Argia (aldizkaria)

Argia —1980 arte, Zeruko Argiaeuskarazko aldizkari jeneralista da, aktiboan dagoen zaharrena. Astekaria da paperean, eta edizio jarraitua du sarean. Lasarte-Orian du egoitza nagusia argitalpenaren taldeak. 2019an aurrerantzean zuzendaririk ez izatea erabaki zuten.[1] 2012an 57.000 irakurle zituen Hego Euskal Herrian, CIES etxeak egindako ikerketaren arabera.[2]

Argia (aldizkaria)
Motaaldizkari eta argitaletxe
Fitxa teknikoa
Hizkuntzaeuskara
Argitaratze lekuaLasarte-Oria
Formatuapaperezkoa eta digitala
Koloreakolorezkoa
Banaketa
Maiztasuna1 aste
Salneurria4 €
Historia
ErredaktoreakAmaia Lekunberri, Axier Lopez, Eneritz Arzallus, Estitxu Eizagirre, Gorka Peñagarikano, Irati Irazusta, Jenofa Berhokoirigoin, Jon Torner, Lander Arbelaitz, Leire Artola, Leire Rodriguez, Mikel Garcia, Onintza Irureta, Pello Zubiria, Urko Aapolaza, Xabier Letona, Zigor Oleaga
Identifikadoreak
ISSN0213-909X

argia.eus
Facebook: argia.astekaria Twitter: argia Mastodon: argia@mastodon.eus Instagram: argia.eus Telegram: ARGIAeus Edit the value on Wikidata

Historia

Lehenbiziko aroa (1919-1936)

1919ko urtarrilaren lehenean argitaratu zuten Iruñeko kaputxinoek Zeruko Argia-ren lehen zenbakia. Hilabetekari erlijiosoa zen, formatu txikikoa. Aita Damaso Intza eta Aita Buenabentura Oieregikoa izan ziren sortzaileak eta, Intzaren esanetan, bereziki azken honi esker, "setosoa baitzen". Aita probintzialarengana joan zen Buenabentura: "Guk sor dezakegu 25 orrialdekoa hilabetero euskarazko abesti berri euskaldunak eman ditzakeena".[3] 1936ko Espainiako Gerra Zibilak eten egin zuen aldizkariaren jarduna.

1921ean, Argia izeneko beste aldizkari bat sortu zen Donostian euskaltzale talde baten eskutik. Informazio orokorreko astekaria zen eta, erlijioa ardatz izanik ere, euskal kultura, herrietako berriak eta nekazaritza mundua euskaldunen etxeetara eramateko asmoa zuen. Ramon Intzagarai eta Bitor Garitaonandia jesuitak, Gregorio Muxika, Ander Arzelus, Antonio Lizarraga, Anbrosio Zatarain Goia edo Ricardo Leizaola izan ziren sortzaileetakoak. Honek ere 1936ko gerrara arte iraun zuen eta, bere izaera eta asteroko maiztasunaren ondorioz, euskaltzaleen munduan eragin handia izan zuen.[3]

Xabier Lizardi bera ere aritu zen idazle Donostiako kazetan, eta Argia-koek jarritako zumeak giltzarri izan ziren 1929ko euskal egunkariaren proiekturako; honen zero zenbakia ere egin zen baina azkenean ez zen argitaratu. Proiektua errentagarri izateko Lizardik 3.000 irakurle behar zirela kalkulatu zuen, baina azkenean EAJren ingurumariak 1930ean sortu zen El Día egunkari elebidunaren alde egin zuen, hala irakurle gehiagora iritsiko zelakoan, eta euskarazko egunkari proiektua zokoratua geratu zen. Gerrako tiro hots artean sortu zen euskarazko lehen egunkaria, Eguna, 1937ko urtarrilean eta urte bereko ekainera arte iraun zuen.[3]

Gerraondokoa (1939-1963)

36ko gerra ondorengo errepresioak etena ekarri zuen euskal nazioaren eta euskal kulturaren usaina zuen guztiarekin. 1946 eta 1948 artean Argia-ren hamabost zenbaki egin ziren Venezuelan eta New Yorken. Erbesteko logikan, Argia haiek politikoagoak izan ziren eta jeltzaleen munduari lotuagoak. Zeruko Argia-ko zenbaki batzuk ere argitaratu ziren 1954-1959 bitartean, horietako batzuk hamabostekari gisa Hondarribiko kaputxinoen eskutik, tartean Kaietano Ezeiza zela.[3]

