Ari Ne'eman
Ari Daniel Ne'eman (East Brunswick, 1987ko abenduaren 10a) pertsona desgaituen eskubideen aldeko aktibista estatubatuarra da.
Ari Ne'eman | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | East Brunswick (en) , 1987ko abenduaren 10a (36 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Hezkuntza | |
Heziketa | East Brunswick High School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | disability rights activist (en) |
arineeman.com |
Bizitza
Ne'eman East Brunswicken (New Jersey) hazi zen[1]. Judaismo kontserbadorean hezi zen[2]. Txikitatik erakutsi zituen ezaugarri autistak, eta politika publikoarekiko interesa garatu zuen[3].
Haur autista asko bezala, jazarpena jasan zuen eskolan, eta nerabezaroan herstura izan zuen eta bere buruari kalte egiten zion[1]. Bosgarren maila bukatu ondoren, Solomon Schechter ikastetxea utzi zuen[4]. Aldi batez, hezkuntza bereziko ikastetxe segregatu batera joaten zen. Bertan, frustratuta sentitzen zen, «eguneko zaintza» bat zelakoan, ikasle desgaituak «normalizatzera» bideratzen zena akademikoki erronka jarri beharrean. Defentsarako gaitasunak erabiliz, azkenean ikastetxe arrunt batera itzuli zen[5].
Esperientzia honek eragin handia izan zuen Ne'emanen munduaren ikuspegian[6]. Batxilergoa amaitzean, Autistic Self Advocacy Network (Autisten Autodefentsa Sarea) sortu zuen. Ondoren, Marylandeko Unibertsitatera joan zen, non Alpha Epsilon Pi-ko kide bihurtu zen eta Zientzia Politikoetan lizentziatu zen[7].
2010ean, Barack Obama presidenteak Ne'eman izendatu zuen Desgaitasunari Buruzko Kontseilu Nazionalerako[1].
2014an, Ruderman saria jaso zuen[8].
2016ko uztailaren 18an, Ari Ne'emanek iragarri zuen utziko zuela Autistic Self Advocacy Networkeko presidente kargua eta Julia Bascomek ordezkatuko zuela[9]. Ondoren, American Civil Liberties Union-en sartu zen desgaitasunaren politikari buruzko aholkulari gisa.
2017ko uztailean Ruti Reganekin ezkondu zen[10].
2020an, Judge Rotenberg Centerren deskarga elektrikoko gailuen erabilera debekatzea eskatu zuen[11].
Ne'emanek adierazten du bere ustez autismoa aldi berean desberdintasun neurologiko bat eta desgaitasun bat dela, ez sendatu behar den gaixotasun bat. Autismoaren estigmatizazioaren aurka dago eta autisten autodefentsa eskubide zibilen arazo gisa ikusten du[12].
Ne'emanen ustez, gizarteak autistentzako laguntzak garatzera bideratu beharko luke sendabide bila beharrean. Uste du autismoaren sendabidea ez dela laster iritsiko eta autismoaren ikerketa genetikoa erabil daitekeela umeki autistak abortuen bidez suntsitzeko[1].
Erreferentziak
- (Ingelesez) Harmon, Amy. (2010). «Nominee to Disability Council Is Lightning Rod for Dispute on Views of Autism» The New York Times.
- (Ingelesez) Schere, Daniel. (2017). «You Should Know… Ari Ne’eman» Washington Jewish Week.
- (Ingelesez) Kalb, Claudia. (2009). «Could a Gene Test Change Autism?» Newsweek.
- (Ingelesez) Kaplan Sommer, Allison. (2015). «Autistic Self-advocate and Obama Appointee Ari Ne'eman Wins $100,000 Ruderman Prize» Haaretz.
- (Ingelesez) Edelson, Mat. (2009). «Autistic Self-advocate and Obama Appointee Ari Ne'eman Wins $100,000 Ruderman Prize» UMBC Magazine.
- (Ingelesez) «Madness Radio: Autism Self Advocacy Ari Ne'eman» Madness Radio.
- (Ingelesez) «Alumni Accolades: Mu Delta» The Lion 98 (1): 8. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011/07/17).
- (Ingelesez) «Morton E. Ruderman Award» Ruderman Family Foundation.
- (Ingelesez) Ne’eman, Ari. (2016). «A Message from ASAN President Ari Ne’eman» Autistic Self Advocacy Network.
- (Ingelesez) Silverstein, Barbara. (2018). «American disability advocates to speak at conference» The Canadian Jewish News.
- (Ingelesez) Morrison, Heather. (2020). «After FDA bans Judge Rotenberg Center from using electric shock devices, advocates seek public apology, reparations» Masslive.
- (Ingelesez) Carey, Matt. (2009). «Ari Ne’eman on disability» Left Brain Right Brain.