Minero de España.
- «Lequeitio» Mapa geologíco de España 1:50.000 (Servicio de Publicaciones. Ministerio de Industria).
- (Ingelesez) «La cueva de Armintxe (Armintxeko Koba)» IIIPC - UNICAN (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- Bizkaiko Foru Aldundia. (2016/10/13). Aldundiaren ondarea kudeatzeko planari esker Iberiar Penintsula osoko grabatu multzorik harrigarrienetarikoa aurkitu da Bizkaian. .
- Garate Maidagan, Diego. (2009). Arte parietal paleolítico en el golfo de Bizkaia: de los santuarios clásicos a la declaración de Patrimonio de la Humanidad. In: LLANOS ORTIZ DE LANDALUZE, Armando. Medio siglo de arqueología en el cantábrico oriental y su entorno. Actes du congrès international de l’Instituto Alavés de Arqueología (Vitoria-Gasteiz, 2007). Arkeologiarako Arabar Institutua, 729-744 or..
- (Ingelesez) «El arte de representar el tiempo» Issuu (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
- ADES. Armintxe: korapilo arkeologikoa, hidrogeologikoa eta diplomatikoa. (Noiz kontsultatua: 2017-XI-13).
- (Gaztelaniaz) GONZÁLEZ SÁINZ, César. (2019-2020). «El conjunto rupestre de la cueva de Armintxe (Lekeitio, Bizkaia). Un centro ceremonial magdaleniense con figuras raspadas.» Kobie (Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia) 8: 55-60. ISBN 978-84-7752-470-X. ISSN - 7971 0214 - 7971. (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- Ades. (2021-02-07). «Asteroko kronikie: Armintxeko grabatuak, berriro urpean» Asteroko kronikie (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- (Gaztelaniaz) ARTIME, MIRARI. (2022-11-01). «Los microplásticos llegan hasta el fondo de la cueva con arte rupestre de Lekeitio» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- Ades. (2018-12-13). «Prentsaurrekoa Lekeition: Armintxeko datuak.» Albisteak (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- (Gaztelaniaz) artime, mirari. (2019-12-27). «Arrancan en Lekeitio las obras para proteger del agua los grabados rupestres de Armintxe» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- Larrañaga, Oier Gorosabel. (2020-01-01). «Armintxeko uholdeak konpontzeko eginiko interbentzioen arazoak» www.adesespeleo.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- Arnaiz, Ainhoa Larrabe. «Baretzen ez diren ur lasterrak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- (Gaztelaniaz) Hernández, Jesús J.. (2019-03-20). «Ninguna de las 9 cuevas vizcaínas con arte rupestre es bien cultural» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).