Berpizkundea (1963-1977)

Zeruko Argia 1963an berpiztu zen, Agustin Ezeizaren bultzadari esker, astekari gisa, informazio orokorra jorratuz, egunkari formatuan eta kaputxinoen jabetzapean. Hamarkada hartan loratu ziren, besteak beste, Anaitasuna, Jakin, Goiz Argi, Egan edota Karmel aldizkariak. Ipar Euskal Herrian, 1944an Eskualduna aldizkari zaharra itxi ondoren, urte berean Herria informazio orokorreko euskarazko aldizkaria abiatu zen. 1960ko hamarkada horretan jalgi zen Zeruko Argia kazetaritza modernora. 1920ko hamarkadan harreman estua izan zuten Iruñeko Zeruko Argia-k eta Donostiako Argia-k, baina oraingoan bien tradizioa bildu gura ere argi salatzen zuen mantxetak berak: "Zeruko" hizki txikiz eta "Argia" handiz, Donostiako Argia-ren tipografia kopiatuz.[3] Mamian, eduki erlijiosoak gero eta bakanagoak ziren, 1963ko lehen zenbakiko azalean aita santuaren argazkia eduki arren.

Idazleen, musikarien, pentsalarien eta, oro har, euskal kulturari lotutako jendearen topaleku eta euskarri izan zen Zeruko Argia. Nemesio Etxaniz, Inazio Eizmendi Basarri eta Jose Artetxe beteranoen alboan, gerora euskal kulturan izen handiak izan ziren Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Txillardegi, Xabier Lete edota Mari Karmen Garmendiak idazten zuten.[4] Dena den, 1960ko hamarkadako Zeruko Argia-ko sinaduren artean gutxi ziren kazetari prestakuntza eta estiloa zutenak. Iritzi artikuluen bilduma zen gehiago, kazetaritza-produktua baino. Kazetariek soldata finkorik gabe lan egiten zuten garaiak ziren.[3]

Aldizkariaren modernizazioan eta profesionalizazioan funtsezkoa izan zen Miren Jone Azurzaren lana. 1969an izendatu zuten zuzendari, eta berehala ohartu zen proiektuak lantalde baten beharra zuela. Mikel Atxagari egun osoz aritzeko kontratua egin zion, "gizarte segurantza eta guzti", eta erredakzio taldea osatu. Era horretan, kazetaritzaren genero guztiak lantzen hasi ziren: elkarrizketak, erreportajeak, eta abar.[4] Bestalde, ke arteko urteak izan ziren, frankismoaren zentsura zorrotzekoak eta lerro artean idatzi eta irakurri beharrekoak. Esaterako, Azurzaren garaian 25.000 pezetako bi isun ordaindu ziren, batean "batzokia" hitza erabiltzeagatik eta bestean "naziotasuna". Beste hainbat ere izan ziren, tartean 1970ean Burgosko epaiketa zela-eta egindako editorialarengatik.[3]

1970eko urrian ospatu zuten 400. zenbakia argitaratu izana. Juan San Martin, Martin Ugalde, Anjel Lertxundi, Gurutz Ansola, Edorta Kortadi, Mikel Ugalde eta Gorka Knörr ziren orduko firmen artean. 1972an, Zenbat Gara izeneko atala sortu zen Luis Aranberri Amatiño-ren eskutik.[5] Euskal Herriko eta euskal kulturaren inguruko berriak biltzen zituen, garaiko moldeekin erkatuta bizi-bizi. Hizkuntza alorrean, Xalbador Garmendia zen orduko zuzentzaile. Hamar mila aleko tirada zuen. [6]. Kazetari belaunaldi berria hasi zen aldizkarian idazten, kazetari-estiloa euskarara ekarriz.

