Argizari
Argizari edo ezkoak, kimikoki, gantz azido baten eta kate luzeko (26-34 karbono atomo) alkohol baten esterrak dira.
Ezaugarriak
Ezaugarri hauek izaten dituzte:
- Solidoak dira
- Plastikotasuna. Malguak dira giro-tenperaturan.
- 45 °C-tik gorako urtze-tenperatura. Horrela bereizten dira koipeetatik.
- Urtzen direnean biskositate txikia izaten dute.
- Hidrofobia. Ezin dira uretan disolbatu.
- Saponifikagarriak dira.
Gai babesgarriak dira, bai animalientzat bai landareentzat. Sagar bat mahukan igurzten bada distira ateratzen da. Fruitua estaltzen duen argizariak eragiten du itxuraldatze ikusgarri hori. Berdin gertatzen da landareen hostoekin. Hori egiaztatzeko etxe barruko landare askotako hosto handiak zapi batez igurtzi besterik ez da egin behar. Intsektuek, koleopteroek bereziki (kakalardoak), kolore ikusgarriak izan ohi dituzte, haien exoeskeletoa estaltzen duen argizari geruza mehean argia islatzean eragindakoak batzuetan. Animalia askoren larruazala eta ilea ere estaltzen du argizariak. Horregatik, ahateak eta beltxargak lumaje guztiz lehorra dutela ateratzen dira uretatik.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/11/25 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.