Ariane

Ariane Europan sorturiko transbordadore espaziala da, satelite artifizialak (telekomunikazioetarakoak batik bat) espaziora bidaltzeko erabilia. Frantziak bultzatu zuen gehienbat proiektua, herrialde horrexek baitzeukan sateliteak espaziora bidaltzeko behar hainbateko azpiegitura.

Ariane 42P suziria

Diamant izeneko transbordadoreak izan ziren Frantziak egin zituen lehenbizikoak, 1965ean, eta hamar satelite zientifiko espazioratu zituzten 1976 bitartean. Frantziako Espazio Agentzia (CNES, 1962an sortua) arduratzen zen proiektuaz. Urte horretan sortu zen Europako Transbordadoreen Garapenerako Erakundea (ELDO), Europa transbordadorea (Diamant baino indartsuagoa) egiteko asmoz. 1973an utzi zuten bertan behera proiektua, batere sateliterik espazioratu gabe, eta sakabanatu egin zen ELDO.

Frantziak, orduan, beste proiektu bat proposatu zien europar bazkideei: Ariane. Onartu egin zen proiektua (1973), eta horrela, Ariane izan zen Europako Espazio Agentzia berriaren programa nagusia. Amerikarrenak eta errusiarrenak ez bezala, Ariane proiektuak helburu komertziala zuen, hots, orbita geoegonkorrean (ekuatoretik 200 kilometrora, gune hurbilenean, eta 36.000 kilometrora, urrunenean) jartzea sateliteak. 1979ko abenduaren 25ean espazioratu zen, Kouruko zentro espazialetik, lehenbiziko Arianea. Arrakasta tekniko, industrial eta komertzial handia izan zuen Ariane proiektuak, eta 1979ko abendutik 1996ko apirila arte 85 jaurtiketa egin ziren, horietarik 77 arrakastatsuak. Jaurtiketa bakoitzaren kostua 100-150 milioi dolar inguru zen. Ameriketako Estatu Batuei aurrea hartu zien Europak, Arianeri esker, satelite komertzialen espazioratzeari zegokionez. Estatubatuarrek, izan ere, kohete astronautez gidatuetan jarriak zituzten sateliteak jaurtitzeko esperantzak, baina porrot egin zuen proiektuak. Bestalde, elkarte pribatu bat (Arianespace) arduratu izan da 1997az geroztik Arianeren kudeaketa eta komertzializazioaz, eta agentzia publikoek baino emaitza hobeak lortu ditu arlo horietan ere. Atsekaberik ere eragin du, ordea, proiektuak: 1996ko ekainaren 4an airean lehertu zen Ariane-5aren kohete esperimentala, gidaritza-sistemaren akatsen bat zela medio, 37 segundoko hegaldia egin eta gero.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.