Argiak

Argiak Ken Zazpi taldearen 4. diskoa da 2007an Oihuka diskoetxearen zigilupean argitaratutakoa. Gor diskoetxearekin egindako 6 urteko ibilbidea bukatutzat jo zuen taldeak disko honekin, bide berriak bilatzeari ekin nahi ziolako arlo profesionalean zein musikalean.

Argiak
Ken Zazpi taldearen estudioko albuma
Argitaratze data2007
Grabazioa2007
Iraupena48:16
DiskoetxeaOihuka

Disko honen abestiek aurre egiten diote maitasun-minari (Noizbait, Olatuz olatu, Bihar...), etsipenari (Itxaropena, Ez nau izutzen...), aberri-minari (Nire lurrari, Gernika...) eta bizi-goibelaldeari (Trenaren zain, Gaueko argiak...). Hitzak, ohi bezala, zorrotzak, sakonak eta sarkorrak dira, taldeak berak eginak, Joseba Sarrionaindiaren bi ekarpenak izan ezik (Gernika eta Gaueko argiak).

Musikari dagokionez, disko honetako abesti gehienak melodikoak dira, "british-pop" eta EEBBetako pop-rockaren eragina dute, eta hasierako diskoen aldean (Atzo da bihar, Bidean...) pop estiloa rockari gailentzen zaio. Horrek ez du esan nahi -inondik inora- erritmo gutxiko abestiak direnik: Ez nau izutzen, Itxaropena, Gernika... gai sendo eta indartsuak dira, soinu bizikoak. Melodikoagoak Bihar edo Nire lurrari. Intimistak eta samurragoak Olatuz olatu eta Gaueko Argiak.

Rafa Sardina soinu-ingeniariaren itzala -talde gernikarraren musikari bizitasuna eta kalitate tekniko handia ematen diona- nabarmena da diskoan. Aurreko diskoekin alderatuta, "Argiak"-ek estudioko lan mardulagoa du atzean, baliabide teknikoak gazte gernikarren zerbitzura ipintzen baitira eta soinu garbia, sakona, bizia eta freskoa da horren emaitza. Eñaut Elorrieta abeslariak bere ahotsa bikain modulatzen du, gai bakoitzari dagokion intentsitatea eta neurria jarriz. Esan daiteke, hitz batez, lan honekin Ken Zazpik bere gailur musikalera iristen dela, euskal pop-rockaren ezinbesteko erreferentzia bihurtuz.

Diskoa Donostiako Elkar estudioetan grabatu zen 2007ko irailean, eta Los Angeleseko After Hours estudioetan burutu ziren nahasketa lanak, Rafa Sardina bermeotarraren zuzendaritzapean.

2008. urtean egindako elkarrizketa batean iritzi hau eman zuten taldekoek disko honi buruz: "Indarra, sentimendua eta mezua duen diskoa dugu. Bertan, argiari kantu egiten diogu. Gai guztiek ardatz bera dute: itxaropena. Itzalak argiak baino ugariagoak diren garai zail hauetan, Argiak diskoarekin gure ekarpen txikia egin nahi izan diogu esperantzari"

Kantuen zerrenda

  1. Ez nau izutzen
  2. Noizbait
  3. Itxaropena
  4. Olatuz olatu
  5. Bihar
  6. Nire lurrari
  7. Gernikan
  8. Kantu batekin
  9. Trenaren zain
  10. Irailaren 14a
  11. Ezezagunak
  12. Gaueko argiak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.