Arboti

Arboti Arboti-Zohota udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek, Zohota gabe, 1842 arte aparteko udalerria osatu zuen.

Arboti
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaArboti-Zohota
Administrazioa
Posta kodea
Herritarraarbotiar
Geografia
Koordenatuak43°22′17″N 1°00′00″W
Demografia

Herritarrei "arbotiar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 38 km daude.

Izenaz

Bada tontor eta oihan bat Arboti edo "Arbuti" izena daramana; Izarbe mendiaren mendebaldean dago, Zuberoa eta Bearnoren artean.

Bere auzo-herria den Zohaztirekin etimologia-zerikusia izan dezakeela adierazi dute arlo hori landu dutenek[1] (Jean-Baptiste Orpustan, Patxi Salaberri...); atzizki bera (-ti) errepikatu eta bikotea osatuko lukete, oinarrian batak "zuhaitz" eta besteak latinari edo gaskoierari maileguz arb(or)e hartuta.

Geografia

Kokapena

Amiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Biduze-haraindi izenekoan kokatuta dago; izenak adierazten duen gisan Biduze ibaiaren ekialdean dagoen zonaldeari deitzen zitzaion horrela. Herriaren mugak hauexek dira: iparraldean Nafarroa Behere eta Bearnoko lurrak hartzen dituen Lauhira (frantsesez Lauhire) baso handia dago; mendebaldean Gamue, hurbilen daukan herria; hego-mendebaldean Zohazti eta hego-ekialdean Zohota udalerrikidea; hiru herri hauek amikuztarrak dira. Ekialdean Donejakue Bidearen adar bat Arboti eta Zohotaren artean pasatzen da; bide horrek mugarri oso inportante bat bisitatzen du, Pausassacekoa hain zuzen; hor garai bateko Nafarroako erresuma (Arboti), Zuberoa (Ozaraine) eta Bearno (Autile, okzitanieraz Autivièla) biltzen ziren.

Orografia

Altuera apaleko lurrak dira baina etengabeko gorabeherak daude. Herriaren iparraldean (162 m Ilharrerekiko mugan) nahiz ekialdean (Urkamendi 176 m) muino ugari dago. Herria bera 100etik pasatzen da.

Mendixken artean Biduzeren ibaiadarrak diren erreka batzuk pasatzen dira, aipagarriena Xuhukoa (okzitanieraz Lauhirassa).

Demografia

Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 390 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1841ekoan 317. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Arboti-Zohota.

Errepideak

D 134 departamendu mailako errepidea Lauhiran abiatu, herritik pasa eta Zohotarekin lotzen du, hortik Donapaleutik Salbaterrara doan D 933rekin lotura egiteko.

Desagertutako Donapaleu-Salbaterra trenbidea ere bertatik pasatzen zen eta herri honetan bere izena ematen zaion lubaki ikusgarria sortzen du.

Historia

Frantziako Iraultzaren garaian herriko apaiza zen Irigoien-Joanthok bertatik alde egin zuen, apaizgoaren zin egite zibila egiteari uko egin ostean.

Udalerri-aldaketak

1842 arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Zohotarekin fusionatu zen; harrezkero Arboti-Zohotako udalburua da.

Eraikin historikoak

  • San Joan Bataiatzailearen elizak fatxada erromanikoa du baina hori da jatorriko elizatik geratzen zaion bakarra: 1860an ia erabat berregin zuten eta beste batzuen artean Xavier Montaut margolari olorondarra eta Gustave-Pierre Dagrant beiragile bordelesak esku hartu zuten.
  • Hilarri diskoidalak ia desagertu dira Arbotiko hilerritik.

Kultura eta euskara

  • Herriko festak San Joanekin ospatzen dira, ekainaren 24an.
  • Sona handiko folklore-talde bat, Burgaintzi, herri honetan sortu zen; Zohota eta Zuberoaren arteko muga markatzen duen tontor batek izen hori darama. Amikuzeko inguruko herri batzuetakoek ere parte hartzen dute.

Ekonomia

Nekazaritza, abeltzaintza eta erlezaintza izan dira herritar gehienen lanbideak.

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

Geografia
Nafarroa Beherea
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.