Aristarko Samoskoa
Aristarko (antzinako grezieraz: Ἀρίσταρχος; Samos uhartea, K.a. 310 - c. K.a. 230) greziar astronomo eta matematikoa izan zen. Antzinako Grezian jaio eta bizi izan zen. Ezagutzen den lehen pertsona da teoria heliozentrikoa planteatu zuena, eguzkia unibertsoaren erdian kokatuz.
Aristarko Samoskoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Samos uhartea, K.a. 310 |
Herrialdea | Samos uhartea |
Heriotza | Alexandria, c. K.a. 230 (79/80 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Irakaslea(k) | Strato of Lampsacus (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | astronomoa |
Bizitza
Ez da askorik ezagutzen haren bizitzaz. Samoskoa goitizenagatik uste da Samos uhartean jaio zela, eta jakina da Alexandriako Liburutegian lanean aritu zela. Bere lanen artean, bakarra gelditzen da: Eguzkiaren eta ilargiaren tamaina eta haiekiko distantziak.
Heliozentrismoa
Aipaturiko Eguzkiaren eta ilargiaren tamaina eta haiekiko distantziak lana geozentrismoan oinarritzen bada ere, badakigu heliozentrismoaren aldeko beste liburu bat ere idatzi zuela, berari buruzko aipamenak egiten baitituzte Arkimedesek eta Plutarkok.
Honako hau idatzi zuen Arkimedesek:
« | Zu, Gelon erregea, badakizu unibertsoa dela astronomo gehienek Lurra erian duen esferari ematen dioten izena, eta bere erradioa Eguzkia eta Lurraren erdigunea elkartzen dituen lerro zuzenaren parekoa dela. Hau da astronomoei entzun diezun ohiko deskribapena. Baina Aristarkok hipotesi berriak dituen liburua idatzi du eta bertan unibertsoa hainbat aldiz handiagoa dela baieztatzen du. Bere hipotesien arabera izar finkoek eta eguzkiak geldi diraute eta Lurra da eguzkiaren inguruan zirkulu bat osatuz biratzen duena eguzkia orbitaren erdian kokaturik dagoelarik, eta izar finkoen esferaren erdian ere eguzkia dagoela, Lurrak eguzkirako duen distantzia bera izar finkoekiko ere mantentzen duelarik | » |
Plutarkok aldiz zera idatzi zuen:
« | Cleantesek, Aristarkoren garaikidea zenak, pentsatu zuen beharrezkoa zela grekoek Aristarko sinesgabe izateagatik epaitzea, Unibertsoko etxea (hau da, Lurra) mugimenduan jartzeagatik (...) zerua geldi dagoela esaten du eta Lurrak zirkulu zeihar batean biratzen duela, eta aldi berean bere ardatzaren inguruan errotatzen duela. | » |
Eguzkiarekiko distantzia
Aristarkok esan zuen Eguzkiak, Ilargiak eta Lurrak angelu zuzena osatzen dutela ilgora eta ilbeheran. Kateto handiaren aurkako angeluak 87º zituela zehaztu zuen. Ilargiaren eta Eguzkiaren diametroen tamaina Lurrarekiko duten distantziarekiko proportzionalak direla baieztatu zuen. Ez zebilen hain oker, izan ere, hau betetzen baita, baina ez berak emandako neurriekin. Berak zioen Eguzkia Ilargia baino 20 aldiz handiagoa dela eta beraz 20 aldiz urrunago dagoela, eta gaur egun badakigu zenbakia 400 dela, hau da 20².
Badirudi Eguzkiaren tamaina handi honek eragingo ziola gorputz txikiagoek bere inguruan biratzen dutela pentsatzea.
Kanpo loturak
- (Gaztelaniaz) ¿Girará la Tierra alrededor del Sol? Aristarko ondorio honetara zelan iritsi zen aztertzen duen NASAren webgune bateko orrialdea.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aristarko Samoskoa |