Frankismo amaiera eta Trantsizio garaia izan zen Zeruko Argia-ko garairik bizi eta kazetaritzaren ikuspegitik indartsuena. Euskal gizartean bor-bor ari zen dena eta aldizkariko kazetari gazteek bat egiten zuten gertaeren jario eta berotasunarekin, euskal kazetaritza inguruko herrialdeetakoarekin homologatu nahian.[3] Edukien bilakaera itxuran ere islatu zen, eta 1976an egunkari handi moduko hura magazin bihurtu; aurpegi berriko lehen ale horrek pil-pilean zegoen gai polemikoa eraman zuen azalera, Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanen koloretako argazkia. 1976ko martxoaren 2an, zentsura gainditu eta Guardia Zibilak Amparo Arangoari egindako torturen argazkiak kaleratu zituen. Zeresan handia eman zuten, baita Euskal Herritik kanpo ere. Aldizkaria bere gorenean zegoen garai hartan, hiru emakumek zeukaten aldizkariaren ardura: Elixabete Garmendiak, Pilar Iparragirrek eta Lourdes Auzmendik.[3]

Bigarren krisialdia (1977-1979)

Garai loriatsuak izan ziren aldizkariarentzat, baina 1977tik aurrera gainbehera etorri zen. Deia eta Egin egunkariak sortu ziren abertzaletasunaren eskuin-ezker eta Zeruko Argia odolustu egin zen, bai kazetariz eta baita harpidedunez ere. Elixabete Garmendiaren arabera, "Batez ere EAJko alderdikide askok baja eman zuten, gure edizio-lerro borrokalari eta erradikal harekin ados ez zeudelako".[3]

Kolaboratzaile asko zituen aldizkariak. Azalgile lanetan Bixente Ameztoi, Antton Olariaga edo Jon Zabaleta, esaterako; idazten jende ugari, haien artean, Joseba Sarrionandia, baita Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria ere Baietz astea gaizki bukatu atalarekin. Gainbehera giro hartan, Baleren Bakaikoak Joxemari Ostolaza ekarri zuen aldizkarira, eta geroago honek Joxemi Zumalabe eta Jon Barandiaran. Artean hedabidearen jabe ziren kaputxinoekin ere tentsioa gero eta handiagoa zen eta, desadostasun editorialak eta zorrak akuilatuta; 1980ak apurketa ekarri zuen.[3]

Bigarren berpizkundea langileen eskutik (1980-1990)

1980ko hamarkada hasieran Argiako kideak Egian: Ostaizka Irastorza, Joxemi Zumalabe, Pello Zubiria, Jon Barandiaran, Joseba Alvarez, Iñaki Uria eta Josu Landa.

1980an kaputxinoek, Zeruko Argia-ren jabetza astekaria egiten zuten langileen esku utzi zuten, eta hauek, kaputxinoek jarritako baldintza betez, "Zeruko" kendu behar izan zioten "Argia"-ri; ordutik aurrera, Argia izan zen. Ekonomiaren aldetik urte zailak izan ziren aldizkariarentzat, eta 1963tik astez aste etenik gabe kalean izan ondoren, aste batzuetan ez argitaratzeraino iritsi ziren. Joxemari Ostolaza, Joxemi Zumalabe eta Jon Barandiaran geratu ziren, eta berehala iritsi zen beste gazte kuadrilla bat, haien artean Josu Landa, Pello Zubiria eta Iñaki Uria. Kooperatiba gisa egituratu ziren, eta apurka hondamenditik ateratzeari ekin zioten, gaurdaino klabe guztiz garrantzitsua finkatuz: Argia argitaratzen zuen enpresa, egitura juridikoa bat ala bestea izan, langileen esku egongo zen ordutik aurrera. Zeruko Argia ezin zen aldizkariaren izena izan, baina Argia argitaratzen zuen enpresaren izena izan zen 1997ra arte.[3]

Argia-k oso egoera latza bizi izan zuen 1980ko hamarkadaren lehen urteetan eta 1982an bi hilabeteko etena ere egin behar izan zuen. Izan ere, aro berriko lehen hiru urteetan lankideetako bakar batek ere ez zuen aldizkaritik kobratzen. Joxemi Zumalabek Hoja del lunes egunkaria muntatzen irabazi zuen soldata urte haietan. Apurka-apurka aldizkaria zulotik atera zen, hasierako boluntario taldea langile bihurtzeraino. Testuinguru hartan sortu zen, 1982an, Argia Eguna aldizkaria laguntzeko. Hamarkadaren erdialderako proiektua gorantz zihoan berriz, euskal prentsaren asteroko lekukoari eutsiz. Hamarkada haietan erori zen Anaitasuna, eta bere ondarea Argia-ren esku utzi zuen.[3]

