Areso

Areso[3] ([aɾes̺o]) Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerria da, Leitzaldekoa, Iruñeko merindadearen ipar-mendebaldekoa, Gipuzkoarekiko mugan kokatua.

Areso
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Aresoko eliza eta inguruko etxeen ikuspegia

Bandera

Aresoko armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Iruñea
EskualdeaLeitzaldea
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Areso
AlkateaUr Algero Txibite
(Areso Eraikiz)
Posta kodea31876
INE kodea31031
Herritarraaresoar
Geografia
Koordenatuak43°04′00″N 1°57′00″W
Azalera12 km²
Garaiera498 metro
Distantzia48 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria267 (2023:  −3)
alt_left 137 (%51,3)(2019) (%53,2) 142 alt_right
Dentsitatea21,48 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 22,88
Ugalkortasuna[1] 18,87
Ekonomia
Jarduera[1]% 0 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 5 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1][2]% 91,90 (2018:  %-0,19999999999999)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.areso.info

Nafarroako hiriburu Iruñetik 48 kilometrora dago, 19 km-ra Tolosatik eta 37 km-ra Donostiatik. 266 biztanle zituen 2014. urteko erroldaren arabera. Herriguneaz gain, Antzita, Belaku, Epeteta, Olarte eta Otarre auzuneak ditu.

Udalerri euskalduna izanda, UEMAko kidea da 2008tik.

Geografia

Ingurune naturala eta klima

Herria haran estu batean dago 500 metro baino apur bat gutxiagoko altueran, eta inguruan 800 metrotik gorako mendiak daude. Erliebea nahiko menditsua da: Hirumugarrieta (852 m), Ulizar (868 m) eta Ultxarraundi (862 m) mendiak nabari dira. Horrekin batera, Leitzaranen ibaiadar Astomela errekak herria zeharkatzen du

Herrigunearen kanpoaldean, Otxanea baserrian eta itsasoaren mailatik 524 metrora, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak 1988an jarritako estazio meteorologikoa dago.[4]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.


Udalerri mugakideak

Aresok mugakideok ditu: iparraldean eta mendebaldean, Berastegi (Gipuzkoa); hegoaldean, Araitz eta Larraun; eta ekialdean, Leitza.

Historia

Herriari buruz idatzitako lehenendabiziko aipamenak 1192koak dira, Antso VI. Jakintsua nafar erregeak Leitza eta Areso herrien foru dokumentuak. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan egonik, dorretxea zegoen gaur egun eliza dagoen tokian, zaintza lanetan laguntzeko zirikaldi eta lapurreten aurka. Izan ere, Arturo Kanpion idazlearen Don Garcia Almorabid: Crónica del siglo XIII eleberri historikoan, Aresoko dorretxea da Don Pedro Martiniz de Oyanederra jaun noblearen bizitokia, Azeari Sumakilla bidelapur bihurtutakoa.

1444an Gaztelako koroaren aurkako gerran Nafarroako Erresuma galtzaile, gipuzkoar soldaduek Areso eta Leitza bereganatu zituzten. Hori dela eta, Vianako Printzeak 30 urtez zergak erretiratu zizkien herritarrei. Bertso hauek orduko gertakariak jasotzen dituzte:

«
“Tolosar pizkorrak arin ta garboso,
Nafartarren lurrean sarturik eroso;
Artu zituztelako Leiza eta Areso,
Fama andia zeban Gipuzkoa jaso.”
 »

1770an Leitzatik banatu, herri izaera jaso eta gaur egungo armarria sortu zuen (zuhaitzik gabeko lehoia). Bi hamarkada geroago, 1794an herria erabat suntsitu zuen Frantziako Armada napoleondarrek, Konbentzioaren Gerraren baitan. Herriko eliza eta gainaldeko Santa Kruz baseliza ere hondatu zituzten, eta herritar artean kolera kasuak jasan zituzten. Elezaharraren arabera, Gorrititik San Migel goiaingerua etorri, elurra ekarri eta izurritea ezabatu zuen. Elizako dokumentu batek horrela kontatzen du:

