Arantzurde
Arantzurdea Hystricomorpha subordenako zenbait ugaztun karraskarien izen arrunta da. Izena azalean dituzten arantza luzeetatik dator eta ez dauka inolako ezaugarri taxonomikorik, barnean lotura ez duten Erethizontidae familiako (Amerikako arantzurdeak) eta Hystricidae familiako (Europa, Afrika eta Asiakoak) kideak baititu[1].
Izenak kontrakoa dioen arren, ez dute inolako loturarik urdeekin (Artiodactyla ordenakoak). Trikuekin eta ekidnakin ere ez dira nahastu behar, hauek ez baitira karraskariak.
Taxonomia
Hystricomorpha subordenako 58 espezieren izen komuna da arantzurdea. Bi familiatan banatzen dira arantzurde espezieok; Erethizontidae eta Hystricidae. Hona hemen konparaziorako arantzurde batzuen irudiak:
- Hystrix cristata (Europa, Afrika, Ekialde Hurbila).
- Hystrix africaeaustralis (Afrika hegoaldea).
- Atherurus macrourus (Asia hego-ekialdea).
- Coendou prehensilis (Amazonas).
Deskribapena
Arantzurde espezie gehienak nahiko animalia handiak dira baina espezietik espeziera asko aldatzen da tamaina. 60-90 cm arteko luzera izaten dute eta 20-25 cm-ko isatsa. Espezierik txikiena Hego Amerikako Coendou quichua da, kilogramo bateko pisura iristen ez dena, handiena berriz Hystrix cristata da, Afrikan, Europa hegoaldean bizi dena, 27 kilogramotako pisua har dezakeena. Orokorrean esanda Europa eta Afrikako espezieak handiagoak dira eta arantzak multzokatuta dituzte. Hego eta Erdi Amerikako espezieak aldiz txikiagoak dira oihanean bizitzera moldaturik baitaude, eta zuhaitzetara igotzen oso trebeak dira[1]. Arantzak banan bana ateratzen zaizkie[2] eta animalia bakoitzak 30.000 arantza baino gehiago izan ditzake[1]. Jaioberritan arantzak bigunak dira, ia ilearen antzekoak, baina egun gutxiren buruan gogortzen hasten dira eta helduek arantza gogor zorrotzak izaten dituzte.
Arantzurdeak animalia borobiltsuak dira, arantza luzeak dituzte atzerantz orientaturik eta aposematismo estrategiak erabiltzen dituzte babesteko. Espeziearen arabera kolore desberdina dute, baina orokorrean marroixkak, grisak eta zuriak izaten dira.
Ekologia
Arantzurdeak luze bizi dira, karraskarien artean bizi iraupen luzeena badute behintzat. Errekorra Cooper izeneko arantzurde batek ezarri zuen, 32 urte hartu baitzituen[3].
Elikadura
Ipar Amerikako arantzurdea belarjalea da. Zuhaitzetara igo eta hostoak eta adaxkak jaten ditu, zoruan belarra eta landare loredunak ere jaten ditu, hirusta esate baterako. Zuhaitz enborren azalak janez igarotzen du negua[1].
Afrikar arantzurdea beti lurrean dago bazkatzen, belarra, azala, sustraiak, fruituak eta zerealak. Animalia gautarra da[4].
Babesa
Arantzurdeak ikusmena, usaimena eta soinua erabiltzen ditu harrapariak uxatzeko. Arantzurdea bezala, haren harrapariak ere gautarrak dira eta haren kolore gris-zuriek ongi kamuflatzen dute inguruneko belardietan.
Mehatxatua sentitzen denean arantzak zabaltzen ditu eta hortzak kraskatzen ditu harrapariari hurbildu ez dadila adierazteko. Ondoren gorputza dar dar jartzen du arantzen mugimendu arriskutsua sorraraziz[5]. Aurreko guztiak harraparia uxatzen ez badu usian desatsegina jariatzen du isatsaren azpian duen larruazaleko guruin batetatik[6].
Azken urratsa arantzurdeak alborako edo atzerantz jotzen du harraparia erasotuz. Arantzek eragindako zauriak arriskutsuak dira eta hlgarriak ere izan daitezke. Espezie bakoitzak arantzen diseinu desberdina du, baina izaeraz antzekoak dira, keratinazko plaka sendoak azaleko giharretan txertatzen direnak. Galtzen diren arantzak ordezkatzeko arantza berriak sortzen ditu arantzurdeak[7].
Habitata
Klima epeleko eta tropikaleko eremuetan aurkitzen dira. Basoetan eta oihanetan bizi dira batzuk, beste batzuk basamortuetan eta Mundu Zaharreko arantzurde gehienak ingurune harkaiztsuetan[1], 3.700 metrotako altueran ere bai.
Gizakiarekiko harremana
Arantzurdea munduko hainbat tokitan ehizatzen da haragitarako eta apainketarako.
Mendebaldean ez dago arantzurdea kontsumitzeko ohiturarik baina Asia aldeko hainbat herritan elikagaitarako harrapatzen da, Vietnam aldean bereziki. Inguruko arantzurdeen populazioa nabarmen jeitsi da azken urteetan[8]. Kenyan izurria izatera iritsi dira eta jateko ehizatzen hasi dira[9].
Ameriketako jatorrizko herrialdeek apainketarako erabiltzen zituzten arantzurdearen arantzak. Buruko apainketa egiteko nagusiki baina baita ere larruzko objetuak edertzeko, labana zorroak eta larruzko poltsak esate baterako. Lakota emakumezkoek quilwork izeneko apaingarriak eraikitzeko erabiltzen zituzten arantzak.
Libertarianismo iparramerikarrarentzako animalia sinbolikoa da, babesa adierazten baitu eta biolentzia gabeko printzipioak esleitzen baitizkiote[10].
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Porcupines | National Geographic» Animals 2010-09-10 (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- (Ingelesez) Save the Animals, Save the World! - WAF. 2022-11-15 (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- (Ingelesez) Correspondent, Caroline Enos Globe; March 19, Updated; 2020; Comments, 4:34 p m Share on Facebook Share on TwitterView. «Cooper the porcupine, believed to be world’s oldest rodent, celebrates 32nd birthday at the Museum of Science - The Boston Globe» BostonGlobe.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- «North American Mammal - Porcupine | Natural History Museum of Los Angeles» web.archive.org 2014-06-07 (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- Roze, Uldis. (2009). The North American porcupine. (2nd ed. argitaraldia) Comstock Pub. Associates/Cornell University Press ISBN 978-0-8014-4646-7. PMC 297406421. (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- (Ingelesez) Li, Guang; Roze, Uldis; Locke, David C.. (1997-12-01). «Warning Odor of the North American Porcupine(Erethizon dorsatum)» Journal of Chemical Ecology 23 (12): 2737–2754. doi: . ISSN 1573-1561. (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- David Attenborough. (2014). Attenborough's Natural Curiosities 2. Vol. Armoured Animals. UKTV..
- (Ingelesez) Brooks, Emma G. E.; Roberton, Scott I.; Bell, Diana J.. (2010-11-01). «The conservation impact of commercial wildlife farming of porcupines in Vietnam» Biological Conservation 143 (11): 2808–2814. doi: . ISSN 0006-3207. (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- (Ingelesez) Porcupines raise thorny questions in Kenya. 2005-08-19 (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
- «The Libertarian Party Symbol» www.symbols.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).