Egoera hobetu ahala, teknologia mailan urratsak ematen ari zen taldea eta bertatik, 1985ean, Apika informatika enpresa sortu zuten, gerora ASP izan zenaren aurretikoa. Bi urte geroago Tamayo inprenta erosi eta Antza izenarekin gaurdaino iritsi da orduan eratutako enpresa. Hamarkada horren emaitza izan ziren, halaber, Larrun aldizkaria, Susa argitaletxea eta Argia Sariak. 1990eko hamarkadan, Argia-k, ASPk eta Antzak Ametzagaiña taldea sortu zuten, Argia-ren biziraunpenerako ezinbestekoa izan dena; teknologian eta Internet munduan egindako ibilbide oparoa ulergaitza litzateke talde hau gabe.[3]

Euskaldunon Egunkaria sortu osteko krisia (1990-1997)

Argia-ren azala Egunkaria sortu eta hurrengo astean. Martin Ugalde, Josemi Zumalabe eta Imanol Murua.

1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Argia-ko kide gehienak, asteroko lanez gain, euskarazko egunkari bat sortzeko ekimenean sartu ziren buru-belarri. Azkenik, 1990eko abenduaren 6an Euskaldunon Egunkaria-ren lehenbiziko alea irtean zen Antza inprimategitik. Argia-ko kazetari gehienek eta enpresako koadro nagusiek Euskaldunon Egunkaria-ra jo zuten –Pello Zubiria izan zen lehen zuzendaria eta Joxemi Zumalabe kontseilari ordezkaria– eta Argia odolustu egin zen. Garbiñe Ubeda –zuzendari–, Pablo Sastre, Juan Joxe Petrikorena, Iñigo Makazaga eta Xabier Letona geratu ziren Argian. Laster etorri ziren errefortzuak, besteak beste Egunkaria-ra joandako Josu Landa eta Pello Zubiria, edo enpresa antolatzeko mandatua zekarren Joxemari Irazusta gerente gisa. Krisia gutxienez hirukoitza izan zen: ekonomikoa, kazetaritza ereduari lotua –lehenbiziko aldiz euskarazko eguneroko baten alboan jardun behar zuen Argia-k– eta enpresa ereduarena. Ondorioz, Susa aldizkaria eta Larrun itxi behar izan ziren, eta lan taldean ere izan ziren murrizketak.[3]

Ikuspegi humanotik krisi latza izan zen 1997ko hura, erredakzio taldean eragin handia izan zuen eta zauri sakonak utzi zituen taldeko kideen artean. Edozein modutan, krisi hartan nahasi ziren barne mailako arrazoiak eta kanpokoak ere bai. Ezker abertzalearen antolaketa gune nagusi zen Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak (ENAM) joera abangoardista handia zuen garai hartan, eta eragin handia Euskal Herriko herri mugimendu ugaritan. Argia ere ez zen salbuespen horretan eta tentsio uneak bizi ziren ENAMeko egiturekin, bai borroka armatua zela-eta ezker abertzale osoaren baitan sortzen ari ziren arrakalak medio, bai izaera abangoardistaren ondorioz, ENAMek herri mugimenduko elkarte eta erakundeak kontrolatzeko zuen joeragatik.[3]

1997 hartan, esaterako, Herri Batasunako hainbat buruzagik elkarrizketak ukatu zizkioten Argia-ri –"zuen barne arazoak konpondu arte"– edota euskal kulturako eta ezker abertzaleko pertsona esanguratsuek Lasarte-Oriako egoitzaren aurrean "egoera konpontzeko" eskatuz presio-bilkura egin zuten pankarta eta guzti. Eta txarrena, ENAMeko muinetik Argia ez erosteko eta harpidetzetan bajak emateko mezuak ere zabaldu ziren; harpidetzetan kalte esanguratsua egin zioten.[3]