«
“Frantsez ijara luzeak,
bean gisa jarri gaituzte goseak,
hamalau laguneko famili batean
ane bat ta erdi, ardo hilabetean.
Artoa eskas, kalabazak jaki.
Gu nola bizi garen.
Gure Jainkoak badaki”.
 »

XIX. mendearen erdialdean, 600 biztanle inguru zituen, Bigarren Karlistaldia baino lehen eta horren ondoren 100-150 herritar galdu zituen. XX. mendearen amaieran, Leitzarango autobia eraikitzeaz batera, herrian industrialdea ezarri zuten. Tradizioz, abeltzaintza (ardiak, nagusiki), nekazaritza (artoa eta babarrunak) eta basogintza (pagoak) jarduera nagusiak izan dira.

Demografia

Aresoko biztanleria

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko etorkin bakarra bizi zen herrian, biztanleriaren % 0,35 (Nafarroako Foru Erkidegoko batez bestekoaren azpitik). 2017an 261 biztanle zituen.

Politika

Udal hauteskundeak

Aresoko alkatea "Areso Eraikiz" herri ekimeneko Mikel Baraibar Garmendia atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko zazpi zinegotzietatik bost lortu zituen taldeak, eta hortaz, gehiengo osoa udalean. Baliogabeko botoak 4 izan ziren (emandako guztien % 1,79) eta boto zuri bakarra izan zen (botoen % 0,46). Abstentzioa % 13,57koa izan zen.

Aresoko Udala (2007)
AlderdiaBotoakZinegotziak
Areso Eraikiz1575
CDN612

2011n Areso Eraikiz izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra; 147 boto, 7 zinegotziak eta alkatetza (Ur Algero) lortu zituen[5].

Udaletxea

Udaletxea.
  • Helbidea: Plaza Nagusia, z/g.

Alkateak

2007-2011Mikel Baraibar GarmendiaAreso Eraikiz
2011-2023Ur Algero TxibiteAreso Eraikiz

Azpiegitura eta garraioak

Leizaran Mariezcurrena autobus konpainiaren Doneztebe eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Autobus lineak honako ibilbidea egiten du:

Kultura

Euskara

Biztanleen % 90etik gora euskaldunak dira; euskalkiari dagokionez, Koldo Zuazo hizkuntzalariak herriko hizkera erdialdeko euskara edo gipuzkeraren aldaeratzat hartzen du.

Bertako hedabideen artean Karrape Irratia dugu, bailarako herri horretan ere bere uhinak zabaltzen dituena.

Jaiak eta ospakizunak

Aresoko jaiak abuztuaren 14tik abuztuaren 17ra ospatzen dira, Jasokundeko Ama Birjinaren omenez. Eguberriak ere garrantzia handia du herrian: Olentzero jartzen da herriko plazan. Urtarrilean errege eguneko zintzarriaren ospakizuna izaten da.

Urteko gainontzeko ospakizunen artean, Inauteriak eta San Pedro eguna daude, azken hori ekainaren 29a antolaturik.

Sokatira

Aresoko sokatira taldea oso ezaguna da, Euskal Herriko onenetakoa baita.

Iruditegia

Zerbitzuak

Herria "Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko zerbitzuen kudeaketarako Mankomunitateko" kidea da.

Ondasun nabariak

Andre Mariaren Jasokundearen eliza XIX. mendearen hasieran eraiki zen, herria suntsitu zuen sutetik hamar urtera. Gurutze latindarraren oinarria du eta pentagono itxurako aurrealdea. XVIII. mendeko sutearen aurreko elizatik ezer gutxi kontserbatzen da, Alexandriako Santa Katalina eta San Miguelen irudiak eta kanpoaldeko egituraren zati batzuk baino ez.

Ibilbidea

Aresoko ibilbide zirkularra.

Aresoar ezagunak

Ikus, gainera

  • Nafarroa Garaiko udalerrien zerrenda

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.