Baina hartatik ere aurrera atera zen lan taldearen gehiengoa, eta krisiari aurre egiteko asmoz Zeruko Argia SAL atzean utzi eta 1998an Komunikazio Biziagoa SAL sortu zen, egun aldizkaria argitaratzen duena. Hautatutako izenak asko adierazten du orduko giroaz, Egunkaria sortu ondoren Argia-ri kosta egin baitzitzaion bere lekua bilatzea, eta komunikazio biziagoa eta sendoagoa egitea ezinbestekoa zuen. Argia eraberritu eta harrezkero dena kolorez inprimatu zen. Krisi sakon hartatik jadanik bere baitan ziren bi balore biziki indartu ziren: bata, langileak jabe izatea; bestea, proiektuaren independentzia.[3]

Kolorea, Internet eta CC-BY-SA lizentzia librea (1998-2019)

Krisiaren ondorengo hilabete eta urteetan kazetari andana berria heldu zen erredakzioaren hutsunea betetzeua, besteak beste Onintza Irureta, Nagore Irazustabarrena, Eriz Zapirain edo Estitxu Eizagirre. Eta krisiaren muinean, 1990eko hamarkadaren erdian, jadanik hasi ziren entzuten Interneteko lehen oihartzunak. Inguruko hedabide gehienek ez bezala, aldizkariak biziraupen leihoa ikusi zuen hartan eta laster ekin zion bere edukiak digitalizatzeari Sareko Argia izeneko atarian. 1997an Argiak 1963tik 1996ra arteko elkarrizketa guztiak argitaratu zituen CD-ROM batean. 1996an Ttipi-Ttapa-k euskarazko prentsaren lehen edukiak jarri zituen sarean, eta 1997an gauza bera egin zuen Argia-k. Sarean jarri eta zabaldu, Hari@ buletinaren bidez laster ekin baitzion zerbitzura harpidetutako 2.000 lagunei egunero jorratzen zituen albisteak bidaltzeari.[3]

2006an Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak Boliviara egindako bidaia aitzakia hartuta, propio Interneten jartzeko egindako euskarazko lehen bideoak egin zituzten. Besteren artean, Evo Moralesekin egindako elkarrizketa. Ordutik, multimedia arloa jorratu dute eta 2008an multimedia kanal berezia sortu zuten horretarako, YouTube eta Euskaltube kanalekin batera. 2009an, Argia-ren 90. urteurrena ospatzeko, aldizkariaren diseinu eraberrituaz gain, hainbat ekitaldi antolatu zituzten.

2010eko urtarrilean, argia.com webguneko blogetako eta multimedia kanaleko edukiak Creative Commons BY-SA lizentziapean askatu zituzten.[7] 2012ko abendutik aurrera aldizkariko edukiek ere Creative Commons BY-SA lizentzia dute.[8] Bertsio digitaleko artikulu guztiek irakurleen iruzkinak egiteko aukera ematen dute.

2016an ARGIAko Axier Lopezen aurkako salaketa medio, Espainiako Estatuan Mozal Legea baliatuz zigortu nahi izan zuten lehen hedabide bilakatu zen. Ez zuten zigorra onartu eta epaitegietara eraman zuten auzia. 2017an, epaiketa hasteko astebeteren faltan, Espainiako Gobernuaren ordezkariak atzera egin zuen eta auzia irabazi zuten.[9]

2018an Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuen Argia-k, beste bederatzi hedabiderekin batera. Sariketaren 30. edizioa berezia izan zen: ohi bezala urteko kazetaritza lanik onenak nabarmendu beharrean, azken hogeita hamar urteotan euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren hamar hedabide saritu zituzten. Zeruko Argia-tik Argia-ra egindako trantsizioaren garrantzia nabarmendu zuen epaimahaiak: “Iraultza eta modernotasuna" ekarri zutela azaldu zuen epaimahaiak, "ideia laborategi" izan dela eta "beste hedabideetarako harrobi".[10] 70eko eta 80ko hamarkadetan Argia-n aritutako kideek jaso zuten saria, hala nola Pello Zubiriak, Josu Landak, Iñaki Uriak eta Joxe Mari Ostolazak, orduko zuzendari Estitxu Eizagirrerekin batera.

Mendeurrena (2019)

Argia aldizkariak 100 urte bete zitueneko azala.

2019an bere jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen Argia, 1919an argitaratu baitzen lehenengo Zeruko Argia-ren lehen zenbakia. Mendeurrena dela eta, Zeruko Argia-k eta Argia-k sortu zirenetik argitaratu dituzten eduki guztiak digitalizatu eta webgunean kontsultatzeko moduan jartzeko proiektuari ekin diote, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin elkarlanean.[11] Mendeurrenaren urtean, ordura arte zuzendari izan zen Estitxu Eizagirreren proposamenez, Argia-ko lan taldeak zuzendari figura kentzea erabaki zuen. Erabakiaren ondoren zuzendariaren lanak talde osoak hartu zituen beregain, ordezkaritza kolektiboa osatuz.[1]

Edukiak

Papereko aldizkarian eduki informatibo, interpretatibo, analitiko eta iritzizkoak nagusitzen dira. Izan ere, hedabide honetan, albisteak, analisiak, erreportajeak, elkarrizketak, eta bertako kazetariek gaurkotasuna duten gai zehatzeei buruz publikatzen dituzten iritziak aurkitu daitezke. Normalean, ez dute editorialik argitaratzen.

Bestalde, hilero Larrun gehigarria monografikoa argitaratzen dute. Hortaz, hilabetean behin gai bat aukeratuz, horri buruzko eduki sakonak jorratzen dituzte. Normalean, elkarrizketa, erreportaje, artikulu edo eta  iritzi luzeak irakur daitezke Larrunen.

Webguneko edukietan, aldiz, astekarian ez bezala, testuak izaera berehalakoa dutela esan daiteke. Izan ere, egunean gaurkotasuna duten gaiekin berriztatzen dute euskarri hori.

Enpresa

Argia astekariaren enpresa argitaratzailea Komunikazio Biziagoa SAL da. Enpresa honek Iametza, Antza eta Adur komunikazio enpresekin Ametzagaña enpresa taldea osatzen du. Ametzagaiña A.I.E. irabazi asmorik gabeko erakundea da. Taldearen helburua, Ametzagaiña webgunean irakurri daitekeenez[12], enpresa bakoitzak duen eginkizunetan bata besteari laguntzea da, hots, elkarlanean aritzea, teknologia berriak ikertu eta garatzea eta proiektu berriak sortzea. Esan bezala, enpresa bakoitzak ekarpen desberdinak egiten dizkio taldeari: Antza grafikogintzaz arduratzen da; iAmetza, teknologiaz, eta Adur, software ingeniaritzaz.

Urtero, Eusko Jaurlaritzak euskaraz darabilten hedabideei diru laguntzak esleitzen dien arren, Argia horietatik kanpora geratu zen 2021 eta 2022. urteetan.

Irakurlearen profila

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideen kontsumoari buruz 2015ean argitaratutako txostenaren arabera, Argia-ren irakurle gehienek 25-55 urte eta goi-mailako ikasketak dituzte. Gehienak gipuzkoarrak (%44) edo bizkaitarrak (%32) dira, eta euskaldun alfabetatuak dira. Irakurleen %67a gizonezkoak dira, eta %33a emakumezkoak; horietatik %62k goi-mailako ikasketak gauzatu dituzte, %28k erdi-mailakoak eta %9k lehen mailakoak.

Kronologia

  • 1919ko urtarrilaren 1ean Zeruko Argiaren lehenengo zenbakia atera zuten Iruñeko kaputxinoek.
  • Argia egutegiaren 1926ko azala (Nor-Nai)
    1921eko apirilaren 24an Argiaren lehenengo zenbakia atera zuten Donostian, eta 1936ko uztailean lehendabiziko garaiaren azkena, 797garrena.
  • 1963an Zeruko Argia aldizkariaren egoitza berria Donostian kokatu zuten, itxura aldatuz eta astekari bihurtuz. Urte honetan 1. zenbakia kontatzen hasi ziren.
  • 1980an berreskuratu zuen gaur arte mantentzen duen Argia izena.
  • 1982an Larrun monografikoaren lehen alea argitaratu zuten.
  • 1988an lehenengo aldiz euskal hedabideen inguruko Argia Sariak banatu zituzten.
  • 1997an Interneteko bertsioa sareratu zuten, Sareko Argia izenarekin.
  • 2005ean 2000. zenbakia kaleratu zuten.
  • 2007an Sareko Argiak 10 urte bete zituen.
  • 2009an Argiak 90 urte bete zituen.
  • 2009an Hitzetik Hultzera 5 kapituluko web telebista saioa egin zuten.
  • 2011n Beranduegi web telebista abiatu zuten, asteartero emititzen da.[13]
  • 2012an eduki guztiak Creative Commons BY-SA lizentzia librearekin askatu zituzten.[14]
  • 2016an ARGIA bilakatu zen Espainiako Estatuak Mozal Legearen bidez zigortzen zuen lehen hedabidea. ARGIAk epaitegietara eraman eta auzia irabazi zuen, azken unean gobernuak atzera egin ostean. [9]
  • 2019an mendeurrena ospatu zuten.
  • 2019ko urtarrilean zuzendari postua kendu "barne antolaketa horizontaltzen jarraitzeko".[15]

Sariak

Erreferentziak

  1. «ARGIAk ez du zuzendaririk izango aurrerantzean, barne antolaketa horizontaltzen jarraitzeko asmoz | ARGIAren barrenak» ARGIAren barrenak bloga 2019-01-21 (Noiz kontsultatua: 2020-04-22).
  2. ARGIAk 57.000 irakurle ditu Hego Euskal Herrian, duela urtebete baino %7,1 gehiago. Argia astekaria, 2019ko urtarrilak 13, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-5).
  3. Letona Biteri, Xabier. Mende bat kazetaritzaren lokatzetan. Argia astekaria, 2019ko urtarrilak 13, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-5).
  4. Garmendia, Elixabete. Miren Jone Azurza. Bidegileak saila, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2020, bideoak2.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-5).
  5. Letona Biteri, Xabier. Euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak, Miren Jone Azurzaren begietatik. Argia astekaria, 2009ko abuztuak 2, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-4).
  6. (Gaztelaniaz) Bustamante Ramírez, Enrique.- La cultura vasca hoy : (apuntes para un estudio).- Arg. Cuadernos para el diálogo. Colección Los suplementos. 44 zk. Madrid, 1974. Orr.25.
  7. "ARGIAren multimedia ekoizpen guztiak Creative Commons lizentziarekin" (2010-01-22)
  8. ARGIAren oharra Twitter-en. (2012-10-19).
  9. «Isiltzen denak zorionik ez du» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  10. «Rikardo Arregi Sariek nabarmendutako "hamar mugarriak"» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  11. «ARGIAk mendeurrena ospatuko du 2019an herritarren esku jarriz 100 urteko ondarea» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  12. «Nor garen» ametza.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
  13. "Beranduegi Web Telebista"
  14. «Euskarazko edukien zabalkundea erraztu eta areagotu asmoz, Creative Commons lizentzia izango du ARGIAk» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  15. «ARGIAk ez du zuzendaririk izango aurrerantzean, barne antolaketa horizontaltzen jarraitzeko asmoz | ARGIAren barrenak» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  16. http://www.argia.eus/fitx/bestelakoak/urtez-urte.pdf "Rikardo Arregi sariak urtez urte (4. orrian)"
  17. http://www.argia.eus/fitx/bestelakoak/urtez-urte.pdf "Rikardo Arregi sariak urtez urte (8. orrian)"
  18. http://www.argia.eus/fitx/bestelakoak/urtez-urte.pdf "Rikardo Arregi sariak urtez urte (17. orrian)"
  19. "Rikardo Arregi kazetaritza sarietan blogosfera aipagai" (2005-07-03)
  20. "Arantxa Iturbek irabazi du Rikardo Arregi Sari Nagusia eta Mikel Garciak Kazetari Berriarena" (2007-07-02)
  21. "Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak irabazi du Rikardo Arregi Kazetari Berria saria" (2008-06-28)
  22. "ARGIA.com-ek Buber Saria irabazi du" (2008-12-21)
  23. "Rikardo Arregi saria Gorka Bereziartuarentzat" (2009-07-05)
  24. "Unai Brea ARGIAko kazetariak irabazi du CAF-Elhuyar saria" (2010-03-18)
  25. "Urko Apaolaza Eurobask sariaren irabazle" (2010-05-10)
  26. "Beranduegi web telebista, Karlos Zurutuza eta Miren Garate, aurtengo Rikardo Arregi saridunak" (2012-06-30)

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.